GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

J. M. Rivadeneyra | Usurbilgo Ingurumen zinegotzia

Lau urteko ibilbidea

Diru publikoak ordaindutako txitxardinak jaten dituzten politikarien, bankarien eta konstruktoreen irudiak ezer baino hobeto azaltzen digu alderdi batzuen errausketaren aldeko burugogorkeria

Hori da emandako denbora Usurbilen hondakin bilketa atez ate egiten hasi ginenetik. Urtemuga horren karietara, Usurbilgo Udalak urte horien balantze ekonomikoa plazaratu du. Emaitza erabatekoa da: alde ekonomikoagatik besterik ez bada ere, atez atekoak merezi du. 2012. urtean soilik, bilketa sistema honek 149.535 euroko onura ekarri die usurbildarrei. Gipuzkoa osora emaitza hau estrapolatuz gero, 17,5 milioi euro aurreztuko genukeen gipuzkoarrek 2012an, lurralde historiko osoan hondakinak atez ate bildu izan bagenitu. Baloratzeke gelditzen dira osasunerako eta ingurumenerako onurak, edota sortutako lanpostuen kontua. Hondakinen kudeaketan ibiltzen direnak ez ditu harritzen Usurbilen lortutako emaitzak, Europar Batasunak aldarrikatzen duenaren gauzatze praktikoa baita: hondakinak ez dira zaborrak, probetxu atera behar zaien baliabide ekonomikoak baizik, eta, horretarako, biderik onena bereizitako bilketa egitea eta zero zabor politikak abiatzea da. Usurbilen lau urte eman ditugu horretan, eta emaitzak guztion bistan daude. Beste herrietan egiten ari diren era berean, ondoko biak demostratu ditugu lau urte hauetan: erraustegia ez dela behar, eta bere alternatiba oso onuragarria dela ekonomikoki.

Lau urte zailak izan dira hauek, baina demostratu dugu herriaren ilusioak eta indarrak, bere etorkizunaren defentsan, garaitu dezaketela elite politiko eta ekonomikoaren arteko aliantza. 2011ko hauteskundeak arte, instituzio gipuzkoarren boikotari aurre egin behar izan diogu. Elite politiko horiek, biltzen hasiak ginen hondakin organikoa konpostatzeko plantak eraikitzeko ardura zutenak, eragotzi ziguten Usurbilen horietako bat sortzea, eta gure organikoa zabortegira bota zuten. Gasteizko Legebiltzarrean hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida eskatzen zuten 35.000 herritarren sinadurak zakarrontzira bota zituzten politikariek, erraustegia nahi zuen ala ez erabakitzeko erreferendum bat Gipuzkoari ukatzen zioten politikari berberek, erronka bota ziguten Usurbilen bozkatzeko. Bozkatu, eta atez ate aukeratu genuen. Elite horiek dira ere, jakinda 2011ko hauteskundeetan bazeukatela Gipuzkoako instituzioen kontrola galtzea, hauteskunde horiek baino astebete lehenago errausketarako egitas- moa blindatzeko asmoz finantziazio-kontratu lotsagarriak sinatu zituztenak. Gipuzkoa bankuen morroi utzi zuten, horre- tarako swap izeneko produktu espekulatiboak kontratatuta, nahiz eta ordurako epaitegietan bankuek zigorra jaso izana swap horiek erabiltzeagatik enpresa txikiak ekonomikoki bahitzeko. Gipuzkoa osoa bahitu zuten, eta oraindik ere ordaintzen ari gara hilero horren 300.000 euroko erreskatea. Elite horiek erraustegiari buruzko datu teknikoak puztu zituzten, eta irregulartasunez beteriko obren lizitazioa egin zuten, azkenean, kontratatu behar zituztenak kontratatzeko. Gure mendi batzuk txikitu dituzte, gure herriaren zati bat kendu digute, baina garaiz geldiarazi ditugu. Lau urte zailak, bai, baina merezi izan du.

Urte hauetan alderdikeriaren lekuko izan gara Usurbilen eta Gipuzkoan. Hor dugu PSEren jokamoldea: orain dela zazpi urte, PNVk erraustegia Odon Elorzak gidatutako Donostiako Udaleko Gobernua higatzeko arma gisa erabiltzen zuenean, Denis Itxasoren PSEk orain madarikatu egiten duen alternatiba defenditzen zuen. Orduan erraustegia baztertzen zuten eta bereizitako bilketa eraginkor baten alde egiten zuten PSEko berberek, orain errausketa ez den beste biderik ez dute onartzen, eta bilketak gaiarekin ezer ikusirik ez balu bezala hartzen dute. Madrilen, Katalunian edo Bruselan atez ateko bilketa aldarrikatzen duten berberek, Ebro edo Aturri zeharkatuta kontrakoa diote. Gipuzkoan, edozein ikuspuntutik defendaezina den erraustegi baten alde gotortuta dagoen PNVk berak, Nafarroan, Sakanan hondakinak erraustearen kontrako manifestaziora joateko deia egiten du. Denak balio omen du Bildu higatzeko, baita herrietan tentsioa eta liskarra bultzatzea ere, helburua Gipuzkoako instituzioen kontrola berreskuratzeko behar dituzten botoak harramazkatzea denean. Interes publikoaren ikuspuntutik ulertezinak diren alderdikeriak ikusi ditugu, soil-soilik Yolanda Barcinaren «beste garaiko» logikak argitu ditzakeenak, elite politiko-ekonomikoek egindako ondare publikoaren espoliazioaren logika, alegia. Guztion osasunak eta ekonomiak hondakinak ez erretzeko eskatzen digutenean, diru publikoak ordaindutako txitxardinak jaten dituzten politikarien, bankarien eta konstruktoreen irudiak ezer baino hobeto azaltzen digu alderdi batzuen errausketaren aldeko burugogorkeria. Gurtel-Barcenas aferak guztion bistan utzi dituenean enpresa eraikitzaileek egindako alderdien finantziazioaren lotsagabekeriak, ba al dugu arrazoiren bat Euskadin beste era batean ibili direla pentsarazteko?

Herriak herriarentzako sortutako irtenbideak eraikitzen eman ditugu lau urte hauek, alderdien, bankarien eta konstruktoreen aurrean. Nahiago genuke hemendik lau urtetara hondakinen kudeaketan abangoardian egongo den Gipuzkoaz idaztea, baina orduan, alde guztien laguntzaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo