GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | 18. KORRIKA

Maratoiak salto eta brinko ospatu du, Trebiñun, jada bide erdia bete izana

Gasteiztarren bultzada izugarria jaso ondotik -furgonetako antolatzaileek aipatzen zutenez, jendetsuenetakoa- Bilbora iritsiko da gaur Korrika 17.30ean, eta bertakoa ere ikaragarria izatea espero dute. Euskalakariek 2.580 kilometroko bidearen erdia baino gehiago bete dute jada. Astearte gauerdian gainditu zuten ekuatorea eta arrats hori bizi izan genuen.

p018_f05.jpg

Maider IANTZI

Korrikan, sartu, eta segi eta segi egin dezakezu. Harrapatu egiten zaitu, norbaitek txantxetan zioen bezala, XXI. mendean di-da Andoaindik Baionara e-mail bat bidali beharrean hamaika eguneko bidaia egiteak baduelako zerbait magikoa. Ilargipean, errepide desertuetan freskuran laster egiteak zer erranik ez.

Gasteizko Alde Zaharrean, Andre maria Zuriaren plazan egin genuen jauzi furgonetara, bengala gorri eta pil-pileko emozio artean, jendetzaren animoek ematen zuten berotasunean. «Izugarri maite dugu euskara!» zioen mikroa zeraman batek, «eta izugarri maite zaituztegu euskararen alde korrika egiteagatik» bukatzen zuen bertzeak. Momentu bereziak egon ziren; bat aipatzekotan, Parisko Txalaparta irratikoekin egindako konexioa, hango kartzeletan daudenek beren senide eta lagunek erositako kilometroko giroa aditzeko. «Hurrengo Korrikan hemen izan nahi zaituztegu», zioen esatariak.

Gaueko hamaikak igarota furgoneteroek txanda aldaketa egin zuten eta berriak sartu ziren. Kuadrilla polita zebilen lasterka. Bide bazterretan, txaloka eta animoka hartzen zituzten eta «bat, bi, hiru» erran orduko salto egiten zuten korrikalariek airean argazkia ateratzeko. Ekuatorea hurbiltzen ari zen eta ileordeak ekarri zituzten: printzesarena, afroa, pailazoarena...

Bakoitzak bat jantzi eta salto errepidera, ibilbidearen erdia osatua genuela ospatzeko. Gozamena izan zen, maldan behera tokatu zen gainera... baina «nobatoak» ekarri beharreko xanpaina ez zen iritsia eta besta errepikatu behar! Oraingoan Trebiñun, furgonetari ere bultzaka lagundu behar izan genion malda batean goiti. Xanpain erauntsia bikaina izan zen, hurrengo lau orduetan ilea bustia izan arren.

Barnetegi ibiltarikoek Gasteizen oparitutako bonboiak janez segitu genuen aitzinera Trebiñuko parajeetan. Aitzineko edizioan, bertan hasi zen Korrika eta ederra izan zen berriro bisitatzea. «Ez ez ez, Treviño burgales» garrasi egiten zuten hankei eragin bitartean, eta «bai bai bai, Trebiñu Araba da!» segitzen zuten, legez Burgosen barnean den inguru honetako biztanleak arabarrak direla argi utziz. Herritarrek eta alkateak ere egin zuten aldarrikapen hori lekukoa eskuan.

Trebiñu eta Argantzungo AEK-ko ikasleek, aurtengo omenduek, egin zuten kilometroa, baita Argantzun Ikastolako langileek ere, Ekaitz Lotina zuzendaria buru. Honek kontatu zuenez, Korrika Txikia egin dute ikastolan lehenengo aldiz.

Irati eta Eire bertsoka

Lasterkarien artean bertsolari bat zegoela jakin orduko gonbidatu zuten furgonetara, eta Irati kantatzera animatu zen arnasa berreskuratu ondoren: «Gure hizkuntza euskara da ta gure barrenean punto/ ta nola egin diezaioke herri batek guzti honi uko/ holako jende ugarirekin ziur ez dela galduko/ ta egon ziur egun hau ez dut sekula ere ahaztuko». Bertze bertsolari bat ere bazen, Eire, eta minitxapelketa antolatu zuten. Honakoa bota zuen Eirek, txantxa eta animo artean: «Geldirik nago ni furgonetan baina oraindik izerdi patsez/ egia esan itzuliko naiz Bilbora benetan nekez/ oihukatu ta saltatzeko eskatzen dute mesedez/ baina guztia furgonetatik ikusten da oso errez».

Estitxu furgonetako langilearekin batera jo zuten Ruben eta Nuria albokariak ere furgonetan ibili ziren, tarteka pieza bat eskainiz. Une batean, pertsona bakarra joan zen lekukoarekin, Manu Atxaerandio, 15 kilometro egiteko asmoarekin. Irati 13 urteko neskatilak ere furgonetakoak liluratu zituen bere estiloagatik eta jatortasunagatik. Sari gisa, nahi zuen kanta jarri zioten, Vendettaren «Ekainak 24».

Etxabarrin, bertze bi gaztek heldu zioten makilari. «Bihar klasea dugu, baina hau garrantzitsuagoa da guretzat», azaldu zuten, eta «justifikantea» proposatu zieten antolatzaileek, petoa eta argazkia. Hala egin zuten aitzinera minutuek, hotzez, baina Añanako gazteek erakutsitakoa bezalako motibazio, poz eta indarraz. Suekin harrera egin zuen Izarra, Goiuri, Oiardo, Untzaga, Urduña, Saratxo eta Amurrio zeharkatuz. Hala, eguna argitu eta paisaia desberdinak agertu ziren.

Goizean, Altuberantz, Spiderman zebilen lekukoarekin. Urduñatik zetorren, maldan goiti, 30 kilometro oinetan. Primeran zihoan, ordea. Bartzelonako maratoia egin zuen Korrikako aurreko edizioko petoarekin eta ia bertze maratoi batera iritsi zen.

Amurrioko gazteekin, Unai bertsolariarekin, Garazi eta Uxue ikasleekin Murgiara jo genuen. Han jendetza zegoen esperoan, eskolako ume eta gazteak bereziki, pegatinak aurpegian eta gorputz osoan jarrita, «Fracking ez» kamisetekin batzuk eta ikurrinak astinduz bertzeak. «Zuian ere euskararen alde!» pankarta zabaldu zuten. Horman ere bazen mural bat nahi bera adieraziz. Spiderman agurtu eta hiru hilabeteko haurra batu zen Korrikarekin, euskalakari berri bat. Manurgara iristen, Zuiako ezker abertzaleak eta Ernaik egin zuten korrika eta Zigoitian, Iñaki herrian nahi dutela aldarrikatu.

Eskola orduak izanik, haur ugarik parte hartu zuen, Gorbeia eskolakoek kasu, izen bereko mendi elurtuaren magalean, Ondategin. Ilusio guztiarekin egina zuten pankarta bat, baina handiegia gelditzen zitzaien eta zapaldu egiten zuten. Horregatik, furgonetakoek handi hau ongi-ongi gorde eta Baionaraino eramanen dute, eta txikiago bat eman zieten trukean. Euforiko, zeuden umeak.

Ezin lokartu urduritasunez

Gopegin, txalaparta jo zuten eta Muruan, amatxi batek mantal eta guzti egin zuen korrika. Etxaguenen, gurasoek umeei kilometro bat erosi zieten eta txikiak hunkituta atera ziren, bezperan ezin lokartu ibili eta gero urduritasunarengatik. Ama furgonetara goititu eta pozarren ibili zen argazki kamerarekin.

Eguerdian, Otxandion, omenaldi txiki bat egin zien Korrikak 1936ko Gerrako bonbardaketetan hildakoak oroitzen dituen monumentuari lekukoarekin itzulia eginez.

Abadiño zeharkatu, eta egunotan eskuz esku ikusitako makila ukitzeko eta Baionara arteko bidaian momentu batez eramateko aukera izan genuen. Urkiolan goiti, Mañarirantz zihoan kazetarien kilometroa. Zatirik zailenetakoa zen Anbotoko paraje eder honetakoa. Zain ginela, urduritasuna, poza eta ilusio handia sentitzen genuen. Errepideari begirik kendu gabe, belarriak tente, tarteka aditzen genuen Korrikaren musika benetakoa ala gure buruak sortua zen asmatu ezinik egon ginen, eta lankideekin batera dantzan eta saltoka makila behin eta bi aldiz hartzea ahaztezina izan zen. Harrapatuta gauzkan ekimen honen parte sentitzea, are gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo