GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ALPINISMOA Trilogia

Jon Griffith, Alpeetako hiru ipar horma bakarka eta egun batean

Hilaren 3an, alpinista britainiarrak Aiguille Verte, Les Droites eta Les Courtes lotu zituen. Neguko trilogia honetan laguntza jaso arren, Griffithek guztira 4.000 metro baino gehiagoko desnibela gainditu behar izan zuen. Duela urte batzuk bi alpinista saiatu ziren.

p048_f02_148x232.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Alpinismoak adar eta estilo ugari ditu. Jon Griffithek, adibidez, bakarkako jarduera baten alde egin berri du. Xedea: Alpeetako hiru ipar horma egun bakarrean lotzea. Zehazkiago: Aiguille Verte, Les Droites eta Les Courtes. Eta hil honen 3an, neguan beraz, bere buruari jarritako helburua bete egin zuen. Egun luze eta gogor horren inguruko xehetasunak alpinista britainiarrak berak emango dizkigu.

Aiguille Verte

Hiru ipar horma horiek egun baten buruan kateatzea beti izan dut buruan. Duela urte batzuk, Colin Haley eta Nils Nielsen saiatu ziren horretan, baina ezin izan zuten jarduera hori biribildu. Azkenean, joan den 3an, xede horri ekitea erabaki nuen. Jakin banekien ez zela batere erraza izango, lan eskerga eskatzeaz gain, estrategia zehatza behar nuelako izan. Aldaketa bakarra egin nuen. Les Droitesen ipar horman dagoen bide bat igo ordez, ipar-ekialdeko bat hautatu nuen. Erratu nuen, baina horretaz igotzen ari nintzela ohartu nintzen.

Aitortu behar dut xede hau partekatzeko helburua nuela. Ez naiz bakarkako jardueretan espezialista, eta, gainera, glaziarrak eta errimaiak bakarka zeharkatzeak ez ninduen batere motibatzen. Ohiko beldurra gainean neraman, eta horregatik Magnus Kastengren kidea gonbidatu nuen. Arazo batzuk tarteko, Magnus erretiratu egin zen eta trilogiaren aurrean bakarrik geratu nintzen.

Goiz abiatu nintzen Aiguille Vertera. Gauez zeharkatu nituen seracak, eta, aitortu behar dut, beldur handiz. Gainera, elur zubi bat hautsi egin nuen; ezusteko handia izan zen. Orduan, neure buruari esan nion ez nuela ondo hasi, baina, tira, «Courtier» korridoretik abiatu nintzen. Eguzkiaren lehen izpiekin berotu nintzen. Egunsenti ederra zen, eta oso indartsu nengoen. Di-da batean gailurrean nintzen. Tontorretik Les Droites eta Les Courtes ikusten nituen; nire hurrengo helburuak ziren. Jakin banekien egun luzea izango zela, baina aurrera jarraitu nuen.

Les Droites

Aiguille Vertetik jaitsi bezain pronto, eskiak jarri eta Les Droites aldera joan nintzen. «Legarde» korridorean sartu nintzen. Aitortu beharra dago korridore horrek ez duela izen onik, besteak beste, zati batzuk arriskutsuak dituelako. Alabaina, lasai nengoen, nire bigarren helburu honetan Magnus ondoan nuelako. Errimaia gainditu ahal izateko, Magnusek segurtatu ninduen. Hortik aurrera, ordea, berriro bakarrik nengoen.

Lehenbiziko metroetan azkar joan nintzen; izan ere, elurraren baldintzak onak ziren, baina, bat-batean, baldintza horiek zeharo aldatu ziren. Infernua zen! Nahiz eta bide klasiko bat izan, ez zegoen urratsik. Elur biguina zegoen, eta, ondoren, azukre modukoa bihurtu zen. Madarikazio bat baino gehiago bota nituen denbora galtzen ari nintzelako.

Les Courtes baino lehenago Les Droites igotzea pentsatu nuen; izan ere, Les Courteseko hego isurialdia ilunabarra iritsi baino lehen eskiekin jaisteko aproposa da. Alabaina, plan horiek aldatu behar izan nituen. Egoera ez nuen batere argi ikusten, eta horrek energia asko kentzen zidan. Orduan, alpinista lituaniar batzuei gertatutakoaz jabetu nintzen. Eguraldi gaiztoak han harrapatu zituen; ez aurrera ez atzera. Elur txarra, plaka labainkorrak... Ekaitz batek harrapatu izan balitu, ez ziratekeen handik bizirik irtengo. Ni, bederen, baikor nengoen; izan ere, jakin banekien Magnus nire zain nuela.

Gailurreria egin ondoren, minutu batzuez eguzkitan geratu nintzen. Denbora hori «galdu» nuen, iluntasuna gain-gainean nuelako eta zorioneko eguzkia gordetzear zelako. Jaitsiera ere luzea eta zaila izan zen. Ilunabarra baino 10 minutu lehenago eskiak jarri nituen. Prest nengoen glaziarrean zegoen haize hotzari aurre egiteko. Nahiz eta «Legarde» korridoreak asko eskatu zidan, oraindik ez nengoen oso nekatuta. Banekien Les Courtes igotzeko astia nuela. Arazo bakarra nuen. Psikologikoa zen: igoera zein jaitsiera osorik gauez egin behar nituen.

Les Courtes

Kopeta-argiarekin eskalatzen hasi nintzen. Suitzarren bidean sartzerakoan ohartu nintzen oso gau egokia egiten zuela. Errimaia gainditu, elurretan urratsa zabaldu eta azken 800 metroak, pikoenak, oso erritmo ederrean eskalatu nituen. Hiru ordu baino gutxiago behar izan nuen gailurra zapaltzeko. Hotz egiten zuen, hotz handia.

Egun luze eta gogorra izan zen, baina, hori bai, ahoa bete hortz uzten zaituen horietakoa. 4.000 metro baino gehiago eskalatu nituen. Lasai nengoen, eta pisua gainetik kenduta. Oso jaitsiera deserosoa izan nuen; gailurretik Couvercle aterpera 3 ordu eta erdi behar izan nituen! Etxera itzuli, dutxa on bat hartu eta ohartu nintzen trilogia hau bukatu nuela.

trilogia

Jon Griffith britainiarrak Aiguille Verte, Les Droites eta Les Courteseko ipar hormak bakarka eta egun baten buruan kateatu ditu

desnibela

Guztira 4.000 metroko desnibela gainditu zuen. Tarte batzuetan Magnus Kastengren kidearen laguntza jaso zuen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo