Analisia | australiako sari nagusia
Ustekabeko erraztasuna
Melbourneko Albert Park zirkuituan hasi zen atzo 2013 denboraldia, eta egunkari honetako analistari ez zaio arraroa iruditzen Kimi Raikkonenen garaipena, pilotu finlandiarra munduko txapelduna baita, eta oso azkarra, bere Lotusaren gainean.
Xabi ALZELAI Probetako ingeniaria
Kimi Raikkonenen garaipena ez da harritzekoa, Munduko Txapelketa bat darama bizkarrean eta izugarri azkarra da. Jada pasa den urtean Abu Dhabin erakutsi zuen Lotusarekin lasterketak irabazteko gai dela, orduan ere Alonso eta Vettelen mailako bi txapeldun atzean utziz.
Australiako podiuma munduko hiru txapeldunek (sei txapelketa, denen artean) zapaldu dute. Horrek ere ez nau gehiegi harritzen; lankideekin egindako apustuan hiru pilotu hauek aukeratu nituen podiumerako, segida honetan: Vettel, Alonso, Kimi. Azkenean beste ordena batean amaitu dute, baina ez da hori gehien harritzen nauena.
Raikkonenen garaipenaren erraztasuna izan da nire ustez asteburu honetako ustekabe handiena. Bi geldialdirekin nahikoa izan dute Lotusen. Hori gutxi balitz bezala, lasterketaren amaieran Kimik bira azkarrena eskuratu du, pneumatikoak oraindik ondo bizirik zituela erakutsiz. Lasterketaren amaierako elkarrizketetan entzun ahal izan denaren arabera, badirudi bigarren geldialdiaren ondoren Raikkonenek dosifikatzeko aukera izan duela. Hau da, ez duela eskura zuen errendimendu guztia erabili. Kimik berak onartu duenez, ostiraletik pentsatuta omen zuten bi geldialdiko estrategia aukeratzea. Aukera erabakigarri hori aldez aurretik planifikatuta edukitzeko oso ziur egon behar da taldea gurpilen egoerari buruz. Lasterketa lehen bi itzulietan irabazi du, zazpigarren postutik irten eta hiru auto aurreratuz.
Finlandiarra ez da kamera, elkarrizketa eta babesle-ekintzen lagun handiena. Ezta emozioak erakustearena ere. Hitz gutxiko pertsona; profil apal hori mantentzeak desabantailak izan ditzake marketin departamentuarentzat, baina abantaila bat da denboraldi aurreko prestakuntzan zehar. Kimik ez du bere elkarrizketetan autoaren abiadurari buruzko inongo pistarik oparitu. Bartzelonako testetan talde batzuek ez zuten txanda luze gehiegi burutzeko aukerarik izan, Lotusek besteak beste. Adierazle bakar bezala, Grosjeanek txanda azkar eta kontsistente bakar bat burutu zuen Bartzelonan, erritmo ikaragarri batean.
Dena den, txanda bakar batetik ondorioak ateratzea ez da normalean gomendagarria izaten. Ondorioz, Australiara arte itxarotea baino beste aukerarik ez zitzaigun gelditzen argazkia bere osotasunean interpretatzeko. Inork ez zuen espero erraztasun nabarmen hori. Beharbada Lotusen ere ez. Emaitza honetan hiru faktore hauek pisu berezia izan dutela esango nuke: pistaren tenperaturak, autoaren konfigurazioak eta pneumatikoak zaintzeko pilotuaren trebetasunak. Egia da Kimi gurpilekin oso fina izan daitekeela abiadura izpirik galdu gabe, baita Lotusak mekanikoki gurpilak oso ondo tratatzen dituela ere. Baina eragin handiena izan duen faktorea tenperatura izan da agian.
Pistaren tenperaturan gradu gutxiko aldaketa batek argazki osoa alda dezake bat-batean. Lasterketan, pistaren tenperatura ez da 18-20°C-tik igo. 1 Formulako gurpilek behar dituzten tenperaturak kontuan izanda, 20°C-ko pista bat hotza dela esan daiteke. Hori da taldeek datorren urterako denboraldi aurreko testak Bartzelonatik Bahrainera aldatzeko eskatu izanaren arrazoietako bat. Aurten arazo handiak izan dituzte pilotuek pneumatikoak tenperaturan jartzeko. Horrez gain, Bartzelonan neguan lortutako emaitzei beti korrekzio faktore bat aplikatu behar zaie, tenperaturak gurpilen errendimenduan duen eragina kontuan hartzeko. Tenperaturaren eragina berezitasun bakoitzean desberdina da, eta ez beti lineala. Gainera, tenperaturak gurpiletan duen efektua urtetik urtera desberdina da, Pirellik konposizioa apur bat aldatzen baitu.
Beraz, Bartzelonako otsaileko tenperaturak ez dira adierazgarriak denboraldian zehar taldeek zapalduko dituzten pistetako batez bestekoarekin alderatuz. Malaysiara begira -datorren Sari Nagusia-, pistako tenperatura 40° C-an izango dela espero da. Baldintza horietan RedBull aurretik ikustea izango litzateke normalena. Horrela ez bada eta Lotusek Australian erakutsi duen abantaila Malaysiako baldintzetan errepikatzea lortzen badu, orduan argi eta garbi esan genezake Lotusek aurtengo neguan lan bikaina burutu duela eta txapelketa borrokatzeko autoa dutela.
Edozein kasutan, Kimi Raikkonen beti izango da txapelketako goiko postuetan ikusiko dugun gidari bat.
Alonso izan da Melbournen gainontzekoen artean lasterketa aipagarriena burutu duena, bigarren geldialdian lortutako abantaila erabiliz Sutil, Vettel eta Massa atzean uzteko. Lasterketaren hasieran denbora apur bat galdu du Massaren atzean; Ferraria ez da gai izan lasterketa bi geldialditan osatzeko.
Aipagarria Ferrariaren abiadura lasterketaren azken atalean. Erritmo oso bizkorra erakutsi du hirugarren geldialdia egin eta gero, eta ondoren badirudi gurpilek bizitasuna galdu dutela. Dena den, Ferrarirentzat oso asteburu positiboa izan da. Andrea Stellak Alonsori irrati bidez esan bezala, «Ci siamo» (Hor gaude). Zalantza barik, Ferrarik lan aparta burutu du aurreko denboraldiekin alderatuz; oinarri garrantzitsua txapelketaren borrokarako. Massaren emaitzak beti dira adierazgarri fidagarri bat Ferrariren egoera frogatzeko. Brasildarrak podiuma zapalduko zukeen bere hirugarren geldialdia bira bat lehenago burutu izan balu.
Vettel eta RedBullek garaitezinak ziruditen Q3-ren ondoren. Lasterketaren hasieran bazirudien alemaniarrak erraztasunez ihes egingo zuela 2 segundoko abantaila berehala lortu ondoren. Baina Ferrariko bikoteak hasiera paregabea burutu du, Hamilton eta Webber aurreratuz. RedBullek ECU berriarekin arazoak izan ditu, ondorioz Webberrek KERS gabe gidatu behar izan du lehen 20 itzulietan. Horrez gain, Webberrek irteera nahiko traketsa burutu du, ohiturari jarraituz. Badirudi RedBullak lasterketako erritmoan galdu duela Ferrari, Lotus eta Mercedesarekin alderatuz, kalifikazioko erritmoan azkarrenak izaten jarraitzen badute ere.
Mercedesekin egin duen lehen lasterketan, Hamilton ere bi geldialdiko estrategia osatzen saiatu da, baina amaieran hirugarren aldiz gelditu behar izan du, posizio gehiago galtzea ekiditeko. Mercedesak ez du oraindik Lotus eta Ferrariaren lasterketako erritmoa erakutsi, baina denboraldia luzea da eta pasa den denboraldiarekin alderatuz, aurrerapausoa nabarmena da. Batez ere bere talde ohiarekin alderatuz. McLarenek bederatzigarren eta hamaikagarren postuetan amaitu dute, arazo dexenterekin asteburu osoan zehar.
Kalifikazioan ez dute erritmoa bilatu, ezta lasterketan ere. Badirudi downforce-a falta zaiela, baita egonkortasuna ere. Ez dira egun batetik bestera konpondu daitezkeen arazoak. Horrez gain, talde operazio aldetik akatsak burutu dituzte kalifikazioan eta lasterketan, beraz hobetzeko potentziala oso handia da. McLarenen egoeran aurkituko banintz, aukeran pasa den denboraldiko autoa museotik atera eta harekin jarraituko nuke, denboraldi amaierako bigarren auto azkarrena zela kontuan hartuta.
Asteburuko pilotu aipagarrienetako bat Adrian Sutil izan da. Hamabigarren postutik irtenda, pneumatiko ertainak jarri dituen lehen pilotua izan da, hasierako atalean erritmo ona mantendu ahal izan du eta lasterketa buruan izan da bi unetan. Lasterketa buruko erritmoa mantendu ahal izan du, baina azkenean zazpigarren postuarekin konformatu behar izan du, gurpil konposizioaren derrigorrezko aldaketa dela eta.
Bere taldekide Paul Di Restaren emaitzak Force Indiaren asteburua borobiltzen dute.