KORRIKA 18
Begiek bat egiten dutenean sortzen den konplizitatea
Korrikara etortzea proposatu zidatenean, pentsatu gabe erantzun nuen baietz. Oraindik urria zen eta hain urrun ikusten nuen martxoaren 14a... Halere, buruan grabatua izan dut data hori ordutik: martxoaren 14tik 24ra, furgoneta baten barrenean hamar egunez, lo gutti eginda, nekatua....
Segituan iritsi zen eguna, eta lo faltarena eta nekearena egia da, jatearena ez, inoiz baino hobeki jan dudalako, eta furgonetarena, neurri batean. Gau bat eman nuen bertan, lasterketa Trebiñutik igaro zenekoa, ekuatorearen ospakizuna xanpainarekin korrika; gainerakoan aterpetxeetan edo hoteletan egin genuen lo. Baina has nadin hasieratik.
Koaderno bat erosi nuen maratoi honetara etortzeko, ertain bat, eta orri gutti batzuk gelditzen zaizkio zuri. Koadernoa eta boligrafoa eskuan ibili naiz batera eta bertzera bidaia osoan: furgonetan eserleku batean jartzen nintzen, belauniko edo hankak gurutzatuta normalean, jende aunitz ibiltzen baita lanean eta ahalik eta lekurik guttien okupatzeko. Gibeletik beti, gau eta egun, hamaika egunez segitu digun jendetzari begiratzen jartzen nintzen, eta beti banuen zer apuntatua.
Mikrofonotik animatzen aritu diren lagunei ere lapurtzen nizkien hitzak kronikarako: Iratiri, Amaiurri, Memelori, Gotzoni, Amagoiari, Asierri, Juleni, Mikeli, Estiri, Maikari... Harrituta uzten ninduten hauek. Goizean goiz ederki kostata maindire azpitik ateratzen nintzenean, erdi lo ibilgailura sartu eta dantzan eta txantxetan topatzen nituen beti: lelo berriak asmatzen, ileorde bat soka bati lotuta lasterkarien artera ateratzen, txakurra balitz bezala, furgoneta goiti eta beheiti mugitzen saltoka... Polita zen mikrotik zerbait erran eta jendeak nola erantzuten zuen ikustea: «Bat, bi, hiru eta salto!» agindu eta denak altxatzen ziren argazkiak egiteko; hurrena suge bat osatzea proposatu, eta sigi-saga segitzen zuten.
Lasterka egin bitartean apunteak hartzen ere ikasi dut, eta gero letra txarra deszifratzen. Ez da erraza korrika ari zarela elkarrizketa sakonak izatea eta hasierako egunetan kosta egin zitzaidan adierazpenak biltzea.
Egia erran, furgonetatik jaitsi eta igo ez ibiltzeagatik ere bazen. Hainbertzetan abisatzen zuten kontuz ibili beharra dela ez erortzeko, trukoa duela, gibelera begira jarri eta lehenengo hanka bat jarri behar duzula, eta segituan lasterka hasi... hasieran ez nintzela ausartzen sarri jaistera, eta han egoten nintzen geldi-geldi. Salto baten eta bertzearen eta bertzearen ondotik, berriz, erortzen ez nintzela ikusita, animatu egin nintzen. Hori bai, lankide batzuek bezala, autoa martxan dela jauzi egitea ez dut probatu.
Gure prentsa taldean sei lagun ginen, «Berria»-ko bat, Euskal Irratietako bertze bat, AEK-ko hiru eta GARAkoa. Bi auto genituen eta batzuetan lasterketa aurreratzen genuen, zain zeuden euskalakariei elkarrizketak egiteko. Izugarria zen sumatzen zen gogoa eta ahalegina. Hasierako egunak hotzak izan ziren eta, goizean goiz, elurretan bide bazterrean esperoan ikusten genuen jendea. Pirinioetako mendate izoztu eta luzeek ere ez zituzten korrikalariak kikiltzen.
Bide bazterretan jarritako zenbagailuek adierazten zuten noiz pasatuko zen martxa handik, kilometro zenbakia eta ordua agertzen ziren, eta jendetza egoten zen zain horien inguruan ordu bat eta bi ordu lehenagotik ere. Norbaitekin solasean hasi, eta Korrikako kanta aditzen bazuen, berehala moztuko zuen elkarrizketa «badator! Badator!» erranez. Ez zuten momenturik txikiena ere galdu nahi.
Euskalakarien ahalegina
Denetariko pertsonek egiten zuten bat euskararen aldeko ekimenarekin. Nafarroa hegoaldean ibili ginenean, adibidez, Erribera aldean aunitz ez ziren euskaldunak, euskaltzaleak bai, ordea, eta esfortzu handia egiten zuten laguntzeko. Euskara ikasleak ere baziren, aurtengo omenduak, euskaraz pentsatzeko hautua egin dutenak. Korrikalari ugari haurrak ziren, batzuk hain ziren ttikiak ez zekitela zer egiten zuten hor, makila arraro bat eskuan aitaren edo amaren besoetan, jendea txaloka eta oihuka begira zutela. Harrituta begiratzen zuten, eta batek baino gehiagok uko ere egin zion testiguari! Handixeagoek, berriz, agur egiten zuten eskuekin espaloitik, eta txalo, eta laster ere bai. Batzuk negarrez gelditzen ziren lasterketa joaten ikustean. «Ja? Badoa?».
Atarrabian, Ibon mutiko itsuak Eider lagunarekin batera eutsi zion testiguari eta denek negar egin zuten furgonetan.
Gaztetxoek, jada euskararen egoeraz eta ekimenaren esanahiaren jakitun, grinaz parte hartzen zuten. Subijanan lekukoa eraman zuenean denok liluratu gintuen Irati 13 urteko neskatilak bezala.
Baina bereziki hunkitzen nindutenak mantalarekin etxe ataritik atera eta lasterketa segitzen zuten amatxiak ziren, eta ukabila tinko igotzen eta estutzen zuten adineko pertsonak. Halako pila baten ondotik pasatzen ginen, eta beti sentitzen nuen ziztada bularraldean. Nola hunkitzen ziren ikustea, ze indar transmititzen zuten, edo Faltzesen adibidez, makilarekin ikusmiran zeuden Rufino eta lagun jubilatu guztiek ze poz hartzen zuten halakorik herrian ez zutelako inoiz ikusia, zoragarria zen. Laster egiteko kemena ere bazuten, Iruñeko Sasoia elkartetik Vergalijora kilometroa egitera joan ziren jubilatuek eta bilobarekin batera Zestoan lekukoa eraman zuen Mirenek kasu.
Barrena gainezka
Furgonetatik autora eta hemendik errepidera saltoka ibili gara kazetariak, eta malkoak atera zaizkigu espaloietatik txaloka hartu gaituztenean. AEK-ren parte sentitu gara, Korrikaren parte, gure kontakizunekin aletxo bat jarriz. Euskara elkarri emanez Euskal Herri osoa zeharkatu dugu hamaika egunez, Andoaindik Baionara, eta koadernoa eta barrena gainezka iritsi gara helmugara. Mila irudi, mila ahots eta sentimendu ditut hau idazteko unean barrenean borborka, Lapurdiko hiriburuko erredakziotik kaleari begira. Bete-beteta ageri da Kalostrape ingurua, jendea poteoan dabil Korrikaren azken jaia ospatzen.
Edurne Brouardek afari batean komentatu zigun bezala, Kalostrapen xanpaina egoten da beti ekitaldia amaitu eta gero. Han biltzen dira furgoneteroak, AEK-ko kideak, antolatzaileak, gonbidatuak... euskararen alde topa egiteko. Partaide guztiek bat egiten dute xanpainarekin eta batasun hori betiko da, beti barrenean gordetzeko. Atzo jende pila bildu ginen ostatu honetan. Antolatzaileak hunkituta, negarrez zeuden ekitaldia eta Amets Arzallusen irakurketa hagitz ederrak izan zirelako, baita Korrika osoa ere. Aipatzen zutenez, aitzineko edizioan «zoragarria» hitza erabili zuten hitzetik hortzera eta aurten «mundiala» izan daiteke hobekien definitzen duen adjektiboa, lasterketa hau ere mundura zabaltzen ari delako.
Orain, ospatzera, bidean lagundu gaituzten eta Baionan bildu diren euskaltzale guztiekin, buruan mila irudi baina batez ere bidaian jendea agurtu eta begiek bat egitean sortutako konplizitatea dugula. Furgonetako konplizeei, berriz, esker on, guzti-guztioi!
Maider IANTZI