GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

«Zelai berri honek gure taldearen etorkizuneko arrakastak ikusiko ditu»

 

p032_f01_148x260.jpg

Rafa IRIONDO
Athleticeko jokalaria eta entrenatzaile ohia

Datorren urrian 95 urte beteko dituen arren, sendagileak zorionak eman omen zizkion analisiak egitera joan zen azken aldian. Bere adinerako sasoi ederra omen dauka Rafael Iriondo Aurtenetxea gernikarrak. 2011ko abenduan San Mamesen egin zioten omenaldi xume hartan Josu Urrutia presidenteak esan zuen bezala, «ez dago arrazoi jakin bat, asko baizik» berarekin hitz egiteko.

Natalia LEKUE

I riondo, Panizo, Gainza, Zarra eta Venancio, nork ez du ezagutzen Athleticen historia betirako markatu zuen boskotea. Rafael Iriondo da aurrealde historiko honetatik bizirik jarraitzen duen jokalari ohi bakarra. Bere irribarre nekaezinarekin, hainbat argazki erakutsi dizkigu bere bizitzan zehar izandako esperientzia anitz gogora ekartzen dizkiotenak. Athleticen iraganaz, gaurkotasunaz eta etorkizunaz hitz egin digu, beti harro, bere taldeaz harro.

Athleticek duen afizioa betidanikoa dela entzun dut askotan. Zuk, futbolean II. Mundu Gerra pil-pilean zegoenean hasi zinela kontuan izanda, baieztapen hau egiazta dezakezu?

Bai, Athleticeko afizioa betidanikoa izan da. Zuk esan duzun bezala, garai latz hartan hasi nintzen futbolean, 1940. urtean. Jokalari guztiak oso harro sentitzen ginen San Mamesera atera eta halako zaletasuna ikusten genuenean.

Zenbat urterekin hasi zinen Athleticen jokatzen?

22 urte nituela hasi nintzen talde honetan, 1940. urtean hain zuzen ere.

Zein taldetan hasi zinen jokatzen eta nola heldu zinen Athleticera?

Gernikako taldean jokatzen hasi nintzen, bertan bizi nintzelako nire anai-arreba eta gurasoekin; baina partidu bat bakarrik jokatu eta miliziara joan behar izan nuen. Han Atletico de Tetuanen jokatu nuen. Bueltatu nintzenean, San Mamesen aurkeztu nintzen nire maleta eta futboleko zapatekin; bertan proba batzuk egin zizkidaten eta hauek gaindituta Bilbao Athleticen jokatzen hasi nintzen. Ez zen denbora askorik pasa Athleticeko jokalari gisa hartu nindutenera arte. Bertan 1940tik 1953ra jokatu nuen, hau da, hamahiru denboraldi. Denboraldi orotan titularra izan nintzen.

Futbolaz aparte, nahiz eta maila profesionalean ez izan, beste kirolen bat egiten al zenuen?

Bai, eskupilota gustuko nuen. Partiduak ikusteaz aparte, astero tartetxo bat ateratzen nuen betidaniko lagunekin jokatzeko.

Zenbat gol sartu zenituen kamiseta zuri-gorriarekin?

Guztira 118. Ni izan nintzen Athleticeko 1.000. gola sartu zuena.

Gustukoen zenuen postua aurrelaria zen. Zer dela-eta jokatu zenuen eskuin hegalean?

Postu horretan Telmo Zarrak jokatzen zuelako, nik baino hobeto errematatzen zuen berak. Hala eta guztiz ere, bikain jokatzen genuen elkarrekin; nik baloia hartu, hegaletik korrika egin eta baloia erdiratzen nuen berak errematatu zezan.

Zer-nolako gaitasuna behar du jokalari batek postu horretan ongi moldatzeko?

Nire ustez, arintasuna, intuizioa eta teknika.

Athleticen jokatu zenuen denboraldi gehienetan Juan Urkizu izan zenuen entrenatzaile. Nolakoa zen elkarren arteko harremana? Zenbat titulu lortu zenituzten?

Talde osoaren harremana oso ona zen, izan ere, kideak izateaz gain oso lagun onak ginen, eta hau guztia zelaian islatzen zen. Guztira, Liga bat eta lau Kopa irabazi genituen; 1943-44 denboraldian, Liga eta Kopa bana. Ondoren, bi Kopa jarraian eta azkenik, 1950ean, azken Kopa.

Jokatu zenuen noizbait Espainiako selekzioan?

Bai, birritan. 46. eta 47. urteetan.

Gaur egun jendeak ez du gogoratzen gainerako jokalariak nortzuk ziren. Aurrelariak bakarrik gogoratzen dituzte: Iriondo, Venancio, Panizo, Gainza eta Zarra.

Orain, urte batzuk pasata, zer pentsatzen duzu aurrealde bikain hartaz?

Lehen aipatu dudan bezala, oso kide eta lagun onak ginen. Panizo teknika gehien zuen jokalaria zen. Venancio nekaezina. Gainzak eta biok Zarrari baloiak erdiratzen genizkion, eta bera zen baloi horiek sarera bidaltzeaz arduratzen zena.

Jokalari izateari Realean utzi zenion 37 urterekin, baina gero entrenatzaile gisara jardun zinen. Zein talde entrenatu zenituen?

Entrenatzaile bezala Indautxu futbol taldean hasi nintzen eta ia-ia Lehenengo Mailara igo ginen. Bigarrena Alaves izan zen eta hirugarrena Bilbao Athletic. Azken talde horrekin zaletasun saria irabazi genuen. Ondoren, Athletic entrenatzera pasatu nintzen eta 1969ko Kopa irabazi genuen Elxen aurka. Espanyoleko eta Zaragozako futbol taldeetan ere jardun nuen eta biak Lehenengo Mailara igo nituen. Entrenatu nuen beste talde bat Reala izan zen, eta 1974. urtean lehenengo aldiz UEFA jokatzeko sailkatu ginen. Azkenik, Betis taldearen entrenatzailea ere izan nintzen birritan eta talde horrekin 1977an, Athleticen aurka, gure lehenengo Kopa irabazi genuen.

Beraz, entrenatzaile eta jokalari gisa, urte askoan egon zinen futbol munduan.

Bai, 43 urte: 1940tik 83ra arte.

Nortzuk izan ziren zure idoloak?

Estatu mailan Zarra, Panizo, Venancio eta Gainza ziren. Nazioarte mailan Di Stefano zen. Berez, argentinarra, baina urte batzuk geroago Espainian nazionalizatu zen.

Talde zuri-gorria utzi ondoren, jokalariren batekin harremanetan jarraitu zenuen?

Jakina! Ia guztiok harreman bikaina izaten jarraitu genuen. Bereziki Telmo Zarrarekin, nire lagun onenetarikoa izan zen.

Gaur egunera bueltatuz, zer pentsatzen duzu Athletic bizitzen ari den egoerari buruz?

Gazteak dira oraindik, borrokatzen ari dira, eta meritu handia dute aurrekontu itzelak dituzten taldeen aurka jokatzen ari direlako; desabantaila garrantzitsua, jakina.

Bigarren Mailara inoiz jaitsi ez den talde bat da Athletic. Pentsatzen duzu aurten jaits daitekeela lehenengoz?

Ez. Seguru nago mantenduko direla, baina asko borrokatu beharko dute.

Eta zer pentsatzen duzu taldearentzat hain garrantzitsuak diren bi jokalarien, Fernando Llorenteren eta Javi Martinezen, irteerei buruz?

Pena bat dela uste dut, baina errespetatu behar da. Lezama harrobi bikaina da eurak bezalako jokalari gazteak garatzeko.

San Mameseko bazkidea izaten jarraitzen duzu?

Bai, noski. Ohorezko bazkidea naiz, eta urte honetako maiatzean, 60 urte beteko ditut bazkide bezala.

Zer pentsatzen duzu San Mames Barriari buruz?

Betiere kalitatea hobetzeko eta bazkide kopuru handiagoa sartzeko bada, oso ondo iruditzen zait. Zelai berri honek gure taldearen etorkizuneko arrakastak ikusiko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo