GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Goma gaineko Txapelketa

Ibarrako mutilek eta neskek nagusitasun osoa erakutsiz bereganatu dituzte txapelak 560 kilokoan eta 500ekoan

J.L.

Ibarrako mutilek eta neskek nagusitasun osoarekin irabazi dituzte Euskal Herriko txapelak, 560 eta 500 kilokoetan. Herenegun Abadiñon jokatu ziren saioetan ez zuten hutsik egin.

Mutilak 560 kilokoan neurtu ziren, eta Ibarrako taldea jaun eta jabe izan zen. Jardunaldi batera izan zen saioa, aurreko pisuetan ez bezala. Zazpi talde neurtu ziren, eta gipuzkoarrek jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, txapela lortuz.

Bigarren sailkatu zen Abadiño. Bizkaitarrek Ibarrarekin galdu egin zuten, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, eta podiumeko bigarren lekua hartu zuten.

Hirugarren postuan Ñapurrak sailkatu zen. Badirudi Ezpeletakoentzat gordeta dagoela leku hori, gainerako pisuetan ere horrela izan baita. Lehen bi sailkatuekin galdu egin zituzten tiraldiak, baina gainerako talde guztiei irabazi egin zieten.

Laugarren posturako borroka estuagoa izan zen. Sokarrik eta Iparraldek berdinduta amaitu zuten eguna. Lehen hiru sailkatuekin galdu egin zuten, baina azkeneko hirurei irabazi egin zieten, eta beraien artean berdindu egin zuten. Kitarakoan, ordea, Sokarrik irabazi zuen, eta laugarren amaitu zuen. Seigarren postua Basaburua-Imotzentzat izan zen Baionari eta 6 Conceyosi irabazita. Seigarren geratu zen Baiona 6 Conceyos taldeari irabazita, eta asturiarrak geratu ziren azken, jokatutako tiraldi guztiak galduta, orain arte egin duten bezalaxe.

Nesketan, ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Ibarra abantailarekin heldu zen azkeneko saiora, eta ez zuen barkatu, tiraldi guztiak irabazi eta txapela segurtatuz.

Bigarren postuan geratu zen Badaiotz. Txapela lortzeko azkeneko jardunaldia irabazi egin beharra zeukan, baina ez zuen hori lortu, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Azkena, berriz, Bizindar sailkatu zen, orain arteko saioetan bezalaxe, tiraldi guztiak galdu ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo