GARA > Idatzia > Kultura

Izturitzen ehun urte bete duen «abentura zientifikoa» ospatuz

1913an hasi ziren Nafarroa Behereko Otsozelaiko eta Izturitzeko harpeetan indusketak. Egun urte betetzen dira aurten, beraz, ikerketa arkeologikoak abiatu zituztenetik. Urteurrenaren harira, gune horretan izan den «abentura zientifikoa» goraipatuko da, urtean zehar izango diren ekitaldien bidez. Kobazulo hauek Euskal Herrian ikusgai ditugun ederrenetarikoak dira.
p057_f01.jpg

Ainize BUTRON | IZTURITZE

Otsozelaiko eta Izturitzeko harpeetako Arte eta Zientzien Espazio Kulturalak egitarau zabala antolatu du, martxoaren 23tik azaroaren 8ra arte, leizeotan indusketa lanak hasi ziren urteurrenaren harira, bertan eginiko aurkikuntzak ezagutarazteko.

Hain zuzen, 1912an harpe horietan lehen mailu kolpeak eman zituen historiaurrean aditua zen Emmanuel Passemard ikerlariak. Zundaketa horien ondotik, 1913an hasi zituen lehenengo indusketa arkeologikoak.

Geroztik ikerlari ugarik aztertu dituzte Otsozelaiko eta Izturitzeko leizeak, eta duela mende bat abiaturiko «abentura zientifiko» hori goraipatuko du aurten Arte eta Zientzien Espazio Kulturalak. Orotara, ehun ikerkuntza talde baino gehiago ibili dira indusketak egiten harpe horietan. Eta hamabost metro karratuan bilduriko eremua baino ikertu ez duten arren, zientzialariak bat datoz Otsozelaiko eta Izturitzeko harpeak historiaurreko ikerkuntzan gune garrantzitsuenen artean kokatzeko. Ikertua izan den eremua hain txikia dela kontuan harturik, «oraindik aurkikuntza asko egiteko» dagoela nabarmentzen dute.

Ikerlariek urteetan egin duten lan hori ezagutarazteko, beraz, hitzaldi, erakusketa, film, musika emanaldi eta bestelako jarduerez osatutako egitarau zabalean, historiaurreari loturiko gaiak landuko dituzte ekitaldiz ekitaldi, azaroa bitartean.

Antolatzaileek argitu dutenaren arabera, lau ardatz nagusi ditu egitarauak: batetik, Historiaurrearen -jakintzaren- historia. «Izturitzeko ehun urteko indusketak XX. mendean garatu diren zientzien erakusleiho dira: arkeologiarena eta historiaurrearena, hain zuzen», azaldu dute.

Ondotik, atalez atal, Izturitzeko bildumako objektuak; historiaurreko gizakia eta bere ingurumena; eta azkenik, jakitatearen transmisioa.

Martxoaren 23an, egitarauari hasiera emango dio «Aurignacaldia Pirinioetan» hitzaldiak, Hazparneko Elgar zentroan.

Izan ere, leizeen barnean eta inguruan ez ezik, Baionako Euskal Museoan, Hazparnen edota Donamartirin ere kokatuko dira antolatutako jarduera zientifiko zein artistikoak, hitzaldi nahiz ikusgarriak.

Apiriletik goiti, esate baterako, Leizeen Bidean ikerkuntzen etapa eta irudi nagusiak ezagutzeko aukera emango dute antolatzaileek, erakusketa berezi baten bidez. Erakusketa horren karietara, Guanes Etchegaray artista gomitatua izan da, eta Leizeen Bidean arituko da lanean sorkuntza bat egiteko, bi nozio ardatz hartuta: sedimentuak eta gainjartzea. Ekaina eta iraila bitartean izango da hori.

Iraila bukaerarako, berriz, tiro txapelketak antolatu dituzte, historiaurreko arku eta propultsagailuekin. Hitzaldien bidez ere aztertuko dituzte Paleolito garaiko ehiza moldeak, arloko adituen eskutik. Eta gai horrez gain, gorputza apaintzeko artelanen berri ere emango dute, baita Izturitzen bertan eginiko aurkikuntzen azalpenak eman ere.

Argazki erakusketa

Patxi Lazkaraik joan den udan egindako argazkiak ikusgai izango dira maiatzean Baionako Euskal Museoan, «Goizari beha» izeneko erakusketaren bidez.

Fitxa

Lekua: Izturitzeko leizeak, Baionako Euskal Museoa, Donamartiri eta Hazparne.

Egunak: Martxoaren 23tik azaroaren 8ra arte.

Antolatzailea: Izturitzeko leizeetako Arte eta Zientzien Espazio Kulturala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo