GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Izango dugu astia

Amaia zaren arren, hasi baino ez gara egin eta. Zu izaki, ni izeko. Hain zara txikia, eta arina, egun osoz edukiko zintuzket nire besoetan, zure musu gorri eta oraindik urratuari begira. Zein gogorra izan behar duen amaren sabelaren berotik mundu honetarako irteerak... nahiz eta zuk ez duzun hori sekula oroituko, beste guztiok bezala, mundua ez dela amaren sabela bezain babesleku epela goiz konturatuko zara, baina oraindik urrun daukazu horren kontzientzia hartuko duzun une ezabaezina.

Orain ñimiñoa eta odol-haragi-azala zara, guztiz egiteke zaude. Neskatila egiteko denbora igaro beharko da, eta emakume egiteko aroak igaro beharko dituzu, haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa, eta hor noizbait emakume bilakatu zarela sentituko duzu, uneren batean, oso zurea izango dena, ez baita arau guztioi hedagarria, ezta gutxiago ere, nork bere buruaren kontzientzia hartzen duen momentu hori.

Besoetan zaitudala hainbeste kontatu nahi dizut. Adibidez, zure aita eta biok haurrak ginela gure etxean bazegoela liburu bat, komiki erakoa, Amaia zuena protagonista. Mila aldiz pasa nituen orri haiek, euskaldunok zehazki zer ginen ez nekiela ere; oroitzen dut sua, oroitzen ditut mendi eta leizeak, eta oroitzen dut Amaia hori euskal erresistentziako buruzagiarekin maitemindu zela, eta bere ondoan borrokatu. Euskalduna zarela ere jabetuko zara poliki-poliki; erresistentzia eta borrokaren berri izango duzu, surik eta ezkutalekurik gabeko borrokak zenbat balio duen ere, ziur asko, zuk eta zure belaunaldikoek ikasiko duzue. Bizitza hori ere badelako, borroka txiki eta handiak, norberarenak eta kolektiboak, bizitza askea eta duina izango bada. Euskalduna eta emakumea izango zara, eta beste gauza asko, baina nik gogoa dut zuri kontatzeko, milaka pasadizoz gain, emakumeon munduak badituela bere berariazko kontuak, berezitasunak, eta historia. Gogoa dut zuri esateko, horretaz ohartzen zarenean, inguruan izango dituzun emakumeengan ikasbide paregabea aurkituko duzula, zentzu zabal askoan, eta galdetzeko, galdetzeko beti, lotsarik gabe, gure bizipenak eta ikaskuntzak zuri transmititzeko nahiak ez duelako mugarik, ezta sekreturik ere, izango.

Osatuz joango zaren bide horretan, zure bizitzan, ama eta aita izango dituzu habe, aterpe, bihotz eta hezitzaile, ezinbesteko bidaide, baina baita beste zenbait pertsona ere, maitasunez gainezka dagoen lagun-sare zabal batean sortu zara eta. Geroago ehunduko duzu zuk zeure sarea, eta egun batean jabetuko zara horretaz ere, maitasuna dela mundu honetan eduki daitekeen ondasunik preziatuena, nahiz eta, tarteka, izan mingarria; nahiz eta, noizbehinka, izan nahasgarria; nahiz eta, batzuetan, izan nekagarria, amorragarria, iheskorra... bada maitasun klase bat, ikasiko duzu, gauzak izugarri okertu ezean, behintzat, betikoa dena; bizitza aldapaz gora jartzen zaizunean ere, eta inoiz baino sarriago jarriko zaizu, sostengatu eta aurrera egiten lagunduko dizuna. Elkartasunez, errespetuz eta laguntasunez osaturiko maitasuna da.

Baina izango dugu astia, Amaia, honetaz eta hartaz luze aritzeko...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo