GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | 18. KORRIKA

Euskaraz bizitzeko grinak erraz menperatu ditu Pirinioetako maldak

Pirinio elurtuetan barna Hegoaldera ailegatu da Korrika. Goizean Tafallan izanen da eta Nafarroako azken kilometroak eginen ditu bihar Araban sartu aitzinetik.

p018_f04.jpg

Maider IANTZI

Saratik Bortzirietara eta handik Malerrekara egin zuen euskararen aldeko maratoiak larunbat goizaldean. Gaupasaz sartu zen eta iluntasunak duen misterio horretan makina bat pertsonaia bitxi agertu ziren herrietan. Elizondon adibidez, kondoiz jantzitako gizona, Korrikarekin lotuta abestien bertsio bereziak sortzen zituen laguna, lasterketaren peto hori fosforitodun munstroa... Baztango herri honetan, errugbi taldekoen kantu zaharren afaria, despedida bat eta jubilatuen besta bat elkartu ziren eta giro ederra egon zen. Handik ordu gutxira, goizeko bederatzietan, nagiak atera eta herritarrak kalean ziren berriro martxari harrera egiteko.

Iñigo Iturralde zen bezperan afaria izan eta luzatu zenetako bat. Hiru kilometro osatzeko asmoa zuela erran zigun: lehena, haur kotxearekin, ikastolen alde; bigarrena Iruritako Udalekoa eta azkena lanean dabilen institutukoa. Eskualde hau gero eta euskaldunagoa dela azaldu zigun. «Lehen, kuadrillan norbaitek ez bazekien, erdaraz aritzen ginen, baina orain ez, ez dakien horrek ulertu egiten duelako». Anitz ikusten diren murrizketen kontrako pegatinekin zihoazen Iñigo eta bere senide eta lagunak.

Halere, arreta gehien bereganatzen zutenak Kalaka maskota urdina eta inguruko umeak ziren. Kalakarengana hurbildu eta galderak erantzun zizkigun mozorroaren bi zulotxoen gibeletik. Elizondon bi ikastetxe daudela jakinarazi zigun, ikastola eta San Francisco Javier eskola publikoa. Azken honetakoak ziren eurak. «Ur tanta bat da» azaldu zigun haur batek ondotik, maskota deskribatuz.

«Ikastetxean dena euskaraz egiten dugu, baina anitzek etxean erdara menperatzen dute eta hala aritzen dira kalean. 35-45 urteko gurasoen garaian, ikastolan ez baina publikoan dena erdara zen, eta horren eragina nabari da oraindik. Jende helduak etxetik euskara ezagutzen du, baina gero ez du erabiltzen». Hori aldatzea nahi dutela eta euskara mantentzeko halako ekimenak behar direla nabarmendu zuen. Imanol, Unai, Martin eta Unai haurrak gogotsu zeuden ondoan. Beroketa egina zuten Korrika txikiarekin eta kilometro bat osatu behar zuten. «Nik gehiago segitu nahi dut, baina amak ez dit uzten», aitortu zuen batek.

«Heldu da!» abisatu zuten megafoniako musika dantzagarria aditzearekin batera, eta argazkiak ateratzeari, berriketari edo egiten ari zirenari utzi eta hankei eragiteari ekin zioten denek. Kalaka ur tantak hartu zuen lehen lekukoa eta furgoneta gainetik, herriko kale ederretan barna, ez zen ikusten jende multzoaren amaiera.

Euririk ez, baina lur bustia zapalduz zeharkatu zituzten Gartzain, Irurita, Aniz, Amaiur eta Erratzu. Azken honetan, Jon Barberenak eraman zuen lekukoa eta Mikel Goñi eta Hedoi Etxarte ere ibili ziren lasterka inguru honetan. Berruetako herriak eta Arizkungo gazteek Artesiaga mendateko malda gainditu zuten haize zakar eta hotzetan, baita presoen alde korrika egin zutenek eta haur eta aita-ama andanak ere. «Nork disfrutatzen du gehien, umeek ala gurasoek?» galdetzen zuten txaloka, dantzan eta animo oihuekin malda gogor hauetan berotasuna ematen zuten furgoneteroek. «Nik uste gurasoek».

Bide bazterretan elurra zen eta euria hasi zuen. Imanol mutikoari begiak estaltzen zizkion txanoak eta halere lasterka jarraitzen zuen. «Sahara libre!» aldarrikatzen zuten banderek, lekuko eramaile batek Sortzen-Ikasbatuaz-en leihoaren maskota zeraman, bi umek marrazki bat erakusten zuten eta txaranga musikaren erritmora, batean «behera-behera-behera» egiten zuten euskalakariek, gero saltoka hasteko. Aipagarria da Pirinio alde honetan zenbat irrintzi aditu ziren. Hauetako batekin ospatu zuten aldapa bukatu zela, kosta egin baitzen errepide labain eta estu horietan aitzinatzea (hamar bat minutuko atzerapenarekin ibili ziren). Iruñerriko lagunek egin zituzten kilometro gehienak, Jarana eta Alegria peñek kasu.

Eugin, laku zabalaren parean, jendetza batu zen eta Urtasun pasata, tunel azpitik igarotzean, oihuak ugaritu eta indartu egin ziren oihartzunarekin jolasean. «Horrela babestuko dugu euskara» zioen mikroa zeraman neska gazteak, bi neska txikik lekukoa maitasunez, laztanduz nola heltzen zuten begira.

Zubirin ere lagun ugari zegoen esperoan, eta Agorretan, lasterketa pasa baino denbora dexente lehenago gainera. Zilbetin, herria bizirik nahi dutela aldarrikatu zuten, eta ez basoa kentzea harrobia egiteko.

Arratsaldeko laurak aldera, Garralda elurtuan, bertan dagoen zonaldeko ikastetxeko kideak zeuden esperoan, tartean Blanca irakaslea. Azaldu zuenez, txikitatik DBH4 arteko hezkuntza ematen dute eta Aezkoa, Erro, Luzaide, Auritz... inguruko herrietatik etortzen dira. Txikiak dira hauek eta ehun bat ikasle dituzte eskolan denera. «Bi maila ditugu gela batean eta mantentzen gara. Orain 35 urte sortu zen eskola eta euskaraz duela 20 urte hasiko ginen klaseak ematen. Inguru honetan, euskararen egoera nahiko latza da. Lehen jende pilak zekien, baina garai batean galdu egin zen eta orain berreskuratze prozesuan gaude. Kalean ez da asko entzuten, ematen du eskolako hizkuntza dela, eta lantzen ari gara, baita AEKn ere, ea ateratzen dugun kaleetara. Kontent, ilusioz beterik gaude Korrikan parte hartzeko».

Blancarengandik hurbil, hotzari aurre eginez zeuden Irene eta Gonzalo euskara ikasleak ere, aurtengo omenduak. Umil-umil eta galderak egoki erantzunen ote zituzten beldurrez abisatzen zuten ez direla ongi mintzatzen, baina ederki moldatzen dira. Emakumea Aurizberrikoa da eta gizona Bartzelonakoa eta Garraldan bizi dira. «Duela lau urte hasi nintzen ikasten eta oso ongi, oso polita da euskara», zioen Gonzalok. «Gure hizkuntza da, baina txikitan ez nuen ikastolan jaso eta orain ikasi nahi dut, bai ala bai!», Irenek. Ekimen polit bat iruditzen zaie Korrika kultura zabaltzeko eta kilometro bat egin zuten umeekin.

Ziberkorrika acerca el maratón a quien no puede participar

Korrika no se desarrolla solo en la carretera. El movimiento es continuo también en las redes sociales. En esta edición hay muchas novedades, como la aplicación para los móviles que se puede descargar en Apple Store y Google Store, y que indica dónde y a qué distancia del móvil se encuentra la marcha. En Twitter y Facebook utilizan los nombres Euskalakari (el lema de Korrika 17) y AEK, y para las fotos, en Flickr, la clave es #korrika. Quienes quieran curiosear vídeos, fotos o comentarios y añadir los suyos, pueden hacerlo con la aplicación Instagram.
Ziberkorrika acerca a este maratón en favor del euskara a las personas que se encuentran fuera de Euskal Herria, en la diáspora, o no pueden participar en la marcha. En la web korrika.org se pueden comprar ciberkilómetros a un precio simbólico. Desde un euro, cada quien puede dar su voluntad, todo para compartir y dar el euskara uno al otro.M. I

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo