Berezkoen Binakakoa
Finalerdietan izan nahi duenak puntua ezinbestekoa du
A multzoan, Olivier Larretxea eta Ximun Lanbert Sebastien Sorhueten eta Battitte Ducassouren aurka neurtuko dira. Biak lehen partida irabazita datoz.
Jon LEUNDA
Armendaritzen abiatuko da gaur, 17.00etan, Berezkoen Binakako Txapelketako bigarren jardunaldia. A eta B multzoetako partida bana izango baita. Etzi izango du jarraipena.
B multzoko partidarekin abiatuko da jaialdia. Bertan, Bielle eta Ezkurra Intxausperen eta Jannotsen aurka neurtuko dira. Garrantzi handiko neurketa izango da hau. Izan ere, Intxauspek eta Jannotsek galduko balute, lehiaketan aurrera egitea oso zaila izango lukete. Multzo honetako lehen bi sailkatuek final-laurdenetarako txartela lortuko dute, eta azken biek, berriz, lehiaketa utzi egin beharko dute. Bi norgehiagoka jokatu eta punturik gabe geratzea oso larria izango litzateke.
Billerentzat eta Ezkurrarentzat, berriz, gauzak alderantziz daude. Lehen jardunaldian irabazi egin zuten, eta gaur garaipena lortuko balute, hurrengo faserako txartela eskura izango lukete. Galtzen badute, berriz, beste jardunaldi bat geratuko zaie jokatzeko. Beraz, aurkariek baino presio gutxiagorekin jokatzeko modua izango dute.
Ondoren, A multzoko partida jokatuko da, eta bertan joan den asteko bi irabazleak neurtuko dira. Multzo honetako lehen bi sailkatuek finalerdiak jokatzeko txartela lortuko dute, eta azken biek, berriz, final-laurdenak. Beraz, B multzoan ez duten lasaitasuna ere badute.
Gaur, Olivier Larretxea eta Ximun Lanbert Sebastien Sorhueeten eta Battitte Ducassouren aurka neurtuko dira. Lehen partidan Larretxeak eta Lanbertek sekulako ezustea eman zuten, Waltari eta Harizmendi, faborito nagusiak, mendean hartuta. Orain, beste faboritoen aurka lehiatuko dira, Sorhuet eta Ducassou ere hor sartzen baitira. Azken hauek pasa den astean irabazi egin zuten, eta itxura paregabea eman zuten. Irabazten duenak finalerdietarako urrats garrantzitsua egingo du.
B multzoko pilotariek presio handiagoa dute, azken biak, A multzoan ez bezala, kanpora joango direlako. Gaur Bille eta Ezkurra Intxausperen eta Jannotsen aurka neurtuko dira.
Gaurko bi partiden ondoren, Binakako Txapelketak etzi izango du jarraipena, Donibane Garaziko Garat trinketean jokatuko baitira beste bi partida. Multzo bakoitzeko bana izango da.