Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria
Whatsapp ordaindu?
Batzuk Whatsapp ordaintzen hasi dira dagoeneko, beste batzuk ez. Horren gaineko galdera normala da, Whatsapp aplikazioak 1.300 milioi erabiltzaile dituela eta horren bidez egunean 10.000 milioi mezu baino gehiago bidaltzen direla kontuan izanda. Esnaolak erantzun batzuk eskaintzen ditu bere artikuluan; esate baterako, Whatsapp-ek, «enpresa ikuspuntutik, ekintzaile askoren ametsa» denak, erabiltzailearengan behar handia sortu izanak eragin duela bere finantziaziorako hainbeste inbertitzaile izatea, «bestela, ez litzateke, batzuentzat, doan izango».
Bolo-bolo dabilen galdera da. Batzuek erantzuna topatu dute jada, ordaintzearekin batera. Beste batzuek ez dute ordaintzeko agindurik jaso. Are gehiago, aplikazioaren ezarpenetan beste urtebeterako erabilpen-lizentzia dutela ikus dezakete. Baina ordaindu beharretik harago, gauzak modu desordenatuan egiten ari diren sentsazioa da gehien partekatzen dena. Batzuei bai eta besteei ez. Batzuei orain eta besteei gero. Zein da estrategia? Eta negozio-eredua?
Normala da galdera bolo-bolo ibiltzea: Whatsapp aplikazioak 1.300 milioi erabiltzaile baititu munduan zehar barreiatuta eta egunean 10.000 milioi mezu baino gehiago bidaltzen baitira Whatsapp-en bitartez. Ez dakienarentzat: Whatsapp mugikorretik (smarphonetik, zehatzago) mezuak doan bidaltzeko programatxo bat da. Eta doakotasun horregatik, hain zuzen, SMSen lekua bere egin du: 2008tik 2011ra, SMS kopurua %34 jaitsi da Estatu espainiarrean (telekomunikazio operadoreak haserretu, eta Whatsappen alternatiba sortzen saiatzeraino, inork horren berri izan ez arren). Ukaezina da: denbora oso laburrean gazte zein helduen komunikatzeko modua aldatu du Whatsapp aplikazioak. SMSak baino mezu askoz gehiago bidaltzen dira. Taldeak egin daitezke. Mezuak, bideoak, argazkiak, edozer sekulako abiaduran zabaltzen da: doakoa delako eta mugikorrean eta, hortaz, gure poltsiko/poltsan daramagulako. Berehalako mezularitza da, inoiz baino berehalakoagoa.
Whatsapp enpresa 2009an sortu zuten Jam Koum eta Brian Acton-ek, Yahoo! enpresako esperientzia handiko bi langile ohik. SMSaren alternatiba gisa sortu zuten eta hasieratik plataforma edo sistema-eragile guztietan funtzionatzeko garatu zuten. Eta azkar lortu zuen bere jatorrizko helburua. Are gehiago, enpresa ikuspuntutik, ekintzaile askoren ametsa litzateke Whatsapp: inbertsio txikia eskatu zuen hasieran; orain inbertsio desorbitaturik gabe mantendu eta eguneratu egiten da; gainera, erabiltzailearengan behar handi bat sortu du, komunikatzeko modu intentsuago bat, eta horrek ez du ez atzera ez behera egingo; eta erabiltzailearengan sortu duen behar horrengatik ditu hainbeste inbertitzaile bere finantziaziorako. Bestela ez litzateke, batzuentzat, doan izango.
Whatsapp enpresak bi diru-iturri izan ditu orain gutxira arte. Batetik, iPhone erabiltzaileei Whatsapp deskargatzeagatik eskatzen zaizkien 0,89 zentimoak. Behin deskargatuta, ez dute erabilpen-lizentziarik ordaindu behar. Gainontzeko sistema-eragileetarako doakoa izan da Whatsapp aplikazioaren deskarga. Oinarri horietan soilik uler daiteke Android sistema-eragilearen Google Play dendan aplikaziorik deskargatuena izatea, Apple-ko Store dendan 100 milioi deskargatik gora izan baditu ere. Baina, kontrara, Apple Store-ko diru-sarrera gehien lortzen dituzten lehen 25 aplikazioen barruan dago Whatsapp, baina Android eta beste dendetan, orain gutxira arte, doakoa izan da eta, beraz, ez du diru-iturririk izan. Ez behintzat zuzenekorik.
Aplikaziorik deskargatuena izateak, ordea, zeharkako diru-iturriak dakartza: inbertsio fondoak. Horiek izan dira, orain gutxira arte, Whatsapp zutik mantendu dutenak. Inbertsio fondoak beste enpresa batzuk dira, zeintzuek euren bezeroen diruarekin beste enpresa batzuetan inbertitzen duten, noski, azken hauen hazkunde aukerak oso positiboak direnean. Hortaz, enpresa ezberdinek Whatsapp enpresan dirua jarri dute. Eta gero, Whatsapp enpresa saltzen bada edo irabaziak sortzen baditu, inbertitzaileek jarri duten diruaren kantitate proportzionala eramango dute. Win-win edo irabazi-irabazi harremana da: zenbat eta inbertitzaile gehiago izan, orduan eta diru gehiago irabazten du Whatsappek, eta zenbat eta diru gehiago irabazi Whatsappek edo zenbat eta garestiago saldu, orduan eta diru gehiago irabazten dute inbertitzaileek. Eta zalantzarik gabe, Whatsapp inbertsio fondoentzat oso erakargarria izan da, batez ere erabiltzaileengan (bezeroengan) sortu duen behar eta menpekotasunagatik.
Ildo horretan, duela gutxi, ia Facebookek erosi zuen Whatsapp. Baina azkenean, ez. Eta diotenez, salmenta frustratu horren ondotik, Android sistemako erabiltzaileei ordainaraztea inbertitzaileek emandako agindua da. Edozein kasutan, hasiera hartan, Android sistemara Whatsapp deskargatzean, deskarga bera doakoa izateaz gain, lehen urteko erabilpen-lizentzia ere doakoa izango zela esaten zuen Whatsappek, argi eta garbi. Eta behin urte hori igarota, erabilpen-lizentzia ordaindu egin beharko zela. Tarte horretan, erabilpen-lizentziak ordena handirik gabe hedatu eta luzatu egin dira. Estrategia hutsa zen: erabiltzaile gehiago lortzea. Baina inbertitzaileen presioei erantzunez, Android sistemako erabiltzaileek ordaindu egin beharko dute orain, lehenago edo beranduago. Beharbada, falta izan den bakarra, pedagogia lan bat izan da. Beharbada, Whatsapp enpresak ez du ahalegin nahikoa egin Android erabiltzaileek gauzak argi izan ditzaten.
Baina izan daiteke ere, Whatsapp enpresak ahalik eta gehien luzatu nahi izan dituela doako erabilpen-lizentzia horiek, nahiz eta diru-iturri ez izan. Zergatik? Whatsappen alternatiba edo lehiakide izan nahi duten aplikazio asko daudelako jada. Eta, beraz, une delikatua izan daitekeelako erabiltzaileari ordainarazteko. Oso posible baita, ordaindu behar izate hutsagatik, erabiltzaile asko lehiakide baten aplikazioa erabiltzen hastea (izan Line, Spotbros edo besteren bat). Are, Line erasokor dator, telebistan publizitatea sartzeraino.
Horrexegatik, hain zuzen, Whatsapp oso mantso egiten ari den zerbait da erabilpen-lizentziak ordainaraztearena. Ziur aski, erabaki horren eragina neurtu nahi duelako. Eta erabiltzaileek Whatsapp erabiltzeari uzten badiote, estrategia garaiz aldatzeko marjina izan nahi duelako. Beste aukera bat ere bai baitzegoen: elkarrizketatan publizitatea sartzea. Oraingoz, ordea, publizitatea txertatzearena aparte utzi eta erabilpen-lizentzia ordainaraztea da erabaki dutena.
Iruditzen zait, halere, gerta daitekeen arruntena smartphonetako berehalako mezularitza aplikazioen merkatu kuota banatzea dela. Alegia, Whatsapp erabiltzaile batzuk, ordaindu behar izateagatik, doako deskarga eta erabilpen-lizentzia duten beste gisako aplikazio batzuk erabiltzen hastea. Eta horrek kontu honen guztiaren eztabaida nagusira garamatza: beste aplikazio horien eta Whatsappen arteko diferentzia nagusia, euren negozio-ereduan dagoelako.
Whatsappen jatorrizko negozio-eredua suizidio ekonomiko bat izan daiteke. Askorentzat, epe laburreko arrakasta soilik bermatzen duen negozio-eredua izan da. Bere lehiakide gehienek aplikazioa doan deskargatzeko aukera ematen dute eta ez da erabiltzeagatik ordaindu behar, baina zerbitzuaren baitan, doako edukiak eta ordaindu behar direnak dituzte (irudi berezi batzuk sartzea, adibidez, ordaindu egin behar da).
Argi dagoena da Whatsappen inbertitzaileek «kitto!» esan dutela eta Whatsapp enpresak zerbait egin behar duela bideragarria izan dadin. Eta, era berean, Whatsapp enpresak ikasgai edo lezio bat izan behar luke mugikorretako aplikazioetako ekintzaileentzat. Garatzen diren aplikazioetatik %95k ez du arrakastarik izaten. Baina arrakasta izanagatik, hasieratik negozio-eredua ondo hausnartzea ezinbestekoa dela erakusten du Whatsapp kasuak, gerora, bestela, negozio-eredu oker horren preso bilaka baitzaitezke.