SURFA
Lapurdin hasiko da Ikastxiki eskola surf zirkuitua
Maider Arosteguy txapelketak emango dio hasiera Biarritzen Ikastxiki itzuliari.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Duela hamar urte sortu zen Ikastxiki zirkuitua eta hamar eta hamasei urte arteko surflariak biltzen ditu. Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek babestuta, surfa «Eskola Kirola» programan txertatu zen eta ordutik Euskal Erkidegoko ikasleentzat aukera bat gehiago da olatu artean ibiltzea. Honekin batera surf zirkuitu bat osatu zen, baina hasiera batean soilik Bizkai eta Gipuzkoako ikasleei zuzendutako itzulia izan arren, 2011. urteaz geroztik Lapurdiko haurrek ere parte har dezakete.
Egun, sei txapelketek osatzen dute Ikastxiki zirkuitua. Lapurdin txapelketa bakarra egiten da, Maider Arosteguy Quiksilver, lehiaketa garaia irekitzen duen txapelketa da.
Martxoaren 29, 30 eta 31n Europako surflari zaharrenetakoak aurki daitezkeen leku batean bilduko dira surflari gazteak, Biarritzeko Hondartza Handian alegia.