GARA > Idatzia > Mundua

Guatemalak abian jarri du Rios Montt jeneral kolpistaren kontrako auzia

Arrisku handietako kasuetako areto bereziak genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak egotzita auzipetu ditu Jose Efrain Rios Montt jenerala eta Jose Rodriguez Inteligentzia burua, 1982-83 urte artean 1.771 indigena ixil hiltzeagatik. Biktimak eta senideak, epaiketaren zain.

p020_f01.jpg

GARA | GUATEMALA HIRIA

Jose Efrain Rios Montt Guatemalako diktadore ohiaren kontrako epaiketa atzo hasi zen Erdialdeko Amerikako herrialdeko Justizia Auzitegi Gorenean. Izan ere, 1982. eta 1983. urteetan bera agintean izan zen 17 hilabeteetan genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egin izana egozten dio epaitegiak Rios Montt-i, ustez bere gobernupean ixil etniako 1.771 indigena hiltzeagatik.

Berarekin batera epaitua izango da Jose Mauricio Rodriguez Sanchez, diktadoreak zuzentzen zuen gobernuan militarren Inteligentziako burua izandako.

Claudia Paz y Paz fiskal nagusiak «historikotzat» jo zuen epaiketa, «biktimei justizia» eman beharra azpimarratuz. Guatemalan genozidio eta gizateriaren kontrako krimenengatik auzipetzen duten lehen estatuburua da Rios Montt.

Biktimak, esperoan

Genozidiotik bizirik irten zirenek eta biktimen senideek ikusminez jarraitzen dute diktadorearen kontrako auzia. Adierazi zutenez, hiru hamarkada daramate Quiche departamenduan dagoen Ixil Hirukia delako eskualdean burututako sarraskien arduradun intelektualak justiziaren aurrean erantzun dezaten auzitara eramaten saiatzen.

«Momentua garrantzitsua da denontzat, bai biktimentzat, bai justizian fedea izan zuten guztientzat», nabarmendu zuen Anita Menchuk, 1992an Bakearen Nobel saria irabazi zuen Rigoberta Menchuren ahizpak. «Genozidioaren delituengatik justizia eskatzea ez da mendekua. Kontrara, giza eskubideak betetzen ote diren frogatzeko aukera ematen dio Estatuari», gaineratu zuen Maya Alvarado, Coordinadora Genocidio Nunca Más taldeko kideak.

Epaiketa honetan Rios Montt eta Rodriguez baino epaituko ez badituzte ere, diktadura osoan zehar hildakoen senide eta gertukoek bere egin dute atzo hasi zen epaiketa. Memoriarako erakunde guztien erantzuna antzekoa izan zen: poza, ikusmira eta justizia nahia.

Nazioarteko zenbait erakundek ere euren iritzia plazaratu zuten. Amnesty Internacional-ek (AI) epaiketaren hasiera itxaropentsu hartu zuen, «Guatemalako komunitate mayaren kontra burututako krimenak behingoz justizia jaso dezaten» luzaroan esperotako aukera bat gauzatzen duelako.

Nazio Batuek (NB) ere «historikotzat» jo zuten Rios Montten kontrako prozesua. Navi Pillay Giza Eskubideen Batzordeko ordezkariak adierazi zuenez, epaiketa «urte luzeetan zehar biktimen aldetik esperotako justiziaren ikurra da».

ALDAKETA

Epaitua ez izateko bere esku dauden trikimailu guztiak erabiliko dituela argi utzi zuen diktadoreak. Epaiketa hasi aurretik bera ordezkatu behar zuen abokatu taldea aldatu zuen, epaiketa atzeratzeko nahiarekin.

protestak

Diktaduratik bizirik irtendako ehunka biktima, senide eta giza eskubideen aldeko aktibistak epaitegi kanpoan elkarretaratzea egin zuten Rios Montt-en heldueran, «justizia eta memoria» aldarrikatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo