Mikel Aramendi Kazetaria
Albo kalteak
Eta bidezidor horretatik iritsi gara iragan asteburuan eman den pausora: banku horiek salbatzeko, jendearen aurrezkiak zuzenean ebastera. Zartako sozial eta ekonomiko hori Ziprera mugatuta geratzen den jakitea falta zaigu orain
Bai aproposa gaurko eguna, albo kalteez gogoeta, hutsala bada ere, egiteko. Iraken aurkako eraso aliatuaren hamargarren urteurrena ere izango baitugu gaur, oker ez banago. Onura handiagoen bilaketan, nahi gabe eta ustekabean jazotzen diren galera horiei deitzen zaie albo kalteak, esaten denez. Eta, esan gabe doa horien proportzioa areagotu ahala, «alboko» izateari utzi egiten diotela; zer esanik ez, balizko onurak baino handiagoak egiten direnean kalteak. Irak aipatu dudanez, ez dakit nola egin beharko dituzten kontuak Azoreetako ganorabakoek «albo» kalteak baino mamitsuagoak izan daitezen han erdietsitako «onurak»...
Baina ez nentorren Iraki buruz aritzeko asmotan, espazioan eta denboran hurbilxeago dugun Zipreri buruz baizik.
2009ko urtarrila zen, Bushen azken egunetan beraz, Itsaso Gorrian Somaliako piraten zaintzan omen zebilen gerraontzi estatubatuar batek «Monchegorsk» merkataritza ontzia -sobietar eta errusiar banderapean luzaro aritu ondoren, une hartan Zipreko banderarekin ziharduena- atzeman zuenean.
Irandik omen zetorren eta Gazara edo Siriara armak zeramatzalakoan, Zipreko Limasoleko portura joanarazi zuten. Iran, Errusia, AEB, Zipre, Israel eta Palestinar Agintearen arteko tirabira diplomatiko luzeen ondoren, ontzia miatu eta lehergaiak zeramatzala egiaztatuta, «Monchegorsk»-en zihoazen edukiontziak Zipreko Zygin dagoen Evangelos Florakis Itsasontzi Basean geratu ziren... «jasota».
Hogeita bederatzi hilabete beranduago, 2011ko uztailaren 11n, basean inolako taxurik gabe metatuta zeuden 98 edukiontziek eztanda egin zuten. Itxura denez, udako beroaren ondorioz; behintzat, inork ez du bestelako hipotesirik aipatu. Zartakoa sekulakoa izan zen: 13 pertsona hil eta beste 62 zauritu zituen ingurumarietan; ia erabat desagerrarazi egin zuen Florakis Basea, eta suntsituta utzi zuen haren alboan zetzan Vasilikos indar estazioa, Zipreko handiena, berriena, garestiena... Eztanda nuklearrez kanpo, gizateriak eragindako lauzpabost leherketa handienetako bat izan zela uste da.
Oraindik ere ikus liteke Google.maps-en hark utzi zuen 60 metroko sakongunea, eta ingurumarietako txikizioa.
Bizidunetan eta azpiegituretan egindako kalteez gain, ordea, izugarrizko ondorio ekonomikoak erakarri zituen Florakis Baseko danbatekoak. Haren kalteek herrialde osoaren BPGaren %10 inguru suposatzen zutela ebatzi zenetik aurrera, «merkatuek» ez zuten errukirik izan Zipreren zor publikoarekiko, rating agentzien txirula magikoari jarraiki. Ordura arte oharkabean bezala geratua zena, Zipreko bankuen egoera eztandagarria (herrialdearen ekonomiarekin proportziorik gabeko tamaina hartuta zeuden, Europar Batasuneko zein kanpoko dirutza ilunen garbitoki bihurtuta, Greziako zorretan harrapatuta, eta abar), gogorarazi eta hizpidera ekarri zuen. Eta bidezidor horretatik iritsi gara iragan asteburuan eman den pausora: banku horiek salbatzeko, jendeari aurrezkiak zuzenean ebastera. Zartako sozial eta ekonomiko hori Ziprera mugatuta geratzen den jakitea falta zaigu orain.
«Monchegorsk» ontziaren albo kalteak direla esan liteke.