GARA > Idatzia > Kultura

iŃAKI DORRONSORO | Eusko Ikaskuntzako lehendakaria

«Aitzinakoekin distantzia hartu beharko da, aurrera egin nahi badugu»

Bere ibilbide profesionala Mondragon Korporazioari lotuta egon da, baina erretiratzean, Iñaki Dorronsoro (Ataun, 1947) Eusko Ikaskuntzako lehendakari hautatu zuten 2012ko uztailean. Bera izan zen hautagai bakarra, eta 3.000 bazkide inguru dituen erakundearen seigarren lehendakaria da. Barne hausnarketa prozesua eta egoera ekonomikoari aurre egitea ditu lehentasun.

p048_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

1918an sortutako Eusko Ikaskuntza (EI) erakundeak ez du egoera samurra bizi. Hiru urtetan diru sarrerak ia erdira jaitsi zaizkie eta zazpi langile kaleratu dituzte. Horrez gain, barne hausnarketa prozesua zabaldu du Iñaki Dorronsoro lehendakari hautatu berriak, EIren etorkizuna nondik nora joango den erabakitzeko.

Uztailean hautatu zintuzten lehendakari. Zer topatu zenuen?

Urak nahasiak zeudela. Barnean bazegoela egonezin bat, eta bestalde, gure egoera ekonomikoa izugarri txarra zela.

Egonezina zein zentzutan?

Ez dakit egoera ekonomikoak eraginda edo, aurreko ibilbidearekin gatazka batzuk, historian hartutako zenbait erabakirekin aurkako sentimenduak. Desegituratutako erakunde bat, hainbat haustura dituena.

Organigrama zaharkitua aipatu zenuen.

Organigrama baino gehiago gobernu antolaketa bera, daukan tamaina izanda, oso astuna da, eta gainera ez dago garbi osaera bera. Batzorde Iraunkorrean berrogei pertsona daude. Gu bezalako 2-3 milioi euroko aurrekontuko erakunde batek gaurko egunean eduki behar ditu organo garbiagoak, funtzioak garbi azalduta...

Zein aldaketa ikusten dituzu behar-beharrezkoak?

Uste dut EIren zereginak berdin jarraitzen duela, nahiz eta ia ehun urte pasatu. Gaurko Euskal Herrian ere milaka erronka dauzkagu, eta badaude gaiak ikasteko, ikertzeko eta zabaltzeko. Jarraitzen dugu izaten Euskal Herri osoa gure gain hartzen dugun instituzio gutxietako bat. Aldaketa nagusia barne funtzionamenduan ikusten dut, nola aukeratu egin behar dugun lana. Eta gobernu organoak sinplifikatu egin behar direla uste dut, Batzorde Iraunkorra jende gutxiagorekin antolatu, eta Eragilea, eragile izan dadila.

Duela ia ehun urte, sorreran, instituzioen babes zabala izan zuen EIk. Babes hori mantentzen al da?

Ez. Orduan, Hego Euskal Herriko egitura administratiboa -Iparraldea beti egon da ikuspuntu horretatik pixka bat galduta- orain baino hobea zen. Aurrekariak, Campion eta bere taldea, nafarrak izan ziren. Lehenengo planteamendua Nafarroako Diputaziotik etorri zen, eta segituan Gipuzkoakoa, Bizkaikoa eta Arabakoa batu ziren. Gaurko egunean atzera joan gara. Hasteko, Nafarroako Gobernuak azkeneko urte hauetan zerbait eman digu, baina apenas. Erkidegokoek jarraitzen dute laguntza ematen, Eusko Jaurlaritzak ere bai, baina hori pixka bat beherantz joan da. Zergatik? EI sortu zenean, Euskal Herrian ez zegoen ezer euskal kultura eta gizarte ikasketarako, ez zen unibertsitaterik. Hutsune hori betetzeko sortu zen. Orain Eusko Ikaskuntzari esparru hori txikitzen joan zaio. Administrazio publikoak unibertsitatea sostengatu beharrean daude.

Zein litzateke orduan gaur egun bere esparrua?

Barne hausnarketa prozesu batean gaude. Hori da lehentasuna. Arazo ekonomikoa hor dago, baina hau garrantzitsuago da. Nire planifikazioa da maiatza inguruan dokumentu oinarrizko bat mahai gainean jartzea. Gero ikusiko dugu estatutuak aldatu behar diren. Bazkideek dute hitza, beraz, nik erantzungo ditudanak neure burutazioak dira. EI unibertsitate kontzeptuarekin sortu zen, eta nik uste gaurko egunean distantzia bat hartu behar dugula. Horrek ez du esan nahi elkarlanik egin behar ez dugunik. Bere identitate propio bat onartu behar diogu: Euskal Herri osoa hartu, instituzio independentea izatea, anitza, ideologia baten edo beste baten bidetik ez joatea, egiten dituen lanak irizpide zientifikoetatik joatea, ez «opinatika» bakarrik. Horri eutsiz, EIk izugarrizko esparrua dauka Euskal Herrian gaurko egunean. Gai horiek talde multidiziplinar batzuekin aztertu, sakondu, eta bai erakunde politikoentzat eta batik bat gizartearentzat, hemen ateratzen ditugun ondorioak mahai gainean jar ditzakegu, baita proiektuak proposatu ere, dauzkagun hutsune batzuk betetzeko.

Hausnarketa prozesuan, adostasuna ala eztabaida dago?

Hirurogei bat pertsona elkarrizketatu ditugu, eta lehenengo, kategorizazio bat egin dut. Gutxienez hiru eredu ezberdin ikusten ditut. Bat, akademikoa, sorreraren garaikoa. Bestea, historikoa, euskal kultura deitu diodana. Sorreran zientzialariak ziren batik bat, antzinako kulturari lotutakoak. Joxe Migel Barandiaranen lana, Aranzadi... Hori dena desagertzera zihoanez izugarrizko lana egin zuten beraiek. Tradizio horrekin lotutako sektore potentea daukagu. Badago oraindik jendea Barandiaranekin lanean ibilitakoa. Hirugarren bati eredu modernoa deitu diot. Ikusten dute antzinakoekin ez dugula hautsi behar, baina pixka bat gainditu egin behar dugula. Badago jendea kristoren lana egin duena, errespetagarriak direnak, baina distantziak hartu beharrekoak dira aurrera jarraitu nahi badugu. Nik mahai gainean jarri ditut, hortik abiatzeko eztabaida.

Hirugarren bide horretatik jotzen duzu zuk?

Bai, uste dut horretara joan behar dugula. Baina momentuan mahai gainean daude.

Uztartu daitezke hiru bide horiek?

Bai. Uste dut EIk jarraitu behar duela zientifikoa izaten eta ikerketa egiten. Baina multidiziplinaren irizpidearekin lan egin behar du. Orain arte espezializazioen sailkapen hori dago, hori beste era batera egin behar du. Eta bestalde, apurtu egin behar da unibertsitatearen paradigma, goi mailako aldizkarietako aipamenen arabera neurtzea norberaren ikerketak. Ez dugu zertan ibili zirkulu horretan. Gizarteko arazoak identifikatu behar ditugu, irizpide zientifikoak landu, eta goi mailako aldizkarietan sartu gabe, gizarteratzeko instrumentuak erabili gure lana helarazteko. `Euskal kultura' ereduari dagokionez, nik uste mantendu egin behar dugula. Baina euskal gizarte orokorraren barruan esparru berezi bat bezala tratatuta. Euskarazko kultura eta euskal kultura, hor ere argitu beharko dugu gure posizionamendua. Uste dut euskal kultura esparrua bere heinean landu behar duela. Euskal kulturarekiko lotura birformulatu eta indar handiagoarekin kokatu behar da.

Hutsuneak ikusten dituzu zuen lana gizarteratzerako orduan?

Kontraesanak dauzkagu. Sektore akademikoak eskatzen du gure publikazioak eskema akademikoekin egiteko. Beste sektore batek pentsatzen du hori muga bat dela. Ez dugu aldizkaria bakarrik, kongresuak oso garrantzitsuak izan dira, foroak, jardunaldiak...

Laguntzak ia erdira jaitsi dira. Zein dira EIren diru iturriak?

Bi kategoriatan sailkatzen ditugu. «Jeneralistak» deitzen diogunak, administrazio publikoek erakundeari ematen diotena; eta bigarrena, proiektuka lortzen duguna. Gutxi gorabehera, erdibana izan dira orain arte, baina orain jeneralista jaitsi egin da, %40ra edo. Madrileko Kultura Ministerioak, orain bi urte, 600 mila euro ematen zizkigun, borobilduta. Hortik etorri zaigu lehenengo egurra. Lehenengo urtean erdia eman ziguten eta iaz erdiaren erdia. Momentu honetan 140.000 euro dira. Erkidegoan, diputazioek eta Eusko Jaurlaritzak, kristoren esfortzua egin dute, %10 inguru jaitsi dute iaztik. Gipuzkoak jeneralista igo egin du, iaztik 20.000 euro gehiago. Aldiz, 2.0 programa itxi egin dute, eta horrek 190.000 euro gutxiago esan nahi du fundazio batentzat. Arabakoak ere igo egin digu, 5.000 euro inguru. Bizkaikoak ere mantendu egin digu. Eusko Jaurlaritzak, oraindik ofizialki ez dakigu, baina %10 bat jaitsi digu. Nafarroan Gobernuarekin bilera batzuk egin ditut, Iruñeko alkatearekin ere bai, baina jeneralistarik ez daukagu, eta zerbait lortzeko, Nafarroan erregistratutako identifikazio fiskaleko zenbaki bat behar dugu. Iparraldean egituraketa instituzionala oso zaila da. Udaletxe batzuk laguntzen digute.

Murrizketa honek zein erabaki harrarazi dizkizu?

Joan den urtean 210.000 euroko defizita egin zen, eta aprobetxatuko dut nire aurretik egon direnei eskertzeko, izan zutelako aurreikuspena diru asko egon denean, pixka bat gure poltsa betetzeko. Probisioak gordez joan dira instituzioa sendotzeko, eta oso ondo etortzen ari zaigu hori; iaz hori izan ez bagenu, kolokan jarriko zen instituzioaren jarraipena. 2013rako diru iturri publikoak mahai gainean ditugu jada, eta ireki ditugu bi diru iturri berri, zailak. Enpresetara jotzen ari gara, baita bazkideen ekarpen berezietara ere. Enpresetatik planteatu dugu helburu bezala ea 100.000 euro lortzen dugun, zaila. Eta bazkideen kuotek 100.000 bat euro egiten dute. Planteatu dugu ekarpen horiek eskatuta ea 130.000ra igotzen garen, zaila. Hori horrela, beste fronte bat dugu, proiektuka finantzatzea. Askoz konplexuagoa da hori, eta ea lurrikara txiki hau pasatzen dugun, eta hori ere lantzen hasten garen. Orain arte egin da hori, baina berriro indartu nahi dugu. Aurreikuspen horiekin, helburutzat jarri dugu 2013an gutxienez aurrekontua berdintzea. Horretarako 350.000 eta 400.000 tarteko kostuak murriztu behar. Aztertu ditugu ditugun kostuak eta guraizeak sartzen hasi gara. Eta ezinbestekoa denez, pertsonak kaleratu beharra planteatu dugu, minimoak, zazpi pertsona. Ikus dezagun diru iturri berriak lantzeak zer ematen digun. Gerta liteke urte bukaeran hori ondo ez joatea, eta berriro ere murriztu beharko dugu. Funda- zioak ere baditugu. Denon artean 50 lanpostu dauzkagu, orain 43. EIn lehen 23 ginen eta orain 16 gelditu gara. Gipuzkoako programa horren mozketarekin ere, Euskomediarentzat adibidez 130.000 euro gutxiago daude. Ez daukate hainbesteko dependentziarik administrazio publikoarekin, baina hor ere arriskuak ditugu, jende gehiago kaleratu behar izatea. Lanpostu horiek mantentzeko aukera badago, produktuak merkatuan sal daitezke. Beste erronka bat da. Auñamendiri ere Kutxak emandako laguntza moztu egin zaio.

Fundazio hauek independenteak dira ala EIk hartzen ditu erabakiak?

Independenteak gauza batzuetarako, asunto operatiboetarako, baina ez lotura estrategikoetarako. Bestalde, bezero-hornitzaile harremana dago Euskomediarekin. EIk lan batzuk azpikontratatzen dizkio. Momentuz ez dugu hori egingo, baina gerta liteke EIk merkatuan ikusten badu beste hornitzaile bat hobea edo merkeagoa, horiengana jotzea. Paternalismoa oso txarra da beraientzat.

Bestelako murrizketarik?

Auñamendiri ere aurrekontua murriztu zaio. Bere erritmoa ere geldotu egingo du. Auñamendik behintzat badu Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat lau urterako. Minimo hori behintzat ziurtatuta dauka datozen hiru urteetan, bat jan diogu jada. Baina Kutxako laguntza inportantea bazuen eta zeron gelditu da. Boluntario efektua ere hor dago. EIren indarra ere bada militantzia, eta EI berri horrek boluntario lanean gehiago oinarritu beharko du. Batzorde Iraunkorrean proposatu nuen eta forma eman behar diogu `bazkide boluntario kontratatu' kontzeptuari. Diru gutxiago dago eta erakunde potente bat izan nahi badugu, egin beharra dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo