CFA
Avironek oraindik lan handia egin beharko du dagoen lekuan jarraitu ahal izateko
VALENCE 2
AVIRON 0
Jon LEUNDA
Avironek atzerapausoa eman zuen mailari eusteko borrokan, galdu egin baitzuen Valenceren zelaian, eta okerrena taldeak garaipena lortzeko aukerarik ez zuela izan ikustea izan zen, beti ezinean aritu baitzen.
Neurketa oso azkar okertu zen. Bigarren minutuan atzetik jarri ziren, etxekoek ederki baliatu baitzuten lehen aukera markagailuan aitzinetik jartzeko. Hortik aurrera nahi eta ezin izan zen talde lapurtarrarentzat. Saiatu saiatu ziren etxekoen ate ingurura heltzen, baina aukerarik ez zuten sortzen. Hori gutxi balitz, atsedenera joan aurretik, Valencek bigarren gola egin zuen. Penaltiz izan zen, baina horrek berdin balio du, eta 2-0koarekin joan ziren bi taldeak atseden hartzera.
Bigarren zatian etxeko taldeak gauza gutxi egin zuen. Baloia euskal jokalariei utzi zieten, baina hauek ere ez ziren oso azkar ibili, eta Lapeyrek, Valenceko atezainak, ez zuen aparteko lanik izan. Avironek oraindik lan handia egin beharko du dagoen lekuan jarraitu ahal izateko.