GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA

Ostolatzak bost jasoaldi eman zizkion bost minutuan Xiete harriari

J.L.

Joseba Ostolatzak lan bikaina egin zuen Aizarnazabalen, bertako Xiete harria bizkarrean bost aldiz berdindu eta marka lortu baitzuen.

Harri zaila da Xiete harria, eta gutxi dira hori jasotzea lortu dutenak. Aurretik Goenatxo II.a, Urtain, Iñaki Perurena eta Agerre ziren hori bizkarrean berdintzea lortu zutenak, baina zestoarrak ere ez zuen hutsik egin, eta bera ere zerrendan sartu da.

Harria oso berezia eta zaila da jasotzeko. Kubikoaren itxura dauka harri honek, baina horrelako harriak baino handiagoa da. 190 kiloko pisua dauka, eta zailtasun askokoa da. «Gustura aritu naiz. Lehenengo, jasoaldi bat eman nahi nion, eta behin hori lortuta gustura jardun dut. Aurrera egiteko ere indarra ematen du honek», adierazi zuen Ostolatzak helburua bete eta gero.

Aimar Irigoien

Atzo, berriz, Etxaurin jokatu zen Etxauri Harria txapelketa, eta Aimar Irigoien izan zen garaipena erdietsi zuen kirolaria. Errezildarrak, gainera, txapelketako marka ere ezarri zuen, 17 aldiz berdindu baitzuen harria.

Etxauri Harria ere oso berezia da, zailtasun asko dituena. Heldulekurik gabea eta 136,5 kilo pisatzen duen harri trakets horietakoa da. Bost kirolari aritu ziren, eta bakoitzak bost minutuko txanda izan zuen lanerako.

Aimar Irigoienek lortu zuen garaipena 17 aldiz harria bizkarrean berdinduta, eta horrela lehiaketako marka berria ezarri zuen. Bigarren postua, berriz, Izeta II.ak eskuratu zuen, eta aiarrak 14 aldiz lortu zuen harri baldar hau bizkarrera jasotzea.

Hirugarren postuan, eta podiuma osatu zuena Joseba Ostolatza izan zen. Zestoarrak 12 aldiz jaso zuen, eta bezperako lana ere kontuan hartuta, ez dago batere gaizki. Laugarren postuan Josetxo Urrutia sailkatu zen, harria bederatzi aldiz jasota, eta Unai Bertizek itxi zuen sailkapena, sei jasoaldi eginda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo