GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Corrugadosen itxiera, kolpe latza eta joko zikina

Kolpe latza izan da Corrugadosen itxieraren gaineko berria Azpeitian eta Urola-Kostako eskualdean. Erraz esaten da: 300 langile zuzen-zuzenean kalera eta ehundik gora, zeharka. Zikina izan da oso prozesu hau: Gallardo Taldearen jokabidea Azpeitiko enpresa alboratuz, komitearekiko negoziazioa nahaste-borrastearen zeremonia bilakatuz, lantegiko txatarra funditu eta kanporatzeko baliatu duena eta, hori guzti hori, Espainiako Getafen duen enpresa lehenetsiz, hemen diru publikoa jasota gainera. Nazkagarria ere, hondoratzen ari den itsasontzian arratoiek egiten duten bezala, langileek jakiteke Azpeitiko zuzendaritza indemnizazioa kobratzeko jukutrian aritu izana. Eta are ulergaitzagoa da hau dena enpresak lan-karga eta merkatua bermatuak zituenean eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kudeaketari esker, urte erdirako lana ekarriko zuen negoziazioa ixtear zegoenean.

Corrugadoseko langileek galderak airean utzi dituzte: dohainik hartu al lezake honelako erabaki larri bat Gallardo Taldeak? Onartuko ote diote horrelakorik hemengo erakundeek? Zer egin? Fatalismoaren, etsipen kutsakor baten gurpilean ez dago kateatzerik. Egoerari buelta emateko eta itxieraren erabakiari aurre egiteko, langileak, herritarrak eta erakundeak eskuz esku aritu behar dira, Azpeitiak eta Euskal Herriak asko, gehiegi dutelako jokoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo