GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Pertsonengandik agintariengana

Bi urterik behin, Korrika egiteko unea iristen zaigu, AEKren eskutik. Euskararen aldeko ekimenik hedatu eta arrakastatsuena da hamar-hamaika egunez gure lurralde osoa zeharkatzen duen lasterketa koloretsua. Kolore guztietako azaldun eskuek heltzen diote harro lekuko bakar horri, adin guztietako lagunek egiten dituzte kilometroak irribarrea aurpegian, hunkidura barnean, era guztietako talde, elkarte, kuadrilla eta erakundek ordaintzen dituzte 350 bat euro gure lurralde honetako bide-tarte txiki batean eurak ere euskararen alde daudela erakusteko. Jendetsua, parte-hartzaile eta bateratzailea da gure Korrika, baina, batik bat, aldarrikatzailea da, halabeharrez.

Euskara hizkuntza gutxitua, gutxiarazia, delako. Gaztelera eta frantsesari dagokienez, ez dagoelako baldintza berdintasunean, izenez hizkuntza ofiziala bada ere, praktikan euskaldun oso lez bizi ahal izateko aukerak ez daudelako bermatuta. Lurralde guztian, euskararen normalizazioa erronka eta xede dugu oraindik, eta, horregatik, hain zuzen, jarraitzen dugu Korrika egiten.

AEK-k ezingo luke halako ekimen erraldoirik burutu berau osatzen duten kideekin bakarrik. AEK-k, Korrikak esan nahi duen horren guztiaren inguruan, horren guztiaren alde, euskal jendartearen babes zabala lantzen eta lortzen jakin du, areago, jendarte hori buru-belarri inplika dadin eta kementsu defenda dezan lortu du, batzordez batzorde, herriz herri, txoko bakoitzean Korrika arrakastaz igaro eta zabaltzen duen mezua ondo baino hobeto finka dadin. Izan ere, Korrikaren arrakastaren gakoa jendea da: euskaldunak, badirenak eta izateko bidean daudenak, euskaltzaleak, finean. Norbanakoon desira eta konpromiso horrek ematen dio funtsezko bultzada Korrikari, eta arnasa eta izatea euskarari.

Maiz esan izan dut euskararen egoera emakumeona bezalakoa dela, gutxiarazia. Egunerokoan, emakumeok ere ez gaudelako, gizonekiko, aukera berdintasunean; administrazioetatik ez zaiolako behar den moduko bultzada ematen berdintasunari, eta, alderantziz, egiten diren politikekin aurrera egin baino atzera egiten ari garelako, izan ere, krisia dela-eta, aitzakien aitzakia horrekin, hartzen ari diren erabaki asko zuzenean edo zeharka ari direlako gure egoera are gehiago mugatzen, berdintasuna alor guztietan beste behin beranduagorako uzten.

Emakumeon borrokak, euskararenak bezala, bizirik dirau, nahitaez. Euskarak bezala, emakume eta gizonen arteko berdintasunak ere badu jendartearen babesa, badu agenda politikotik desager ez dadin lan egiten duen mugimendurik, eta borroka horretan ere pertsonok gara arrakastaren gakoa, sexu bereizketarik gabe, pertsonok.

Nahiago genuke Martxoaren 8a, Korrika bezala, inposaturiko egungo bigarren mailako izaera iragan hutsa izanik, lorpenaren ospakizuna baino ez balitz. Horixe da falta dena: nahi hori, amets hori, geure agintariena ere izatea, eta ametsa egia bihurtzeko bidea egitea, hitz polit eta hutsalez harago, adierazpen instituzional politikoki egokiak ekintza zehatz eta irmo bihurtuz. Behingoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo