GARA > Idatzia > Kultura

haur eta gazte literatura

Hezkuntza artistikoa

p054_f03.jpg

Asun AGIRIANO

Leo Lionni Amsterdam-en jaio zen 1910ean. Ezkondu, eta urte batzuetan Milanen bizi ondoren, Estatu Batuetan sortu zuen obra nagusia. Mundu osoko adituek txalotutako 40 liburutik gora idatzi zituen, eta 1999. urtean Italian zendu zen.

Album ilustratu modernoen «gurasotzat» hartu izan da Lionni. Beraren ipuinak ditugu Igeritz arrainarena -1964an Caldecott Medal saria lortu zuena-, Frederick sagutxoaren alegi modernoa, eta Munduko etxerik handiena. Liburu gehienetan nabarmena da alde artistikoak edo grafismoak duen garrantzia. Ipuina zabaldu orduko, collage eta pintura batuz, egileak sortu dituen sagutxo bitxi eta irudi koloretsuek arreta eskatuko digute.

«Matiasen ametsa» kontakizunean sagu protagonistak erantzuten dio handi egiten denean zer izan nahi duen galderari. Lionni berak ere, txiki-txikitatik, garbi jakin izan zuen margolaria izan nahi zuela, familian margolaritza-zale handiak zeudelako. Egun, galeria askotan ikus daitezke bere obrak, eta berak dio: «Nolabait, nonbait, arteak haurtzaroko sentimenduak adierazten ditu beti». Eskultore, diseinatzaile, margolari eta ilustratzaile gisa egindako merituengatik Arte Grafikoen Amerikar Institutuaren Urrezko Domina jaso zuen 1984an. Lionnik nahiko lioke haurrari transmititu indarra eta kemena sen artistikoa garatzeko, zoragarria dela amets bati kasu egitea eta hunkitu zaituen lehenengo esperientziari jarraitzea, bizitzan harridurarik ez galtzeko, eta mundua ikusteko. Alegia, Matiasek berak ipuinean dioen moduan, adurra dariola, margolan baten aurrean: «Mundu osoa dago hemen».

Sagutxo protagonisten marrazkiek collage bat osatzen dute, adibidez, zimurtutako egunkariak agertzen dira ganbarako Matiasen txokoan. Irakaslearekin sagu ikasleak museoa bisitatzera doazenean ikusten dituzten margolanek keinuak egiten dizkiete zenbait pintura-estilo eta artista ezaguni. Ikusiko dituzten koadroetan margolaritza-estiloak antzemango ditugu: klasikoa, abstraktua, Moneten inpresionismoa, Picassoren kubismoa, Miró... Begirada azkar batean, irudi sinpleak dirudite, baina haurra berehala jabetzen da ipuinean kolore orban jostariek duten pisuaz.

Matias saguak, ganbara zikin eta triste batean bizi arren, bizitzan zer bide egingo duen jakingo du margoen magiari esker. Arteak eguneroko errealitate tristea aldatzeko ahalmena duela ezagutuko du. Ipuinak ez du baina, irakaspen moralik ematen; bizitzaren alegia besterik ez da eta, haurraren begiradatik, ametsak indartsuak izan daitezkeela eta lortzeko saiatu beharra dagoela erakusten du. Zentzu honetan, estimulagarria eta pizgarria da, eta, horregatik, liburu gomendagarria.

Album ilustratu zoragarri honekin berdintsu disfrutatuko dute haurrek zein helduek. Sentsibilitate berezia du istorioak, eta hitzen kutsu poetikoak edozein irakurleren arima konkistatuko du. Leo Lionni idazle eta ilustratzailearen ezinbestekotzat hartzen den beste liburua laster izango dugu euskaraz, 1959an kaleratua, Urdin Txiki eta Urdin Hori izenburukoa. Hurrengo batean egingo diogu merezi duen ongietorria haur literaturako klasiko honi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo