GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Klima aldaketaren ondorioak: Olatuen altuera eta maiztasuna gero eta txikiagoa izango da

«Nature Climate Change» aldizkariak argitaratu duen ikerketa batek mende honen amaiera aldera olatuak txikiagoak izango direla dio. Fenomeno honek ez du berdin eragingo munduko herrialde guztietan, ordea, batzuetan, olatu handiagoak ere izango dira.

p052_f01_97x112.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Ehunka aldizkari, blog eta artikulu argitaratu izan dira klima aldaketaren inguruan. Iritzi eta teoria desberdinak daude eta zail da esaten klima aldaketak tenperatura globalean edo antzeko beste aferetan zer nolako eragina izan dezakeen.

Aldaketak zergatik gertatzen diren, haize eta olatuengan eragiten duten edo eragin dezaketen aztertzea adituei dagokien lana da. Edonola ere, gauza bat garbia da, arrazoiak arrazoi, aldaketa horiek jada gertatzen ari dira eta begi bistakoak dira.

«Nature Climate Change» aldizkariak argitaratu berri duen artikulu baten arabera, olatuen altueraren batez bestekoak behera egingo du. Alegia, mende honen amaieran munduko leku gehienetan olatuak orain direna baino txikiagoak izango dira.

Aipatu aldizkariak argitaratu duen artikuluan ez dute klima aldaketaren inguruko teoria berririk aurkezten, ezta balorazio moralik egiten ere, soilik esku artean dituzten datuak zeintzuk diren esan eta egun munduan gertatzen ari diren aldaketek erritmo berean jarraitzekotan itsaskien izaeran eta maiztasunean izan dezaketen eragina zein den esaten dute.

Adituek egin berri duten ikerketa honen arabera, egungo aldaketek joera bat dute, lurraren beroketa kasu, eta horiek eguraldian eragiten dute. Joera horren norabidea aintzat hartuta, alegia, «grafikoak» markatzen duen noranzkoa ikusita, ondorioen artean baieztapen batzuk egin daitezke eta berauek estatistikoki izan dezaketen eragina zein den ere asma daiteke.

Gauzak honela, mende amaieran klima aldaketaren ondorioz itsaskiak txikiagoak izango direla esateko oinarrizko arrazoia haizeteen ahultzea da. Ikerketen arabera, tenperaturak igoko badira, haizeteak ahulduko dira, eta ondorioz berauek sortzen dituzten olatuengan eragingo du.

Ikerketa honetan atera duten ondorioetako bat zera da, mende amaieran sortuko diren itsaskietan olatuen arteko tartea laburragoa izango dela. Hau datu oso garrantzitsua da, olatuen arteko tarteak olatuaren sorrera eta beronek egindako ibilbidearen berri ematen baitigu.

Kostatik gertu sortutako olatuek, esaterako, oso denbora tarte laburra izaten dute beren artean (4 eta 10 segundo artekoa). Urrun sortutako olatuen arteko tartea aldiz handiagoa da, hamar segundo baino gehiagokoa.

Euskal Herrian itsaski handiak nahiko maiz izaten ditugula esan daiteke, munduko beste lekuekin alderatuz gero, baina olatuek gure kostara iristeko egin dezaketen ibilbidea ez da beste zenbait lekutan egin dezaketena bezain luzea; beraz, gurean, olatuen arteko tartea 17 segundokoa den bitartean, munduko beste zenbait lekutan 20 segundoko tartea ere izan dezakete.

AEBetan adibidez, olatuek ibilbide luzeagoa egin dezakete kostara iritsi aurretik eta, beraz, segundo gehiagoko tartea izan dezakete olatuek. Han, aldiz, ez dituzte gurean adina itsaski.

Olatuen arteko tarteak olatuaren tamainan eragin zuzena dauka. Bi dira olatuaren tamainan eragiten duten osagai nagusiak. Batetik, uhina sortu duen haizearen indarra edo intentsitatea. Denbora tarte batean etengabe eta norabide berean aritu den haizete batek uhin handiagoak sortuko ditu, haizete ahul edo narras batek baino. Eta behin uhina sortuta, honek zenbat eta ibilbide luzeagoa egin, orduan eta handiagoa egingo da eta tarte handiagoa izango da uhinen artean.

Ozeanoan diren eremu anitzetan fenomeno honek ez du berdin eragingo. Hala nola, batez ere hiru eremutan eragingo du klima aldaketak olatuen altuera txikitzeko orduan, Atlantikoaren iparraldean, Ozeano Barearen iparraldean eta Indiako Ozeanoan.

Aldaketa hau, ipar hemisferioko negu sasoian izango litzateke, alegia, urtarril, otsail eta martxoan. Honek esan nahi du, egun olatu gehien izaten den eremuetan eragingo duela batik bat aldaketak.

Atlantiko iparraldearen kasuan, gainera, aldaketa are larriagoa izango da, olatuen altuerak ez baitu behera egingo neguan bakarrik, baita gainerako urte sasoietan. Beraz, ikerketa honek dioena betetzen bada, gurean olatuen batez besteko orokorrak behera egingo du.

Ikertzaileen esanetan, ordea, olatuen altuerak gora egin dezakeen eremuak ere badira. Eragin esanguratsuena jasango luketen herrialdeak Australia hegoaldea eta Zeelanda Berria lirateke. Olatuen altuerak gora egingo lukeen sasoiak hego hemisferioko neguko hilabeteak lirateke. Alegia, mende honen amaieran, uztail, abuztu eta irailean surf egitera joateko norako egokiak izan daitezke Australia eta Zeelanda Berria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo