GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abereak protagonista Laudion, Dolumin Barikuko azokaren 123. edizioan

p021_f02_148x100.jpg

GARA | LAUDIO

Haize bolada gogorrak ez ziren traba izan Laudion atzo, Dolumin Barikuan, baserriko produktu onenak erakusteko. 18. Korrika aurreko gauean bertatik igaro zela-eta ordu txikietan egin beharreko kilometroen nekeak ez zion bisitaririk kendu azokari. Agian, beranduago irtengo ziren batzuk azokaz gozatzera, eta giro epelak lagunduta eta zenbait ikastetxetan opor garaian sartuta egonik, bisitari ugari izan zuen hirigunean bertan egokitutako azoka eremuak.

Laudioko azoka ospetsuak 123. edizioa bete zuen atzo. Izan ere, lehendabiziko edizioa 1890. urtean izan zen.

Lanbide Heziketako udal ikastetxearen aurreko aparkalekuan, eskualdeko ganaduaren erakusketa egokitu zen, eta Herriko Plazan eta Aldai plazan, ohiko artisau lanak, jakiak eta nekazaritza eta basogintzarako tresneria saltokiak egokitu ziren. Guztira, 56 jarri zituzten.

Azoka ugari izaten da urtean zehar Laudion zein inguruko herrietan, baina abereak izaten dira Dolumin Barikuko protagonista nagusiak, eta bereziki erakusten dituen animaliengatik jasotzen ditu hitzorduak bisitari asko. Atzo, abereen erakusketan, 60 behi inguru, 50 zaldi buru eta 120 ardi eta ahuntz izan ziren ikusgai. Ondoan, hegazti eta oiloen erakusketa ekarri zuen ehundik gora urte dituen hitzorduak. Eta, noski, ez zen falta sagardoa, txakolina eta ohiko taloa jateko aukerarik.

Bestalde, azokaren inguruan hainbat ekitaldi izan zen atzo. Roke Deunaren bola-tokian txapelketak izan ziren goizean, idi-probak arratsaldean hasi eta egun batzuetan izango dira, eta Santa Lucia Abesbatzaren emanaldia izan zen iluntzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo