Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Familiaren parte (II)
Ondaatjeri irakurri nion lehen lana ez zen, askoren kasua izan den bezala, «The English Patient» izan, baizik eta «Running in the Family» (1982). Autofikzio moduan uler dezakegun lan honetan, egileak 1970ko hamarkada amaieran Sri Lanka jaioterrira, orduan Ceylan izenez ezaguna, egindako bidaia azaltzen du. Edo, hobeto esanda, bidaia hori aitzakia hartuta, Ondaatjek bere familiaren historia kontatzen digu, irlaren iragan kolonialaren parte diren aiton-amona zorrotzekin hasi eta bizimodu estrabagantea izan zuten gurasoekin amaituz. Kritika kexu da liburuak historiari, letra larriz idazten den horri, arreta gutxi eskaintzen diola eta familiako kontu pribatuak, aldiz, luze eztabaidatzen dituela baina haiek irlaren iragan kolonialarekin duten harremana aztertu gabe. Arun Mukherjeek, esaterako, bere familia giza-harreman sare batean kokatzeko Ondaatjeren ezintasuna edo gogorik eza aipatzen du, eta liburuari perspektiba falta zaiola dio.
«Running in the Family» lanak memoria eta nortasun eraikuntza ditu kezka nagusi. Ondaatjek bere familiako kideen gorabeherak azaldu ahala, haiek bere nortasunarekin zer lotura duten aztertzen saiatzen da. Alabaina, liburuko oroitzapen gehienak pertsonalak dira eta ematen du idazlearentzat nortasuna familia esperientziekin, batik bat aitaren irudiarekin, nolabaiteko konexio batera iristearen emaitza dela. Bien bitartean, inperioaren gaia bazterrean geratzen da, Sri Lankan egotearen arrazoia inperioa izanik ere familiaren garapenean inolako eraginik izango ez balu bezala. Zentzu horretan, bat nator kritikak «Running in the Family» liburuaren inguruan esandakoarekin.