Lurralde Elkargoaren aldeko elkarretaratze handia, ekainaren 1ean
Lurralde Elkargoaren sorreraren aldeko borrokan, hitzordu nagusi bat ekainaren 1ean izango da, Baionan. Frantses Gobernuak behin eta berriz ukazioaren bidez erantzun dio aldarrikapenari, eta beraz, proiektuaren bultzatzaileek borroka indartzea erabaki dute. Deszentralizazio legearen III. akta eztabaida gai den honetan, lehen ekintza bat iragarri dute apirilaren 27rako. Goi biltzar horrek ateak zabalduko dizkio ekainaren 1eko hitzorduari, ekitaldi «handiari».
Ainize BUTRON | BIARRITZ
Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoaren sorrerari Parisek emandako ezezkoak ez ditu lekuko agintariak eta gizarte eragileak geldiarazi. Aldarrikapena ozenki zabaldu nahian, ekinez ekitea erabaki du Koordinazioak, hau da, Hautetsien Kontseiluak, Lebranchu ministroarekin bildu zen ordezkaritzako kideek, Garapen Kontseiluak, Hautetsien Biltzarrak, Industria eta Merkataritza Ganberak eta Batera plataformak osaturiko koordinadorak, eta horretarako bi hitzordu nagusi antolatu ditu.
Parisen Deszentralizazioaren III. aktaren lege proposamena eztabaidatzen ari diren une berean, Ipar Euskal Herriko hitza entzunaraziko du Koordinazioak, lehenik, apirilaren 27an Lurralde Elkargoari buruzko goi biltzarra antolatuz Baionako unibertsitatean.
Ipar Euskal Herriko gizarte eragileak, agintari politikoak, kultur eta ekonomia arloko ordezkariak gomitatu dituzte parte hartzera. «Hobeki informatzea, eztabaida piztea eta hobeki konbentzitzea da abiatu dugun ekintza plangintza horren xedea», azaldu zuen Jean-Jacques Lasserrek, Hautetsien Kontseiluko buru eta senatari denak.
Batera plataformaren izenean, Martine Bisautak nabarmendu zuen Parisi «existitzen garela erakutsi» beharra. «Zaila badirudi ere, horretarako, boz bakar batez hitz egin behar dugu».
«Proposamen modernoa»
«Lurralde Elkargoaren proiektua Departamenduaren aldarrikapena baino abstraktuagoa da, beraz, ezinbestekoa da horren inguruan komunikatzea. Apirilaren 27ko goi biltzarra bilkura pedagogikoa izango da, argiki zer nahi dugun adierazteko», esan zuen Bisautak. Biltzarrak ateak zabalduko dizkio ekainaren 1ean Baionan izango den ekimen «handiari». «Lurralde elkargoa, orain!» aldarrikapen nagusiarekin, elkarretaratzea herrikoia izango da. «Gobernuak irudikorrak izatea eskatu zigun, eta horrela egin dugu, instituzio proiektu ezin modernoago bat proposatuz», gehitu zuen. Deszentralizazio Legearen testua apirilaren 10ean ministroen Kontseiluak aztertuko du, aurreikusitakoaren arabera. Jarraian, Senatura pasatuko da, eta une horretarako deitu dute Baionako elkarretaratzea.
Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak landutako lege proiektuan zer-nola eragiteko aukera legokeen galdetzean, Frederique Espagnac senataria zuhurtasunez mintzatu zen: «Proposatua izango den testuaren arabera erabakiko dugu zein ekintza forma bideratu». Hautetsien artean «adostasuna» dagoela erakustea garrantzitsua dela esan zuen. «1981ean proiektuak porrot egin zuen hautetsien artean batasunik ez zegoelako», ohartarazi zuen, eta Koordinazioaren sorrera «ekimen historikoa» dela nabarmendu zuen.
Baionan antolatutako bi ekintzen oihartzuna frantses Gobernuari helarazteko xedearekin, Koordinazioko kideek Parisen prentsaurreko bat egiteko asmoa dutela jakinarazi zuten atzo.