Ariane Kamio Kazetaria
Iturri azpiko esku ahurrak
Ke artean bizitzearen sentsazioa areagotu egin da azken denboran. Iturria apur bat ireki, ura tantaka erortzeko moduan, eta esku ahurra zabalduta, bolumen zehatza behar du likidoak ihes egin ez dezan, esku ahurrean alde egin ezinik geratzeko. Tanta batzuk besterik ez.
Eskuak gehiegi busti zaizkigu klik batean, istant batean. Berdeak ziren gureak mila pezetako billeteak erabiltzen genituenean, eta marroi antzekoak 50 eurokoarekin gabiltzanez geroztik. 500eko billeteen kolorerik ez dut oraino ezagutu, tamalez.
Lan egin, etxe bat erosi, oporretara joan, haurrak ekarri, noizean behin afari bat, garagardoak larunbat iluntzeetan... Bizitza normala, edo normal samarra litzateke. Normaltasun horretatik, bada, gehiegi ez ote garen urrundu, edo ez ote gaituzten urrunarazi pentsatzen hasia naiz azken denboran.
Txorrota erabat ireki dugu iturrian eta ura irten eta irten egon da. Esku ahur bakarra ez, biak jarri izan ditugu azpian, ahalik eta gehien hartze aldera, ahalik eta ur gehien esku artean izate aldera. Indarrez datorren urak, ordea, bere bidea jarraituko du eta nekez eutsiko diogu geure eskuetan. Hatz artetik ihes egingo du. Tantak dira, baina ez bakarra.
Ziprek eman dit atentzioa. Mediterraneoko irla ñimiño bat baino ez ei da. Egia izango da, ez naiz sekula bertan izan, baina lurrikara Europa osora zabaldu da, edo zabal daitekeelakoan nago. Jendarteari itxitako banketxeek eta kutxazainetan sortutako ilara amaigabeek zer pentsatu eman dute. Beldurra gorputzean, gerta daitekeenagatik. Lehorrekoak ez bagara ere, Ongizate Estatutik edan dugun hori guztia akabatzen ari den beldur. Zabaldu genuen iturri hura idortzen ari denarekin izu.
Uholdeetan, urak gainezka egiten duenean, superbibentzia instintua pizten da arratoiengan. Erreka zuloak atzean utzi eta kalera igotzen dira, heriotzatik salbu. Urak aurrean duena eraman egiten du, ostera, eta hura ez da sekula bueltatzen. Azken batean, kea besterik ez da. Guk arnasten duguna bezalakoa. [@arianekamio]