BERRIA | Anjel Lertxundi, 2013/3/26
Europa
Europarrak gara, Europa dugu amets, herrien koloreekin margotua dago gure ametsetako mapa. Askotarikoen kulturarekin ehundutako kultura askotarikoa bizi du eta entzuten zaio ametsari. Gerra ankerrenen zelai odoltsuetan ernaldutako askatasunaren lurralde bat eraikitzea du helburu: giza eskubideen arrago eta printzipio demokratikoetan oinarritutako elkarbizitza baten berme izango dena.
Izatekotan, Europan izango ginela esaten ziguten, esaten genuen. Bestenaz, gureak egina zuela berea. Baina zenbat amets daude, zenbat Europa kabitzen dira ametsotan? Mitoak egia eternoak omen dira, baina errealitateak, mitoak bezain egoskorra edo egoskorragoa baita, Ziprera begira jarri gaitu: Europa dirua da, merkatuaren egitura du, kapitalismoaren bihotz sentimendurik gabea du arnas.
Europa oso urruti dabil amesten genion norabidetik. Horrexegatik: inoiz baino gehiago behar dugu gure ametsen neurriko Europa.