Madrilen ekarpenik eza dela-eta, %15-25 diru gutxiago izango du aurtengo Musika Hamabostaldiak
Madrilek, aurreko urteetan ez bezala, ez dio euro bakar bat ere emango jaialdiari. Ondorioz, Hamabostaldiaren aurrekontuak %15-25eko jaitsiera izango du. Gainera, BEZaren igoera ere igarriko da sarrera salmentan.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Musika Hamabostaldira gerturatzen gaituen lehenengo pausoa kartelaren aurkezpena izan ohi da, eta sormen lan hori Koldobika Jauregi artistari egokitu zaio 74. edizio honetan. Aurtengoa urte gogorra izango dela iragarri dute. Jaialdiaren zuzendari Patrick Alfayak urte defizitarioa izango dela uste du, eta ahal izan duten neurrian kalitateari duintasunez eusten saiatu direla adierazi du.
Guztira, aurrekontuen %15 eta 25 arteko murrizketa izango dute, batez ere Madrilgo Gobernuaren babes faltagatik, ez baitu dirurik emango. Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak aurrekontuak onartu badituzte ere, Kutxarekin duten hitzarmena negoziatzen ari dira.
«Krisian gaude eta ez da harritzekoa murrizketak egotea. Hala ere, kolperik handiena Madriletik datorrena da», azaldu zuen zuzendariak. Ministerioak duela lau urte 200.000 euro eskaini zizkion jaialdiari; iaz, ordea, 120.000, eta aurtengo aportazioa zero eurokoa da. Honekin batera, BEZaren igoera da Alfaya gehien kezkatzen duena, %8tik %21era igo baita, eta horrek eragina izango duelako sarreren prezioan. «Urte defizitarioa izango delakoan nago. Egoera ez da batere ona, baina ikusi beharko da zein den publikoaren erantzuna -bota zuen-, eta BEZa %21ean dagoela ikusita agian ez da hainbeste jende etorriko».
Alfayak argi zuen hasieratik egoerari buelta emateko soluzioa ez zela kalitatea jaistea; beraz, hori mantenduz kontzertu gutxiago izango dira Kursaalen. Zikloak eta opera saioa, berriz, mantenduko dira.
Zurriola, izarrez betea
Koldobika Jauregik sortutako kartela ez da bereziki koloretsua, baina atentzioa ematen du, ikusten ari garena ezaguna eta ezezaguna delako, era berean. Artistak berak azaldu zuen normalean erabili ohi duen estiloari jarraituz egin duela: kolore soilak erabiliz eta zerbait zehatza irudikatu gabe, ikusleak interpretatu ditzakeen gauzak marraztuz.
Collage teknika erabiliz kartulina urdina apurtu eta beste kartulina zuri baten gainean jarri zuen. Zati urdina itsasoa izan daiteke, baina izarrak jarri dizkionez, zerua ere bada. Zati zuria, berriz, hondartza da, eta erdian tintaz eta arkatzez pintatutako bi elementu daude.
«`Infinitua' adierazten duten bi harri marraztu nituen, baina hondartzan besarkatzen diren bi maitale, Zurriolako arrokak edo Kursaaleko kuboak ere izan daitezke». Lan hau egiteko bere oroitzapenetan oinarritu da. Gaztetan Grosen bizi zenean kai-muturrean buztina hartzen zuen artelanak egiteko, eta auzoaren aldaketen lekuko izan da ordutik. Finean, paisaia hori gogoeta batetik dator: sarri egon da Kursaalen kontzertuak ikusten eta beti otu izan zaio orkestraren atzeko pareta desagertzen zela eta itsasoa eta zerua ikusten zirela.
Hala ere, artistak zalantzak ere izan ditu. «Koloreek Donostiako bandera iradokitzen dute. Agerikoegia iruditzen zitzaidan hasieran, baina gero erabaki nuen hori dela nire estiloa eta kolore horiek hautatu izana kasualitatea izan dela; beraz, kartel horren 100 bertsio inguru egin nituen eta hau izan zen begira gehien eman zidana», aitortu zuen artistak.
Kontzertu gutxiago izango dira, baina egun kopurua eta kalitatea berdina izango da, jaialdiaren zuzendariaren esanetan. Zikloak eta opera ere mantendu egingo dira.
Abuztuaren 1etik 31a ospatuko den Musika Hamabostaldiaren 74. edizioak duela 200 urte Donostian gertatu zen sarraskia oroituko du. «Kartelaren gaia librea izan arren, Jauregik bete-betean asmatu du koloreekin, Donostiako bandera dirudielako eta guk aukeratutako gaia 1813ko sutea delako», aipatu zuen Patrick Alfayak. Halere, gerra eta hondamendia ez dira protagonista izango, hiri berriaren loraldia baizik. Hala, kontzertu askok gertaera oroitaraziko badute ere, hiru izango dira nagusiak. Lehenengoak hiriaren suntsiketa islatuko du, bigarrenak jendearen aurrera ateratzeko nahia eta azkenak (abuztuaren 31n) hiriaren berpizkundea.
Ez zuen gehiago esan nahi izan, aurrerago emango dutelako egitarauaren berri, baina operari buruzko pista bat eman zuen: «Vivaldiren obra garrantzitsu bat izango da, `T' letraz hasten dena». N.B.