GARA > Idatzia > Kultura

«Gauzak beste modu batera egin beharko ditugu Donostia 2016n»

Surfriders nazioarteko erakundeak Itsas Ekimenak prestatzen ditu urtero, jendea kostaldeen eta ibaien egoeraz kontzientziatzeko. Talde lan handia egiten du, eta hori eredugarritzat jo du Donostia 2016 proiektuak, ekologismoa eta lankidetza baititu oinarrietako bi.
p040_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | PASAIA

Surfriders nazioarteko elkarteak urtero antolatzen dituen Itsas Ekimenak aurkeztu zituen atzo Pasaian. Horiekin bat egingo du Donostia 2016 proiektuak, beste hainbat elkarterekin batera. Europako Kultur Hiriburutzaren proiektuaren baitan, ekologia eta herritarren arteko lankidetza garrantzitsuak dira eta horregatik hartuko du parte fundazioak laugarren urtez.

Igor Otxoak, Donostia 2016ko bulegoko zuzendariak, Lakua eta Madrilgo gobernuek proiektuari euren aurrekontuetan egin dioten murrizketaz galdetuta, aipatu zuen «gauzak beste modu batera» egin beharko dituztela, eragile desberdinen arteko sinergiak sortuz ekintzak aurrera ateratzen saiatuko direla. Horren adibide dira bihartik igandera bitartean gauzatuko diren Itsas Ekimenak.

Izan ere, Surfrider nazioarteko erakunde bat bada ere, tokian tokiko elkarteekin aritzen da lanean zenbait aldarrikapen egiteko. Ostiralean Uraren Nazioarteko Eguna denez, ibaiak garbi mantentzea zein garrantzizkoa den nabarmendu nahi dute, eta aurtengo kanpaina plastikoak murriztera bideratu dute. Horretarako, hainbat material prestatu dute. Batetik, postalak banatuko dituzte, jendeak erakundeak Bruselan duen egoitzara bidal ditzan, izenpetuta. Horiek bildu eta Europar Batasunera eramango dituzte erabilera bakarreko plastikozko poltsak debeka ditzan, horien erruz milioika itsas animalia hiltzen direlako. Pegatinak ere banatuko dituzte, lokalki ere plastikozko poltsen erabilera murrizteko. Pegatina hori dendan jartzen duen saltzaileak plastikozko poltsak ez banatzeko konpromisoa hartzen du.

Asteburu soila baino gehiago

Uraren Eguna ospatzeko, asteburu osoan zehar Bizkaian eta Gipuzkoan garbiketa ugari egingo dituzte. Adibidez, bihar Donostiako bost ikastetxetako haurrek hiriko hiru hondartzetan aurkitzen duten zaborra jasoko dute. Bestelako ekintzak ere antolatu dira herrietan.

Ibaiak eta itsasoa garbi mantentzea ez da asteburu bakarreko gauza, ordea. Donostia 2016 proiektuaren baitan, esaterako, beste garbiketa bat egingo dute Gondolin Gipuzkoa arrauneko surf elkartearekin elkarlanean. Azken honek Garbibai ekimena jarriko du martxan maiatzaren 25ean. Parte hartzaileek euren taulan igota Urumeako zaborra jaso beharko dute ahalik eta azkarren. Lasterketan gehiago puntuatzen du bildutako zabor kopuruak bizkortasunak baino. Ondoren, jasotako zaborraren parte bat artisten esku jarriko dute, elementuak eraldatu eta «arte modernoko erakusketa bat» eginez jendea kontzientziatzeko.

Smiling Surfing-ek, berriz, «pick up three» filosofia bultzatzen du; hau da, norbait hondartzara joaten denean hiru zabor elementu jaso behar ditu. Era berean, apirilean Arrueko hondartza garbituko du Surfriders fundazioak lagunduta. Urgarden elkartea ere keinu txikiak egiten hasi zen lanean. 2011ko uholdeen ostean ibaiak garbitzea erabaki zuten zazpi lagunek. Ordutik 12 garbiketa egin dituzte eta horietan 300 pertsona inguruk parte hartu du.

Pasaiako Itsas Gelak, bestalde, 10 urteko esperientzia dauka itsasoa zaintzeko beharra plazaratzen. Horretarako, ostegunero hitzaldiak prestatzen dituzte Mater itsasontzi-museoan.

PARTE HAR EZAZU

Surfrider erakundeak bideratzen ditu garbiketak, baina edonork antola ditzake Itsasekimenak.org webgunean izena emanez gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo