GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakakoa

Bigarrengoan faboritoek ez dute inolako hutsik egin

A multzoan, Sorhuetek eta Ducassou II.ak 40 eta 30 hartu zituzten mendean Etxeberri eta Etxeto. B multzoan, berriz, Agirrek eta Ozafrainek 40 eta 32 irabazi zieten Intxausperi eta Jannotsi.

p044_f02.jpg

Jon LEUNDA

Bigarren jardunaldian ez da ezusterik izan, eta oraingoan bi bikote faboritoek lortu zuten garaipena. B multzoan, Agirrek eta Ozafrainek 40 eta 32 hartu zuten mendean Intxauspek eta Jannotsek osatutako bikotea. A multzoan, berriz, Sorhuetek eta Ozafrainek 40 eta 30 irabazi zioten Etxeberriri eta Etxetori, atzo Azkainen jokatutako partidan.

Agirre eta Ozafrain irabazteko faboritoak ziren, eta helburua bete egin zuten, baina asko kostata. Izan ere, galtzaileak aitzinetik aritu ziren 28-28 berdindu arte. Ordura arte Intxauspe eta Jannots nagusi izan ziren.

Galtzaileek lehen zati bikaina egin zuten, eta beti faboritoen gainetik aritu ziren, nahiz eta behin ere ez zuten alde handiegirik lortu. Tarterik handiena hamar kintzetakoa izan zen, 4-14, baina orduan hasi ziren Agirre eta Ozafrain partidan sartzen, eta aldeak murrizten, neurketa amaitzeko hamabi tanto falta zirela berdintzeko. Gero, ez zuten barkatu. Neurketak 85 minutu iraun zituen, eta markagailua honela joan zen: 2-8, 4-14, 14-20, 16-23, 18-26, 22-28, 28-28, 30-29, 37-29 eta 40-32.

Bigarren partidan Sorhuetek eta Ducassou II.ak lortu zuten lehen puntua 84 minutuan pilotan aritu eta Etxeberri eta Etxeto mendean hartu ostean. Askoren ustez Sorhuet eta Ducassou II.a dira txapela lortzeko faboritoak Waltarirekin eta Harizmendirekin batera, azken hauek ez bezala, ordea, irabaziz ekin diote txapelketari.

Hala ere, lehen zatian berdindua izan zen norgehiagoka, eta 24-24 berdinduta ere egon ziren. Ordura arte zazpi berdinketa egon ziren, baina hortik aurrera dena aldatzen hasi zen.

Faboritoek 8-1eko partziala lortu zuten 32-25ekoa markagailuan jarriz, eta hor geratu zen dena erabakita. Etxeberrik eta Etxetok oso tarte txikia zuten aurka zutenari buelta emateko, eta horrela izan zen. Sorhuetek aurrean min handia egiten jarraitzen du, eta atzo ere oso lan txukuna egin zuen. Atzo bezalako partidetan ikusten da pilotariak nolakoak diren, urduritasunak ere zerikusi handia izaten du, eta Ducassou gaztearen adina kontuan hartuta, jendeari kezka apur bat sortu zion, baina beterano bat bezala jokatu zuen, itxura bikaina emanez. Markagailua honela joan zen: 1-1, 2-5, 4-6, 6-6, 15-15, 16-16, 18-18, 19-19, 21-21, 24-24, 32-25, 33-27, 36-28, 39-29 eta 40-30.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo