GARA > Idatzia > Mundua

Pakistango presidente ohia itzuli egin da, agenda erabat aldatu eta gero

Pervez Musharraf Pakistango presidente ohi kolpista Karatxi hiriko aireportura iritsi zen atzo, datorren maiatzaren 11n egingo diren hauteskundeetan parte hartzeko asmoarekin. Talibanen mehatxuek bere agenda erabat aldatzera behartu dute Musharraf jenerala.
p022_f01_199x108.jpg

GARA |

Musharraf presidente ohia Quaid e Azam aireportura iritsi zen eguerdian, Emirates hegazkin konpainiaren hegaldi batean. Bertan milaka jarraitzailek egin zioten harrera, baina APML Pakistan Osoko Liga Musulmana alderdiak iragarritako 100.000 pertsonara iritsi gabe, Geo eta Dwan tokiko komunikabideek jakitera eman zutenez.

Lau urte egin ditu erbestean Musharrafek, tentsio handiko momentuan herrialdea uztea erabaki ondoren, eta atzo ere tentsioa zen nagusi Karatxin. Normaltasun itxurarik eskaintzerik ez zuen izan presidente ohiak, talibanek hiltzeko mehatxua egin baitzioten, eta horrek jeneral kolpistaren agenda erabat aldatzea eragin zuen: iragarrita zeuden prentsaurrekoa eta ekitaldi politikoa bertan behera utzi zituzten.

Musharraf estatu kolpe bati esker iritsi zen agintera 1999an, eta bertan jarraitu zuen 2008ra arte. Kargua utzi behar izan zuen, nahiz eta berak bertan jarraitzeko ahalegin ugari egin zituen. Azkenean, Parlamentuan bere aurkako indar korrelazioa zegoela ikusita, herrialdea uztea erabaki zuen.

Orain Pakistanera itzuli da, maiatzeko hauteskundeetan esku hartzeko. Karatxira eraman zuen hegazkina Dubaitik irten zen. Bera alkandora zuri luze bat jantzita zegoen. Ondoan zituen jarraitzaileek «bizitza luzea Musharrafi» oihukatzen zuten hegaldian, bertan ziren kazetariek jakinarazi dutenez.

Jarraitzaile gehienak Londresen igo ziren hegazkinera, Musharrafek berak azken urteotan denbora gehien egin duen hirian. Horietako bat zen 28 urteko Hasan Askari. Askarik berak France Presse berri agentziari esan zionez, «Musharrafek egonkortasuna eramango du Pakistanera».

Bertako analistek esan dute presidente ohiak ez duela gauza handirik lortuko hauteskundeetan. Horixe esan dio Efe agentziari Humayun Khan Islamabadeko Defentsa Unibertsitate Nazionaleko irakasleak: «Musharrafek helburu politiko handiak dituela esan arren, bere alderdiak ez ditu Parlamentuan eserleku asko izango. Bere itzulerak oihartzuna izango du hedabideetan lehen egunetan, baina hortik aurrera bere eragina oso txikia izango da, boto-emaileen artean duen sostengua oso txikia baita».

Hala ere, presidente ohiak poza adierazi nahi izan zuen atzo. Sare sozialetan hegazkinean egindako argazkiak eskaini zituen, hauteskunde kanpaina hasitzat eman duela aditzera emanez. «Ez nago urduri, baina kezkatuta bai, aurrean ditugun erronkak direla-eta», esan zuen hegazkinera igotzean. «Terrorismoa, muturreko jarrerak, prozedura judizialak eta hauteskundeak» lirateke erronkak. «Der Spiegel» Alemaniako astekariari esan dio «terrorismoa» amaiarazi nahi duela.

fidantza

Musharrafek 2008an utzi zuen presidente kargua. Geroztik Londresen eta Dubain bizi izan da. Itzultzeko bidea epaitegi batek erraztu dio, fidantzapeko askatasuna ezarriko diola bermatu duelako

Betidanik islamisten jomugan egon den politikaria

Pervez Musharraf Pakistango presidente ohia ez da inoiz izan islamisten gustuko. Ez diote inoiz barkatu 2001eko irailaren 11ko New Yorkeko atentatu ikaragarrien ondoren Pakistanek AEBekin bat egin izana. Pakistango talibanak behin baino gehiagotan saiatu dira agintaria hiltzen, baina Musharrafek bizirik ateratzea lortu du beti. Hedabideek diote bere aurkako hiru erasotik bizirik atera dela 69 urteko politikaria.

Atzo Musharrafen hegazkina hartu zuen Karatxi hiriak ezagutu izan ditu izen handiko politikarien aurkako atentatuak. Benazir Bhutto lehen ministro ohiaren aurkako atentatu izugarria egin zuten 2007ko urriaren 18an. Erbestean zortzi urte egin eta gero, bere jarraitzaileen mobilizazio ikaragarri batean zegoela talibanek eraso egin zioten, lehergailuen bitartez. 139 pertsona hil ziren, baina Benazir Bhutto politikaria bera bizirik atera zen. Talibanek hartu zuten beren gain erasoaren ardura.

Handik bi hilabetera hil zuten Bhutto, Islamabad hiriburutik gertu dagoen Rawalpindi hirian egindako eraso suizida batean. Handik bi hilabetera bere alderdiak bozketak irabazi egingo zituen. GARA

erasoa

Gutxienez 17 soldadu eta 4 zibil hil ziren atzo Pakistango iparraldean izandako atentatu batean. Bonbak zituen auto batek eztanda egin zuen polizia-kontrol baten ondoan. Aldi berean, beste 37 lagun zauritu ziren

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo