GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Gezurren museoa, surf liburuak eta historiarako izenak

Eskuz egindako sei liburu, autoreak egindako argazki, artikulu eta Lord Byronen olerkiekin. «The Surf Riders of Hawaii» 1914ko lehen itsaskiekin atera zen argitara

Nola da posible oraindik egiteke dagoen liburu bat, berau argitaratu baino bi urte lehenago opari gisa jasotzea? Gezur batekin ireki zituzten ateak, eta gezurrei esker jarraitzen dute ateek irekita

Surflari Ernegatua

Datorren maiatzaren 11n munduko lehen surf liburua enkantean jarriko da Costa Mesa hiriko areto batean, Kalifornian. A.R. Gurrey surflariak eskuz egindako lanak AEBetako presidente anitzen aurpegia izan dezaketen milaka papertxo jarriko ditu dantzan, eta altxorra txanpon bilakatu nahi duen bihozgabea 40.000 dolar amerikar eskuratuko dituelakoan omen dabil.

A.R. Gurrey lau urtez aritu zen lanean, artikuluak bildu, argazkiak atera eta buruan zuen proiektuari liburu forma ematen. Hui Nalu munduko lehen surf elkarteko kidea eta Duke Kahanamoku surf modernoaren aita lagun zituen morroiak bazuen zer kontatu, zer erakutsi eta zer idatzi. Antzinako hawaiiarrek olatuen gainean egiten zuten He'enalu izeneko kirol hura, haole zuriek surfing bilakatu zuten garai berean egindako liburua baita. Liburu historikoa.

Lord Byron poeta erromantikoaren olerkien doinu finak tinta beltzean igurzten zituen artean egin zituen liburuaren kopiak, banan-banan. Guztira, eskuz egindako sei liburu, autoreak egindako argazki, artikulu eta poeta britainiarraren idatziekin. «The Surf Riders of Hawaii» 1914ko lehen itsaskiekin atera zen argitara.

Iazko ekainean, Bilboko Itsasadarra museoan «Un siglo de surf» erakusketa ireki zen. Oraindik han jarraitzen du gure kostaldean surfak ehun urte daramatzala dioen gezurrak. Gezur batekin ireki zituzten ateak, eta gezurrei esker jarraitzen dute ateek irekita.

Ehun urteko ustezko historiaz mintzo direnek Ignacio de Arana kontsul espainiarra dute erreferentzia nagusia. 1912an Hawaiitik itzuli zen gasteiztarrak liburu bat eta surf taula bat ekarri omen zituen. Taularen arrastorik ez da, ezta kontsulak olaturik hartzeko saiakerarik egin ote zuenaren zantzurik ere. Liburua berriz, A.R. Gurrey surflariak egindako bera omen da. Galdera da. Nola da posible oraindik egiteke dagoen liburu bat, berau argitaratu baino bi urte lehenago opari gisa jasotzea?

Zerk bultzatzen ote du pertsona bat gezurra ardatz hartuta erakusketa bat antolatzera? Diruak? Baliteke. Baina, diruak bakarrik?

Artemisa jainkosaren tenplua munduko eraikuntza miragarrienetako bat izan zen. Ehun eta hogei urte behar izan omen zituzten berau egiteko. Kristo aurretik 356. urtean ordea, gau bakar bat nahikoa izan zen Efesoko eraikin zoragarriena errauts bilakatzeko. Inork ez du sortzailearen izena ezagutzen, birrintzailearena, ordea, aski ezaguna da. Erostato supiztaileak, surfaren ehun urteko gezur asmatzaileak bezala, historiara pasa nahi izan zuen. Eta lortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo