Parisek baieztatu du ez dutela Lurralde Elkargorik sartuko Deszentralizazioren III. Aktan
Aurretik iragarria zuen, baina orain baieztatu berri du Lebranchu ministroak deszentralizazio prozesuaren hurrengo urratsean ere Euskal Herrirako lurralde elkargo berezirik ez dutela kontuan hartuko. Haserre dira hautetsi batzuk. Oraindik aukera badela dio PSko Capdeviellek.
GARA | BAIONA
Marilyse Lebranchu ministroak garbi adierazi du Deszentralizazioaren III. Aktan ez dela sartuko Ipar Euskal Herrirako Lurralde Elkargo berezia, Kazeta.info atariak zabaldu duenez.
Espero zitekeen zerbait da, aurretik ere posizio gogorra finkatua zuelako, baina hala ere zenbait hautetsik ez dute beren haserrea ezkutatu.
Jean-Jacques Lasserre senatariak, esaterako, «ez da berri ona Euskal Herriarendako», ziurtatu du. UMPko Max Brissonen aburuz, aldiz, «errealitatea zuzenean begiratu behar da, ez da estatutu bereziko erakunderik izanen», ondorioztatu du.
Batera plataformako kide den Martine Bisautak ere harridura gutxi agertu du: «Hastapenetik Lebranchuk zehaztu zuen ez zela zehaztapen berezirik izanen lege proiektuan. Ondoren Fran-çois Hollandek parlamentariek zuzenketak egiten ahalko zirela erran zuen».
Hori litzateke orain irekitzen den bide bakarra. Hori da, behintzat, Lurralde Elkargoaren alde azaldu zen Colette Capdevielle PSko diputatuaren itxaropena. Formula horren inguruan oraindik gogoeta irekita dagoela baloratu du.
Berak bultza lezakeela erantsi du: «Legearekin bateragarria den zuzenketa bat egiteko gogoetatzen ari naiz».
Marilyse Lebranchuk berak zehaztu du, adierazpen hauetan, lurralde elkargorik oraindik kontuan hartuko ez badute ere, euskal herritarren eskaeren aurrean «konponbide bat» antzemango dutela.
Haserreago ageri da Jean-Jacques Lasserre, bere ezinegona gorde ezinik. Izan ere, «Gobernua hastapenetik gurekin jostatzen ari da erakunde bereziarekin, eskualde hizkuntzendako gisara. Seinale minimo bat espero nuen ministroaren aldetik», ziurtatu du Lebranchuren hitzak entzun ondoren.
Lurralde Elkargoaren aldeko koordinakundeak aurrera segituko du, honi erreparatu gabe. Adibide gisa, hitzaldia antolatu dute Maulen, larunbatean.