Xabier Izaga Kazetaria
Larderiarako tarte mugagabea
Harako doktrinak zigorra ala hura aplikatzeko modua aldatzen duen omen da gakoa. Estatu espainiarraren abokatuak dio aplikatzeko modua baino ez dela aldatzen. Baliteke, baina aplikatzeko moduak zigorra aldatu egiten du. Luzatu, hain zuzen, eta hau oso garrantzitsua da, laburtu egingo balu, ez bailegoke arazo juridikorik. Izan ere, kode penalaren zein haren interpretazioaren edozein aldaketa atzeraeraginez ezar daiteke... baldin aldaketa hori pro reo bada, presoa mesedetzen badu, alegia. Baina inola ere ez haren aurkakoa bada. 1973ko Zigor Kodea indarrean zegoenean egindako delituengatik giltzapetutakoek bete zezaketen denbora luzeena 30 urtekoa zen, eta urte kopuru hori laburtzeko aukera zuten, baina 197/2006 doktrinak dozenaka presori zigorra laburtzeko aukera kendu zien.
Estatu espainiarraren helegitea aztertu zuten egun berean, Alberto Ruiz Gallardonek esan zuen Estrasburgoko Auzitegiak norbanako kasuak epaitzen dituela, eta epaia doktrina horren aurkakoa izango balitz, neurri horren menpe dauden presoek banaka jo beharko luketela Estrasburgora. Ni ez naiz legelaria, baina Gallardon bai, eta Justizia ministroa; horregatik bitxia gertatzen zait hark «jurisprudentzia» izeneko kontzeptu baten berri ez izatea, tribunalek ezarritako irizpidea, hain zuzen. Jurisprudentzia, esate baterako, Auzitegi Goren espainiarrak doktrina horrekin eten zuena da.
Auzitegi Gorenak delako doktrina asmatu zuen garaian, ustezko zuzenbide Estatu honetako Justizia ministro sozialistak (zenbat gezur pilatzen diren maiz sintagma txiki batean), Fernando Lopez Aguilarrek, iragarria zuen inputazio berriak «eraikiko» zituztela hainbat preso zigorra bete ondoren kaleratu ez zitezen. Ingeniaritza. Juridikoa, Jorge Fernandezen hitzetan (larderia politiko-militarra benetan). Ba omen dago horretarako tartea. Ingeniaritza azpiegiturak diseinatu, eraiki eta mantentzeaz arduratzen den diziplina da; beraz, diseinatu eta eraiki duen errepresio azpiegitura mantentzeko, ingeniari ugari behar ditu Estatuak. Izango ez dute, ba, ministroak esandako moduan, «horretarako tartea?».