GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora Desafioa

Bikote baten aurka jokatu arren, dirua Olasagastiren alde

Igeldoko aizkolari beteranoak Felix Etxeberriaren eta Oihan Larretxearen aurka neurtuko ditu indarrak bihar, 12.00etan, Doneztebeko pilotalekuan.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Bihar 12.00etatik aurrera jokatuko da Doneztebeko pilotalekuan aurtengo hirugarren aizkora apustua. Oraingoan Joxemari Olasagasti, Felix Etxeberriak eta Oihan Larretxeak osatzen duten bikotearen aurka neurtuko da.

Olasagastik hogei kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta bikoteak ere beste horrenbeste moztu beharko ditu, baina aizkolari bakoitzak hamar. Hori bai, txanda bost enborretik bost enborrera egingo dute. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu, eta irabazleak 6.000 euro jasoko ditu.

«Marka da! Urteetan aurrera, baina apustuak egiteko beti abantaila eman behar -esan zuen Olasagastik-, baina apustua egiteko beste aukerarik ez nuen ikusten, eta aurrera egin beharko dugu».

Hori bai, apustua oso zaila daukala onartu zuen: «Egia esan, biren aurka oso zaila da, beraiek bost enborretik bost enborrera aldatu behar dute, baina, hala ere, zaila da. Hemen eustera atera behar da. Ezin dut hasieratik dena jo, beraiek atseden hartzeko tartea bai baitute, eta nik, berriz, ez», zioen Igeldoko aizkolari beteranoak.

Iaz ere abantaila eman behar izan zion Zalduari apustua jokatzeko, baina irabazi egin zuen. Aurten ere abantaila eman die, baina badirudi dirua bere alde egongo dela. Zaleek berarengan konfiantza handia daukate, eta horrek ilusioa eta aldi berean poza ematen dio gipuzkoarrari. «Egia esan, nigan jendeak konfiantza dauka, eta hori polita eta ederra da, baina horrek ez dit balioko apustua irabazteko. Horretarako lan asko egin beharko dut», onartu du.

Enborrak erdi bana plazaratuko dituzte, eta berak garbi dauka onak eramango dituela. «Ez daukat txarrak hartuta joateko asmorik, onak izango dira», esan zuen. Igeldoarrak apustu dezente jokatu ditu Donato Larretxearen aurka, eta orain bere semearekin neurtuko da. «Handia da gero hori, baina gazteak ere badatoz, eta nik ere oraindik ongi ikusten dut neure burua».

Biak ongi

Bi nafarrek, Felix Etxeberriak eta Oihan Larretxeak, alegia, oso ongi daudela iragarri dute. Entrenamenduetan oso ongi ibili omen dira, eta aitzakiarik gabe helduko omen dira biharko norgehiagokara Oihan Larretxea eta Felix Etxeberria.

Biek garbi utzi nahi izan dute, Olasagastik irabazi nahi badu, lan asko eta ongi egin beharko duela, baina beraiek ere oso garbi omen daukate igeldoarra mendean hartzeko lana oso ongi egin beharko dutela. Beraiek ere enbor onak plazaratuko dituztela iragarri dute. Ikusmina ere handia dago, eta orain dela bi aste bezalaxe, jendetza espero dute.

Aizkora apustuak, haize berria hartu, eta berriro ere sekulako abiadan datoz

Apustuak beharrezkoak dira herri kirol munduan, baita aizkora-jokoan ere. Aurten jadanik bi apustu jokatu dira, bata Tolosan eta bestea Donezteben, eta bietan zaleek sekulako erantzuna eman dute.

Bihar Doneztebeko pilotalekuan jokatuko den neurketak ere ikusmin handia piztu du. Orain dela bi aste neurtu ziren han Ruben Saralegi eta Xabier Mindegia.

Orduan ere harmailak txiki geratu ziren, eta bihar ere beste horrenbeste espero da. Apustuek distira berezia sortzen dute eta jendeak ondo erantzuten du.

Datorren hilabeterako beste bat badago iragarrita, eta aizkora zaleak pozez zoratzen dabiltza. J.L.

Lana

Olasagastik 20 kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta beste horrenbeste, bikoteak; azken hauek, ordea, hamarna eta bostetik bostera aldatuta.

Dirua

Alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu, eta irabazten duenak 6.000 euro jasoko ditu. Apustua dela-eta, jendea ere diru asko ari omen da jokatzen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo