Erribera goitik behera deskribatzen du 2013ko Nafarroa Oinezeko kantak
GARA | TUTERA
Tuteran ospatuko den Nafarroa Oinez 2013k hemendik urriaren 20ra bitartean entzun, dantzatu eta kantatuko dugun kanta aurkeztu zuen atzo. Aurten jaial Argia ikastolaren aldekoa izango da.
Ekaitz Santaziliak eta Javier Perezek egindako letrak Erriberako txoko guztiak deskribatzen dizkigu, Saioa Cresporen ahotsean. Hala, Bardeetako haizeari eta Ebro ibaiko txoriei aipu egiten die, horiek euskararen «argiarekin» bat egin dezaten. Tuteratik datorren «argi» hori zapaldu beharrean, babestu egin behar dela aldarrikatzen du aurtengo abestiak, ilusioz Nafarroako lautada euskaraz bustitzeko.
Elkartasunaren beharra
Anika Lujanek, Tuterako Argia Ikastolako zuzendariak, egin zuen kantaren aurkezpena, musikariek lagundurik. «Ilusio eta ahalegin itzela egiten ari gara Nafarroa Oinez 2013 hau Erriberan euskararen aldeko eta herrialdeko hegialdean euskararen benetako higiarazle den Argia Ikastolaren aldeko elkartasuna eta indarrak bilduko dituen Nafarroa Oinez bat izan dadin -aipatu zuen-, elkartasun horretara jo beharrean gaude gure ikastetxearen hezkuntza-egitasmoa aurrera atera eta Erriberan euskara zabaltzen jarraituko badugu».