GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Sukalde gehiago, mahaiekin!

Klima aldaketa hortxe da, krisi ofizialak bazter utzi badu ere. Zalantza asko izan badira aldaketa horren gainean, hala ere. Horra, beroketa globalarekin lotu izan da, baina bai zera!. Begira Norvegian gertatu berria, eragileen arteko balizko negoziazioaren mahaian giroa zer eta hoztu! Hortaz, klimax aldaketa. Itxura batean, sukaldean bertan ere hotz! Sutegietan hauspo eskasa, edo. Hurrengorik balitz Azoreetan izan dadila, edo Afrikan, hor behintzat bero gehiago izaten dute sukaldeetako mahaietan; mahairik balego sikiera. Eta, batek daki!, misiolari euskaldunen batek egin lezake hauspoarena!. Tira, klimatik eguraldira!. Gurean eguraldiak ez du ardura, aste santuan bertan ere ez. Ardura duena eguraldiaren mapa bera da. Mapa horrek adierazten omen du ondoen klima politikoaren nondik norakoa. Nafarroako gobernuzaleak deprimitu egiten dira mapa ikustearekin batera, eta borraska heltzen zaienean depresio hori mendebaldeko lurraldeetan sortua delako sinesmena dute, aste santuan direnez gero. Aitaren, semenaren eta espiritu santuaren izenean! Amen. Zenbat zorigaitz ekarri duen elizak klimara!. Ez nau harritzen batzuetan hodeiek ura askatzeari uko egiteak, pentsatzea ere lurrera jausiko dela!.

Bada bai, batzuentzat eguraldi mapa dena beste batzuentzat egurraldi mapa da. Egurra ikusten dute nonahi, basorik ez dagoenean ere. Tartakadak ere ikusten dituzte zerura begira paratuta. Eta zer? Irudimena agintari!. Iraken zapata eta Nafarroan tarta, hauxe zalaparta!. Hortaz, Viva Zapata!. Hau kolpea gero! tarta kontuetan gehiago gozatzen du tarta bidaltzaileak jasotzaileak baino!. On egin diezaiela, zertarako bota bestela!. Sukalde gehiago balego Nafarroan seguru tarta gutxiago!. Eta bai, gero eta gutxiago daude, baina sukaldeak, ospitale publikoetan behintzat. Ama, ama! azpikontrata bat hartuko balute bederen sukaldeetan negoziatzeko, gaitzerdi!.

Aberri Eguna! Ahaztuta nengoen, badakizu, Vatikanoko korralitoarekin... Eta egun honetan nork berea, usadioari jarraituz. Jelkideek printzipio etikoetatik abiatuta gura ei dute aberria eraiki. Tira, ondo dago. Baina begira eta begira egon naiz euren letra txikerrean eta ez dut inon argitu neure zalantza: printzipioa hori izanda ere zein dute finala?. Eraikitzeko, ibilbide-orria behar da. Eta hauspoak!.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo