GARA > Idatzia > Kultura

«Ez da erraza zure esperientzia kontatzea baina sentimendu hori transmititu nahia nuen»

p054_f02_148x228.jpg

Oihane Perea

Arabako Bertsolari  Txapelketa

1977an Gasteizen jaioa, Bikuñan bizi da Oihane Perea. Bertso irakasle eta Arabako Bertsozale Elkarteko eragile lanetan dabil. 2007an eta 2009an Arabako Txapela eskuratu zuen eta larunbatean jantzi zuen hirugarrenez. Kuadrilla arteko txapelketan Lautadako taldearekin aritu izan da. Manex Agirrerekin batera, udazkenean hasiko den Txapelketa Nagusian parte hartuko du.

Ane ARRUTI | GASTEIZ

Ospakizunak «espero baino gehiago» luzatu zitzaizkion larunbatean, ahotsa salatari, baina gustura zegoen atzo arratsaldean Oihane Perea, bezperan Arabako txapela eskuratuta, «oraindik hodeian bezala eta lurrera bueltatzen».

Hirugarren txapela duzu hau. Nola erori da?

Egia esan, apur bat sorpresaz. Oholtza gainera igo aurretik ez nuen espero horretarako eguna izango zenik, baina gero, denbora aurrera joan ahala, aukera hori burutik ere pasa zitzaidan. Erraz nenbilen bertsotan, gustura, gozatuz... eta neure burua ere harritu egin dut.

Gustura eta seguru ari zinela zirudien, kanpotik behintzat.

Urduritasuna beti edukitzen duzu puntutxu bat, baina aske sentitzen nintzen, gustura, jendea ere oso entregatuta zegoen eta gozatuz. Horrela bertsotan egin daiteke.

Malkoren batek ere egin zizun ihes...

Amaiera aldera bai. Momentu hunkigarria izaten da, tentsio guztiak leher egiten du bukaeran. Jendearen kariñoa, bertsokideen zorionak... jakinda, aldi berean, gazi-geza dela momentua, zuk eraman duzu txapela, beste batzuk agian hurbil egon dira; eta zuk irabazteak haiei ihes egitea esan nahi du. Gainera, Abel Enbeita izatea txapela jartzen dizuna, niretzako aita bat bezalakoa den pertsona, arabar guztiontzat aitzindaria eta bertso-eskolak abian jarri zituena, oraindik ere oholtzara igotzeko eta txapela jartzeko prest.

Zure ibilbidean harreman estua izan duzu Abelekin, ezta?

Beti egon da ni animatzen. Maisuen maisua izan da, eta hor dago beti ondoan, beti pozik.

Duela lau urte BECen bezala, emakume bakarra zinen finalean, eta txapela zuretzat.

Egia da. Baina ez dakit horrela sentitu nintzen, pertsona sentitu nintzen lagun artean. Baina zer arraio, baditugu urte batzuk, esperientzia bat, emakume heldua naiz... Niretzako, emakume bezala eta pertsona bezala, oso ondo, eta pentsatzen dut gainerako emakumeentzat ere motibazio iturri izan naitekeela.

Azken agurrean ere, Arabako bertsolaritzaren talde edo kuadrilla izaera azpimarratu zenuen.

Agian kosta zaigu onartzea horrelakoak garela eta gauza ederra da. Nik uste gure ezaugarri positibo bat dela talde giro hori. Publikoan ere sumatzen da, ez dela publiko distante, hotz, zorrotz bat, baizik eta mugimenduaren oso parte sentitzen den jendea, eta gure arteko mugak ere oso lausoak dira. Bertsolari, gai-jartzaile, epaile, bertsozale, mahai-jartzaile... Horixe da txapelketak eman digun biribiltasuna.

Zeintzuk ziren bonbo eta guzti zebiltzan haiek?

Nire taldea zen, Lautadakoa. Orain dela lau urte, azken txapela eskuratu nuenean ez ziren existitzen, ez zen gorputza zeukan bertso-eskola bat. Baina kuadrilla arteko bi txapelketatan nire taldea izan dira eta egia esan, eman egingo nion zerbait taldeari, baina jaso emandakoaren bikoitza gutxienez bai azken urteetan. Babesa, erroak botatzeko aukera... Paregabeak dira.

Seguru zenbiltzan, baina buruz burukoan ikusten zenuen zeure burua? Gainerakoak nola ikusi zenituen?

Oso irekia ikusi nuen buruz burukora pasatzeko aukera. Ikusten nuen aukera Otamendi bat egoteko edo Viñaspre bat egoteko. Laurotatik edozeinek eskura zezakeen. Ez daukat puntuazioa baina pentsatzen dut nahiko alde txikiarekin pasako ginela. Behin pasatu eta gero, eutsi nion pixka bat eta gozatzen jarraitu nuen.

Kartzelakoa kantatu zenuenean, aste honetan Auzitegi Nazionalera joan behar izan duten bi bertsolariak etorri zitzaizkizun gogora, baina zuk ere joan behar izan zenuen Madrilera 2011n.

Oso gogoan izan dut azken aste honetan. Jagoba eta Ikerren pausoak aldez aurretik eginak ditut eta, gaia entzun nuenean, beraietaz gogoratu nintzen, baina neure burua ikusi nuen hor autobusean, autobusetik jaisten, epailearen aurrean... Uste dut oso sinesgarria izan zela. Batzuetan ez da erraza zure esperientzia bat kontatzea baina esan gabe nituen gauza batzuk dira eta sentimendu hori transmititu nahia ere banuen, ostegunean joan zirenengatik ere, eta hor gelditu zen esana. Uste nuen azkena izango nintzela. Gu absolbitu egin gintuzten eta esperantza horrekin egin nuen buelta. Pixka bat etsigarria ere bada beste batzuk egoera horretan ikustea.

Arabako bertsolaritzari zein bilakaera ikusten diozu?

Uste dut kuantitatiboki pila bat handitu dela. Ekosistema pobrea edo hutsuneduna geneukan orain dela bost bat urte. Bertsolari kopurua ere, hemezortzi bertsolari lortzeko justu-justu txapelketa duin bat egiteko. Kuadrilla arteko txapelketak bertsolari gehiago animatu eta atera ditu plazara. Gaur egun aurrekanporaketak ere egin behar izaten dira 30 bertsolari aukeratzeko eta hortik aurrera txapelketa josteko. Uste dut zentzu horretan oso pozik egoteko moduan gaudela, gai-jartzaile propioak, epaile propioak... Aurrera goazela esango nuke, oso taldean. Bertsolaritza agian beste herrialde batzuetan ez da hain taldean aurrera egiten duen mugimendua. Gehiago dira nabarmentzen diren pertsonak... Gure kasuan ez da horrela izan.

Atentzioa eman zidan Printzipaleko besaulkietan haur eta gaztetxo dezente ikusteak.

Egia da gure publikoa oso gaztea dela eta kasu batzuetan haurrak. Agian, gure egoera sozio-linguistikoa ere hori da. Azkenean, euskaldunak 35-40 urtetik behera daude, eskolan euskaldunduak behintzat. Eta euskaldun zaharrak hortik gorakoak oso gutxi, eta gehienak euskara ikasitakoak euskaltegian. Horrelako asko zeuden Printzipalen. Horiek daukaten meritua eta daukaten egoskorkeria, izugarrizko mailakoa da. Hori ere nabaritzen da, ez dakit nola esan, kalitatean edo gauzak ulertzeko, jasotzeko eta eskertzeko moduan. Uste dut oso publiko berezia dela, oso konprometitua euskararekin.

Txapelketaz kanpo bada plazarik?

Uste dut asko handitu dela. Urtean 120-150 plaza badaude eta bertsolariak ere gehiago. Bakoitzak badauka bere aukera bertsolari sentitzeko eta aritzeko. Jaietan, ikastetxeetan, plazetan... Gero eta ohitura gehiago ere badago bertsolariak ekartzeko zerbait antolatu nahi denean eta uste dut herrialdeko mugimendu kulturalak asko kontatzen duela gaur egun bertako bertsolariekin. Orain dela urte batzuk pentsaezina ere bazen.

Eta Arabatik kanpora ateratzeko aukerarik?

Nik egin dut eta oso esperientzia polita izan da. Plaza eta jende ezberdinak ezagutzeko aukera eta begirada zabaltzeko aukera ematen dizu. Uste dut badagoela aukera ateratzeko eta aprobetxatzen asmatu behar dela ere.

«Arantzatxoa kentzeko aprobetxatu beharko»

Txapelketa Nagusira bi joango zarete, zu eta Manex Agirre. Gainerako herrialdeekin alderatuta, kopuru txikiena du Arabak. Nola ikusten duzu hori? Irizpideak errebisatzeko beharrik ikusten al duzu?

Uste dut hori baino sakonagoa izan daitekeela eztabaida. Kopurua oso erlatiboa da eta hainbat irizpide subjektibo egongo dira. Ez naiz horretan sartuko. Uste dut gauza bakoitza bere garaian etorriko dela. Gehiago da ea guk hor zein funtzio eta ze arrasto ustea daukagun. Ikusiko dugu.

Ez dakit denborarik izan duzun zeure burua Txapelketa Nagusian kokatzeko. Nola aurreikusten duzu?

Ez dut izan denborarik, baina aldez aurretik izan ditut bi esperientzia eta ez naiz gelditu aseta. Hirugarren aukera hau arantzatxo hori kentzeko aprobetxatu beharko dut. Zaila da, oso etxean sentitzen zara Arabako finalean eta horrek lasaitasun bat ematen dizu, baina Txapelketa Nagusian beste publiko bat da, ez zaituena ezagutzen, beste parametro batzuk dituena bertsoak entzuteko orduan ere eta hor kokatu behar dugu geure burua, hor lortu natural, goxo eta zaren bezala agertzea. A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo