GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako Txapelketa

Txanponaren beste aldean

Jokoan ezer izan gabe, Berasaluze VIII.ak eta Albisuk finalerdietatik at utzi zituzten iaz Irujo eta Barriola

p037_f02_546x456.jpg

Jon ORMAZABAL

Bada esaera bat, larunbatekoak bezalako partidetan, jokoan gehien duten bikoteak garaile irteten direla esaten duena. Kiroletako topiko guztiek bezala, honek ere baditu salbuespenak eta ez dago urrutira joan beharrik adibideren bat topatzeko. Iazko txapelketan gainera, lau protagonistetatik hiruk errepikatzen dute -Berasaluze VIII.ak, Albisuk eta Abel Barriolak-, nahiz eta oraingoan behar larrian daudenak Asegarcekoak izan eta Aspekoek ez duten euren enpresarako lana egitea beste motibaziorik.

Txapelketaren aurkezpenetik txapela janzteko faborito garbiak izan eta lehiaketaren lehen erdian bikain aritu arren, Martinez de Irujo eta Abel Barriola aurten Berasaluze eta Albisu heldu diren oso antzeko egoera batean heldu ziren lehen faseko azken jardunaldira; dagoeneko finalerdietarako sailkatuta zeuden -horixe da desberdintasun bakarra- Asegarceko bikotearen aurkako partida irabazita barruan egongo ziren, bestela, Xala-Laskurainek Bengoetxea-Apraizen aurka galtzea behar zuten aurrera egiteko.

Aurten ez bezala, bi partida erabakigarriak egun desberdinetan jokatu ziren eta, lehenean, larunbatarekin Labriten jokatutakoan, Martinez de Irujok eta Abel Barriolak 22-12 galdu zuten Pablo Berasaluze eta Jon Ander Albisuren aurka, euren buruak amildegiaren ertzean kokatuz.

24 ordu beranduago, txapelketak Eibarreraino bidaiatu zuen eta bertan, Xala-Laskurainek ez zioten egindako opariari muzin egin eta, kostata izan bazen ere, 22-20 irabazi zieten inolako aukerarik ez zuten aurkariei. Gainera, sailkatzeko izandako estutasunak ahaztu eta finalerainoko bidea egin zuten lapurtarrak eta gipuzkoarrak. Final horretan gainera, une honetan iazko bere egoera berean dauden Titin III.a-Merino II.aren aurka jokatu zuten.

Albisuren debut garratza

2011. urteko txapelketan ere ez zen emoziorik falta izan lehen faseko azken jardunaldian, eta orduko hartan ere Xala-Barriola eta Jon Ander Albisu tartean izan ziren.

Sistema desberdina erabili zen orduan eta 11. jardunaldi horretan egin zuen lehen mailako txapelketa batean debuta atzelari ataundarrak, min hartuta zen Patxi Ruizen lekuan aritzeko hautatu baitzuen bere enpresak. Ez du ez, oroitzapen onik gordeko gipuzkoarrak partida hartaz. Oinatz Bengoetxeak eta berak nahikoa zituzten 10 tanto dagoeneko sailkatuta ziren Xala eta Barriolaren aurka, baina zortzi baino ez zituzten egin, finalerdietarako bidea Irujo-Merino II.ari libre utziz.

biak telebistaz

Atzo sinatutako akordioari esker, larunbateko bi partida erabakigarriak telebistaz zuzenean jarraitu ahal izango dira, Bilbokoa Nitron eta Labritekoa ETB-1en.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo