GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hamargarren urteurrenean, are ageriago Iraken okupazioa norainoko basakeria izan zen

Atzo Bagdaden izan ziren erasoak ez dira Iraken gertatutako bakarrak izan. Ezta indar okupatzaileek herrialde hartatik alde egin ondoren ere. Egun bakar batean hainbat atentaturen ondorioz dozenaka, berrehundik gora hildako eta zauritu gertatzea ere ez da ezustea. Iraken ohikoak dira horrelako erasoak, baina bertako bizilagunak ezin dira ohitu sarraski horietara; munduak, haatik, horiei ia normaltasunez begiratzen ikasi du, halakoak gertatzea saihesten ikasi beharrean. Gaur inbasioaren hamargarren urteurrena bete da, okupatzaileek aldarrikatu zituzten helburuetatik bat ere bete gabe. Izan ere, aldarrikatutako helburu nagusia suntsipen handiko armak deuseztatzea zen, eta aitzakia hori jarri zutenek berek horrelako armarik ez zegoela aitortu zuten. Beste helburu bat herrialdea demokratizatzea omen zuten, eta alde egin zutenean demokraziaren antzik ere ez zuen egoera utzi zuten atzean. Irak ez zen paradisua, baina orduan, orain bezala, baziren munduan demokratizatzeko beste hamaika herrialde, «demokratizatzaileak» barne. Eta hamar urte hauek, bistan da, ez dute Irak demokratizatzeko balio izan, baina bai okupazioa zer-nolako basakeria izan zen gero eta argiago ikusteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo