Iker Beristain | Euskal preso politikoa
Hamar urte jada
Izugarria da zein azkar igarotzen den denbora, Aranjuezeko mintzatokietan abokatuak zure galeraren berri eman zidanetik 10 urte joan baitira, eta di-da gainera, nahiz eta urteotako bizipenak ikusita, askotxo dela konturatu.
Pentsa ezazu zer-nolako aldaketak izan diren Euskal Herrian urte hauetan, eta hain urrun joan gabe, iaztik aldaketa mordoa izan dira, ez nahiko genituzkeen guztiak, baina hori ere iritsiko da, nola ez ba?! EAEn hauteskundeak izan ziren Basagoitirenek putxerazo Lopez bakarrik utzi eta hilabete gutxira, euskal jendarte abertzale eta ezkertiarrak EH Bilduren aldeko hautua egin zuelarik, 21 eserleku lortuz. Jeltzaleek, hiru urte eta erdian umezurtz egon ondoren, nahi zutena lortu zuten, Ajuria Enea berreskuratzea eta beharbada sinetsiko ez baduzu ere, Urkullu tristea da lehendakari berria. Hala ere, PNVren jarrera betikoa da, garrantzitsuak diren gaietan etsaiaren eta bere interesen mesedetan aritzen baita, lotsarik gabe eta herritarren gehiengoak eskatzen duenaren aurka eginez.
Bestetik, eta ilegalizazio urte luzeen ondoren, ezker abertzaleak badu alderdi berria, Sortu, otsaileko Kongresuaren ondoren errealitate bilakatu dena, azken hilabeteotan Euskal Herriko herri eta auzo guztietan izandako eztabaida prozesuari amaiera ederra emanez.
Gure herria eraikitzen jarraitzeko badugu beste tresna bat, baina ez bakarra, gazteek ere Zukgua eztabaida prozesuaren ondoren Ernai jarri dute martxan, euskal gazteriaren lana eta aportazioa Euskal Herriaren alde jarriko duena. Udalbiltza ere errepresio urte gogorren ondoren martxan dago jada.
Presooi buruz zer esan, ba etsaiak temati darraiela bere immobilismoan gatazkaren ondorioak konpontzeko inolako asmorik gabe, 197/2006 doktrina dela-eta Estrasburgon ezarritako helegiteak eta Iosu Uribetxebarriaren aferak argi eta garbi erakutsi zigutena. EPPK-k eta euskal jendarteak borrokarako grina badugula islatu genuen, gose greba mugagabe baten ondoren Iosuren askatasuna lortuz, garaipen handia benetan eta Estatuari agerian utzi genion ez duela sekula lortuko bilatzen ari dena: gure damua eta errendizioa.
Etsaiak ez digu ezer oparituko, bagenekien hori eta gure lan eta borrokaz lortuko ditugu gure helburuak. Jarrera hau, dakizun bezala ez da berria, Simon Bolivar, Jose Marti eta beste hainbat iraultzaileren borrokari esker zituzten kolonietatik kanporatuak izan baitziren (agur eta ohore Chavez komandantea!!).
Horrela ba, geureari eustea dagokigu gure helburu eta ametsak errealitate bilaka daitezen.
Izan gaizto eta eutsi beti zaren horri!! Lortuko dugu!!