Sarako Idazleen Biltzarrean, argitaletxeek literatura berritasunak aurkeztuko dituzte
Sarako Idazleen Biltzarraren 30. edizioa ospatuko da bihar herriko kiroldegian. Urtero gero eta idazle gehiagoren parte hartzea izaten duen biltzarrak «heldutasunaren adinean ezinbesteko hitzordu kulturala bilakatu» dela adierazi zuten antolatzaileek. Gomita berezi bat izanen da goizean, Bernardo Atxaga idazlearekin mintzaldi eta solasaldiaren arteko ekitaldia, hain zuzen. Argitaletxeek berritasunak aurkezteko aprobetxatuko dute aukera beste behin.
KAZETA.INFO
Gatuzainek Paxkal Bourgoinen «Dogomuso neska tiki» marrazki liburua eramanen du. Maiatzek Gerard Urrutia, Mailuix Legorburu, Pierre Mestrot eta Mattin Etchamendyren argitalpenak aurkeztuko ditu. Euskaltzaindiak Txomin Peillen, Jean-Louis Davant eta Gratien Ademaren lanak emanen ditu agerian. Elkarrek Janbattitt Dirassarren «Bele Xuriak» aurkeztuko du. Aldi berean, Daniel Landarten «Enbataren zirimolan» eta Peio eta Jon Etcheverry-Aincharten «Le mouvement Enbata» liburuak ere aurkeztuko ditu mugimendu abertzalearen sorrera ikusi zuen Aberri Egunarekin ere bat eginez.
Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten ekimenak 30 urteurrena ospatuko du. «Biltzarraren lehen edizioa antolatu nahi izan nuenean, 1983an, hasteko hiru pertsona deitu nituen: Eugene Goyenetche, Pierre Lafitte eta Jean Haritschelhar. 30. edizio honetan 130 idazle izanen dira», azaldu zuen Jean-Michel Garate arduradunak.
Biltzarraren lehen edizioan janeko izan zen idazleari sari berezia eskainiko diote. Euskal Herriko kultur munduan pertsona garrantzitsua eta Euskaltzaindiaren presidente ohia izan den Jean Haritschelhar omenduko dute Saran eguerdian.
Biltzarreko aspaldiko partaidea den Eusko Ikaskuntzak urtero legez bere bekak esleituko ditu doktoregoko ikerlana Euskal Herriari buruz egiten ari diren hirugarren zikloko ikasleen artean. Eusko Ikaskuntzako Jean-Claude Larrondek azken urteetako bilana eginez euskararen garapena aipatu zuen: «Geroz eta burtsa gehiago ematen ditugu euskaraz egin lanendako». Programan lehendabiziko ekimena den beka banaketa, eta horren ondoren, Euskaltzaindiak argitaratutako liburuen aurkezpena eginen da. Eta jarraian, 11.15ean, Bernardo Atxagaren mintzaldia izanen da.
Euskaltzaindia
Euskaltzaindiak Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin argitaratu dituen hiru liburu aurkeztuko ditu. «Jon Mirande, olerkaria» lanean Txomin Peillenek bildu dituen berrogeita bi olerki agertzen dira, frantsesez eta euskaraz. Jean-Louis Davantek «Antoine d´Abbadie, Abbadiaz» argitalpenean, izenak dioen bezala, XIX. mendeko pertsonaia harrigarriari buruzko azterketa bat egiten du. Astronomo, zientzialari edo esploratzailea izateaz gain, Euskal Herria beti izan zuen gogoan, eta bizilekua Hendaian finkatu ondoren, euskal kulturgintzaren bultzatzaile handia izan zen, besteak beste, lore jokoak antolatu eta sustatuz.
«Gaineratekoen bilduma» Henri Duhauk Gratien Adema Zaldubiri eskainitako zazpigarren eta azken liburukia da. Argitalpen honetan, bada eskuz idatzizko zati bat; gehienak, hala ere, bera bizi zela eta hil ondorengo urteetan argitaratutakoak dira, bai «Eskualduna» kazetan (1887-1903 eta 1908- 1944), baita «Eskualdun Ona» astekarian ere (1904tik 1907ra).
Arratsaldeko hiruretatik aitzina hainbat libururen aurkezpena eginen da. Horien artean da Elkarrek argitaratu duen Janbattitt Dirassarren «Bele xuriak». Idazle eta kazetariak liburuan agertzen diren oroitzapenak eta gogoetak aipatuko ditu. Beleak ez baitira denak beltzak, beti buruan atxiki dituen oroitzapenak ditu kondatzen, lehengoak eta berrikitakoak ere.
Liburuaren hitzaurrea idatzi duen Mikel Epalza apez eta Dirassarren lagunak dio «zuhurtziaz, filosofiaz eta sinesteaz josita» dagoen liburua dela.