AIZKORA Desafioa
Bikoteak bigarren zatian erabaki zuen apustua
Felix Etxeberriak eta Oihan Larretxeak minutu eta erdi pasa atera zioten Joxemari Olasagastiri.
Jon LEUNDA
Felix Etxeberriak eta Oihan Larretxeak osatutako bikoteak irabazi zuen atzo Doneztebeko pilotalekuan jokatu zen aizkora apustua. Bi nafarrek mendean hartu zuten Joxemari Olasagasti. Emaitzaren gainetik, jendeak emandako erantzuna izan zen, ikaragarrizko jendetza batu baitzen desafioa ikustera. Inork zalantzarik baldin bazuen, agerian geratu zen apustuek zer nolako garrantzia duten.
Hogei kana-erdiko ebaki behar izan zituen Olasagastik eta bikoteko aizkolariek, berriz, hamarna. Aldaketa bostetik bostera egiten zuten. Alde bakoitzak 3.000 euro jarri zituen jokoan.
Bikote baten aurka jokatzeak zer nolako arriskuak dituen argi utzi zuen astean zehar Joxemari Olasagastik, eta azkenean igeldoarrak ezin izan zuen garaipena lortu. Etxeberria eta Larretxea oso ongi moldatu ziren, nahiz eta Berako gazteari lehen partean saioari tamaina hartzea dezente kostatu zitzaion. Aurreneko apustua zuen eta hori nabaritu egin zuen, nahiz eta bigarren zatian oso itxura ona eman zuen. Etxeberriak, berriz, bere lana ongi burutu zuen, baina baita gipuzkoarrak ere.
Lehen zatian emozioa handia izan zen. Bikotearen aldetik Etxeberria hasi zen lanean, eta bosgarren kana-erdikoan, Larretxeari txanda pasa zionean, 21 segundoko abantaila zuten nafarrek beraien alde. Lehen zatiko azken tartean, ordea, Olasagastik ia gaina hartu zion Larretxeari, eta 20 segundo jan zizkion, lan erdietan segundo bakar bateko aldea besterik ez baitzuten Etxeberriak eta Larretxea gazteak.
Eskarmentua
Felix Etxeberriak ere eskarmentu handia du, eta atseden hartu eta berriro lanari ekin zionean, berak zabaldu zuen tartea. Segundo bateko aldea izatetik 45ekoa izatera pasa zen, Larretxeari azken txanda eman zionean. Ordurako Olasagastik bazekien irabaztea ia ezinezkoa zuela. Alde handi samarra zegoen, eta gainera lehendabiziko zatian ongi ibili ez bazen ere, oraingoan Oihan bikain aritu zen.
Bikotearen denborak hauek izan ziren: 1.32, 3.37, 5.40, 8.19, 10.53, 12.35, 15.02, 17.53, 20.48, 23.40, 25.47, 28.28, 31.18, 34.10, 37-14, 39.18, 41.52, 44.37, 47.47 eta 51.28. Joxemari Olasagastirenak, berriz, beste hauek: 1.30, 3.53, 8.48, 11.14, 13.17, 16.16, 18.43, 21.06, 23.41, 26.44, 29.23, 32.18, 35.12, 38.00, 40.45, 44.06, 47.04, 50.26 eta 53.17.
«Hasieran libratu ezinik ibili naiz. Gero, bigarren txandan, lasaiago eta hobeto aritu naiz», esan zuen Oihan Larretxeak. «Pentsatzen dut lan ona egin dugula. Olasagasti menderatzeko ongi aritu beharra zegoen, eta garaipena eskuratu dugu», esan zuen Felix Etxeberriak.
Galdu arren, amaieran gustura agertu zen Joxemari Olasagasti. «Ez dut irabazi, baina egindako lanarekin gustura geratu naiz. Jendeak ere erantzun handia eman du, eta hori ere poztekoa da. Apustuak beste bizitasun bat ematen du», esan zuen Igeldoko aizkolariak.