«Uste dut Silveira honek badaukala zer eskaini garai berria omen den honi»
Nafarroako bertso txapelketako irabazlea
Zazpigarren txapela etxeratu zuen larunbatean eta, berriz, txapelpean lokartu zen. Eta, norbaitekin lo egiten denean bezala, sekulako poza eman zion esnatu eta txapela ikusteak. Erregularretik hasi eta goitik bukatutako saio baten ondotik etorri zitzaion saria. Ez zuen espero, eta gutxiago «erregular» aritu izanagatik. Orain gutxira arte Silveira eta erregularra ezkontzen zailak baitziren esaldi berean.
Amagoia MUJIKA | LESAKA
Inoiz baino goizago egin dugu hitzordua. Ordu txikitan etxeratzea espero genuen, baina ez da hainbeste luzatu gaua. Ospakizuna desberdin joan da, lasai eta «petit comite»-an. Finalean ere «desberdin» sumatu genuen, erregular eta patxada eleganteaz. Segur aski aurreko sei aldien tamaina berekoa da txapela janzteak eman dion poza, baina pozaren esentzia ere desberdina iruditu zaigu: poz pausatua.
Nire bizitza aldatu egin da eta Silveira hau ere bertsotan jarri nahiko nuke. Horixe esan zenuen txapela jantzi berritan.
Bizimodua aldatu dut. Ez zait beste aukerarik geratu. Lehen kalean eta tabernetan bizitzea bazegoen; orain, ez. Ez bakarrik dena oso garestia delako, baita dagoeneko jendea ez delako kalean bizi. Gehienok etxean bizi gara, baita ni ere. Bestetik, aurpegi desberdinekin egoera berdinak behin eta berriz bizitzen pixka bat nazkatuta nengoen. Orain gauez oso gutxi ateratzen naiz, are gutxiago larunbat gau masibo horietan. Dena lasaiago doa nire bizitzan.
Zazpigarren txapelaren ospakizuna ere aurrekoen desberdina izan al da?
Bai, azken agurra desberdina izan den bezala. Aurrekoetan gauza mediatikoak edo egin izan ditut; oraingoan gertukoak eta etxekoak izan ditut gogoan. Orain arte erabat politikarekin lotuta bizitzen nituen ospakizun hauek, jende askoren artean, nire pertsona bigarren tokian utzi eta gehiago aurreko urteetan Silveirak eraiki zuen pertsonaia horren bueltan. Atzo (larunbata) elkarrizketa txiki pare bati erantzun eta Donibane Lohitzunera joan nintzen. Nire lagun batek astelehenean (gaur) jakingo du kartzelan sartzen duten edo ez, eta gehienez hamar lagun egon ginen nire txapelaren aitzakian garagardo batzuk edaten. Baina Ipar Euskal Herria izaki, ba ordu bietarako etxean.
Zer moduz egin duzu lo txapelpean?
Pozik. Lo zaudenean ez dago ezer, ametsen bat akaso. Norbaitekin lo egiten duzunean ona da esnatzen zarenean hor dagoelako. Txapelarekin antzekoa gertatzen da. Esnatu eta txapela ikusi dudanean sekulako poza eman dit. Baina, egia esan, pixka bat kostatzen ari zait asimilatzea.
Txapeldunaren izena eman zutenean zigarro bat pizteko pronto zinen. Ez zenuen asko espero zure izena entzutea.
Egia esan, ez. Hogei puntuko edo gehiagoko aldea zegoela eta buruz burukorik ez zela egongo esan zutenean, nire izena baztertu nuen kinieletatik. Ez nuen espero ni lehena izango nintzenik. Julioren izena entzutea espero nuen, eta hala esan nion ondoan nuen Erikari ere.
Buruz burukoa egonez gero, zu prest, noski. Horrelakoen zalea zara.
Bai, baina beldur pixka bat ere ematen didate halakoek. Larunbateko finalean nahiko indartsu iritsi nintzen puntuak emateko garaira, eta buruz burukoa egonez gero, uste dut nahiko saio txukuna egin ahal izango nuela. Baina urteren batean igarri izan dut nekea eta ni fisikoki ez naiz indartsua. Horrelakoetan beldurra sentitu izan dut. Julio, esaterako, bai bertsolari bezala bai forma fisikoan indartsua da, eta oso lehiakorra, gainera. Bai, gustatzen zaizkit buruz burukoak eta halakoak, baina azken bietan berak irabazi izan dit. Pena buruz burukorik ez zelako izan? Pena handiagoa emango lidake, txapela Juliok irabazi izan balu.
Saioaren lehen zatian erregular aritu zinen, eta bigarren partean egin zenuen gora.
Niri esan izan balidate `gaur irabazi duenak saio erregularra egin du eta bukaeran gora egin du', ez nuke nire izena jarriko definizio horren ondoan. Eta segur aski, hor lortu nuen txapelaren erdia baino gehiago, erregulartasun horretan. Baina nik neukan sentsazioa bestelakoa zen: `ez badut ezer gaizki egin, seinale ez dudala ezer ongi egin. Beraz, ez dut ezer egin'. Puntuak jarri zizkidaten garaian kasik etsitzear nengoen, eta hortik aurrera egin nuen gora.
Kartzelakoan pistola bat hartu zenuen eskuan. Aterabide gordina topatu zenion gaiari. Garbi izan zenuen bidea?
Bai, hori esan nahi nuen. Hirugarren bertsoa urak baretzera bideratu nuen, lehen biak oso gogorrak izan zirelako. Ez da gogortasun gutxiagokoa munduan hainbat eta hainbat herrik bizi duten egoera, baina guk bizi dugun gizarte hipokrita honetan, sentsazioa izan nuen pasatzen ari nintzela. Hirugarren bertsoa aurreko biak baretzera etorri zen. Gaiak benetan kantatzeko, benetako emozioak sortzeko, oraindik ez dut beste bide bat aurkitu. Era berean sentitzen nuen Euskal Herrikora sailkatzea zela helburua eta apustu gogorra egin behar nuela bakarkakoan. Ondo ateraz gero, akaso asko haserretu egingo ziren, eta beste asko poztu. Baina hori da bertsolari batek egin behar duena; emozioetatik emozioak sortu. Banekien bide horretatik asma nezakeela. Kontua da oraindik nahiko tabua dela hain berriki bukatu den gauza bat ahotan hartzea, oraindik ez dugu hitz egiten azken hogeita hamar urtean gure egunerokoaren zati izan den horri buruz.
Doinu berria ekarri zenuen gainera.
Nire anaia Jonena da. Askotan haserretu egiten da bizpahiru doinu egin dizkidalako eta inoiz ez dudalako aipatzen. Amy Winhouse zenaren abesti batetik sortua da doinua. Eta erdia anaiak berak egina ekarri zidan. Ni oso gustura sentitu nintzen bakarkakoan doinu horrekin, lehen aldiz erabili nuen finalean eta eroso sentitu nintzen. Gustatuko litzaidake bi bat urte utziko balizkidate nire doinuaz gozatzeko, ze aurrekoa gehiegi entzun da. Ni oso pozik nire doinua erabiltzen dutelako, baina agian entzulea aspertu egin dute doinu horrekin.
Zazpigarren txapela. Asko dira, baina bakoitzak usain propioa izango du, noski. Zer dakarkizu azken txapel honek?
Pentsatzen dut bertso munduan iragana nintzela askorentzat. Bestetik, txapelketetan eta bakarkakoetan batez ere, gehien landu dudan gaia desagertzera doa. Garai berriak omen dira. Garai hauetara eta edozeinetara moldatzeko gai naizela dakidanez, sentitzen dut txapel honek hara eta hona bertsotan ibiltzeko leku bat ekarriko didala. Uste dut Silveira honek badaukala zer eskaini, horregatik pozten nau txapelak. Politikoki garai berriak dira, baina sozialki inoiz aldatu ez den garai honi bertso bat baino gehiago botatzeko zeresana badudala uste dut.
Eta, eskaintza, goizetan jasaten zaituztenentzat. Hain jasanezin esnatzen zara ala?
Ni baino gehiago, Silveira. Plazak utzita egon nintzen urtean banituen zenbait jarrera `abstinentzia sindromearenak'. Gerora konturatu naiz bertsoaren eta plazen premia nuela. Askotan ez da erraza Silveirarekin bizitzea. Nik prentsan idatzitako edozein txorakeriari mila punta ateratzen zaizkio; gaur egun erraza da klik batekin iritzia ematea; batzuetan irakurri behar ez nituzkeenak irakurtzeko tentazioa izan dut.. ni umetatik bizi naiz Silveirarekin, baina besteentzat pentsatzen dut ez dela erraza.
Orduan bi zarete?
Bi bakarrik bagina, gaitz erdi. Bai, gero eta argiago bereizten ditut bertso mundutik eta kultur mundutik hainbeste zabaldu den izen eta argazkia eta ni. Xabi eta Silveira deitzen diet nik. Nahiko pertsona desberdinak dira publiko aurrera ateratzen dena eta etxekoekin eta lagunartean egoten dena.
Bat baino gehiago harritu egiten da; `Silveira berriz txapelketara? Ez al zegoen txapelketekin eta plaza ofizialekin haserre?'.
Tira, nire ama ere nirekin askotan haserretu izan da, eta gaur amarenean nago. 2012ko urtarrilean Etxerateko saioan esan nuen plaza ofizialetatik apartatzeko asmoa nuela. Beharra nuen kanpotik ikusteko zer gertatzen ari zen nire bizitzarekin. Sentitzen nuen olatu batek eramaten ninduela eta ni, irribarrez, eramaten uzten nintzela. Bertso saio handi horietara ez agertzeko arrazoia hori zen; hainbeste jenderen artean egon nahi ez izana. Bestetik, bertsolaritza garatzeko beste modu bat nahiago dut. Hortik aldendu nahia neukan. Gutxira konturatzen hasi nintzen formatu handi horiek desagertzera doazela. Nire asmoa zen lehia sustatzea, desafioak eta horrelakoak antolatzea. Baina denbora berean lasaitasun behar ikaragarria sentitu nuen eta ez nengoen ni plaza alternatiboak antolatzeko moduan. Iragarri nuen 2013ko txapelketa nagusia pasatu arte ez nintzela plazetan ibiliko.
Eta espero baino lehenago bueltatu zara.
Bai, gehienbat `monoa' nuelako. Gainera, Euskal Herriko txapelketara sailkatu nahi izanez gero, Nafarroakotik joan behar nuen. Eta saio bat bera egin gabe txapelketara aurkeztea suizidio bat izango litzateke. Azaroa-abenduan hasi nintzen saio batzuk egiten, baina ez asko.
Esanak esan, eta zuri buruz asko esan izan da, finalean babes izugarria jaso zenuen: Entzuleak zutik eta kantukideak estimatzen zaituztela kantatzen.
Oholtzakideen artean beti sentitu izan naiz maitatua eta estimatua. Haiek oso gertutik ikusi izan dituzte nik bizitako gazi-gozoak, batetik bestetik adina. Beraiek ondo ezagutzen dituzte biak, Silveira eta Xabi, eta nire pozarekin beraiek ere pozteko arrazoiren bat badute.
Eta bertsozaleak ere aupatu zintuen.
Poz handia izan zen. Nik atentzio handia jartzen dut gorputz lengoaian eta lehen agurrean, «txapeldun bakar bat behar bada irabaz beza euskerak» kantatu nuenean, iruditu zitzaidan jende askori zurikeria iruditu zitzaiola. Igual dena nire buruan dauden mamuen gauzak dira, baina egia da txapeldun izan eta jendea zutitu baino bi ordu lehenago nahiko mesfidati nengoela. Gero kontrakoa adierazi zidatenean, asko asko poztu nintzen. Amagoia MUJIKA