GARA > Idatzia > Kultura

Lizentziak direla-eta, euskal irratiak «erabilita eta gutxietsita» sentitzen dira

GARA | GASTEIZ

Nahiz eta egun zokoratuta egon, Patxi Lopezen Gobernuak FMn emititzeko EAEko 34 lizentziak banatzeko estu eta larri deitutako esleipenak segitzen du euskal gizartea asaldatzen. Aurreko egunetan esleipenean bertan izandako irregulartasunen berri izan ondoren, lizentzia bana lortu zuten Txingudiko Antxeta Irratiak, Araba Irratiak, Euskal Irrati Zerbitzuek eta Bizkaiko Justuri Irratiak beren iritzia aditzera eman zuten atzo komunikatu baten bidez.

Iritzia plazaratu ez ezik, esleipen prozesua bera ere gogor kritikatu zuten, baita Lakuak erakutsitako sentsibilitate eza ere. Lizentzia bana jaso zutela jakindakoan, «jardunean zegoen Eusko Jaurlaritzak lehiaketa bertan behera uztea erabaki zuen, prentsa bidez», baieztatzen du komunikatuak. «Are gehiago, erabaki hori hartu baino 15 egun lehenago, eta prentsa bitartez hau ere, ebazpena behin betikoa bihurtzeko erabakia hurrengo Jaurlaritzari utziko ziola jakinarazi zuen».

Bilboko egoera

Bilbon gertatutakoaz ere badihardu komunikatuak: «Gure ezadostasuna agertu nahi dugu Bilbon, euskara hutseko irratientzat gordetako erreserba banaketagatik. Eusko Jaurlaritzak SERek bultzatutako `Dial Bilbao' irrati formula hobetsi zuen, Bilbo Hiria irratiak aurkeztutako euskarazko proiektu ezagun eta errotua baztertuz. Zein interes egon daiteke hautaketa honen atzean?». Euskal irratiak «erabiliak eta gutxietsiak» sentitzen dira, «egoitza Madrilen duten komunikazio talde handien presiopean, euskara interes-politikoen arabera erabilia» izaten ari delako.

Helegiteak aurkeztuko dituztela iragarriz, egoera «oso larritzat» jotzen dute, «azken 26 urtean diala euskalduntzeko egon den aukera bakarra» galduko baita.

Egoera horrela, hau eskatzen diote Lakuari: «Lehiaketa berrartu dezala irregulartasunak hasi ziren puntuan». Eskatutakoa bete ezean, lizentziak «egoera juridiko berezi batean» geratuko direla nabarmendu dute, «errekurtso kate etengabe batean, beste lehiaketa bat deitzea urte luzez atzeratuz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo