GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

GAZE DANBADA

Euri zaparradei eta nekeari irmo eutsi die euskal gazteriak Urduñan

Kanpalekuko lupetzak, hainbat egunetan egindako euriteak, lo egindako ordu apurrak eta bildutako neke guztia. Euskal gazteria geldiaraziko duenik ez dago, Urduñan erakutsi duten bezala. Gazte Danbada 24 ordutan gelditzen ez den organo bat bilakatu da, bizitza dariola azaleko poro guztietatik. Denon gustuetara moldatutako mila aurpegiko fenomenoa, atzean antolakuntzak asteetan zehar egindako izugarrizko lana igartzen delarik.

p008_f02_214x104.jpg

p008_f03_148x128.jpg

p008_f04_097x120.jpg

Mikel PASTOR | URDUÑA

Kazetariak eta idazleak orri zuriaren aurrean blokeatu egiten garela dio herri esaerak. Hasiera nola eman, testua nola garatu eta amaiera bikaina josteko ahalmen eza. Hori baino txarragorik badagoela ikusi dugu Urduñan: gertaera baten aurrean hitzak labur geratzea. Ekimenak narratzailearen teklatuari gainezka egitea. Hori sentitu dezake Gazte Danbadara gerturatzen den orok. Hiru bizitza beharko lirateke jaialdiari darion zuku guztia xurgatu ahal izateko.

Ernai gazte erakundeak antolatutako ekimenak denontzako aukerak eskainiko zituela zioten antolatzaileek aurreko egunetan. Eta errealitateak arrazoia eman die. Egun bakar batean igar daiteke interes ezberdinei erantzuteko alternatiba anitz aurkitu daitezkeela gune guztietan, denak kalitate handikoak eta publikoarentzat ederki moldatuak.

Parrandazaleentzat kontzertu mordoa izan dira hiru gune ezberdinetan. Altxa! guneak, kanpalekutik gertu, talde ezagunenak hartu ditu. Hortik pasatu dira Obrint Pas, Itziarren Semeak, Ze Esatek, The Toy Dolls, Gatibu edo Willis Drummond. Gaur Arkada Social, Troopers, Soziedad Alkoholika, Non Servium eta Iheskide izango dira.

Kontzertuetarako beste bi gune prestatu dira. Astindu!-n, hain ezagunak ez diren taldeak izan dira, eta erantzun bikaina izan dute. Han izan dira Nik Khaos, Cobra, Gose, Matxura edo Solte. Gaur egun potentea izango da frontoiko gunean: 121 Crew, Los Chikos del Maiz edota Bad Sound Systemek joko dute bertan.

Bestelako planek ere tokia izan dute Urduñan. Dozenaka tailer, mahai-inguru, hitzaldi eta agerraldi izan dira egunotan. Nekane Juradok emandako hitzaldiak edota elikadura subiranotasuna jorratzen zuenak sekulako arrakasta izan dute, Alondiga txiki geratu delarik. Bestelako ekimenetan ere erantzuna bikaina izan da, batzuek nekeari ezin eutsiz parte hartu duten arren. Bestelako guneak, Gaztetxea edo Akeita gunea kasu, jendez gainezka egon dira une askotan, Danbadaren izaera anitza berretsiz.

Ekitaldian, oilo-ipurdia

Baina, duda barik, Gazte Danbadaren puntu gorena atzokoa izan zen, gazte ekimenaren ekitaldi nagusian. Animoak bero, bihotzak estu eta malkoak begietan gazteria hunkitu zuen ekitaldi bikaina.

Irati Sienrak zabaldu zuen ekitaldia, Javier Lopez Peñaren sendiari omenaldia eginez. Espainiar eta frantziar estatuek euskal presoei ezartzen dieten kartzela eredu «kriminala» salatu zuen Sienrak, eta galdakoztarraren suak bidea argituko duela gaineratu zuen. Ondoren, Iker Morenok haren omenezko aurreskua dantzatu zuen, eta biek lore eskaintza egin zioten, arrosa gorria jarriz pantailan agertzen zen Lopez Peñaren argazkiaren aurrean.

Ekitaldi politikoari berari dagokionez, lotutako sketxen bidezko formula erabili zuten mezua transmititzeko. Publikoak nahiko ondo erantzun zuen, aldiro aldarrikapen oihu ezberdinak airera botaz.

Nazioarteko ordezkaritzak ere paper garrantzitsua jokatu zuen ekitaldian. Aragoi, Herrialde Katalanak, Asturias, Danimarka eta beste herrialde batzuetako kideek lur eskukada utzi zuten ontzi batean, Ernaiko eta Kurdistango ordezkariek han olibondoa jar dezaten, Palestinarentzat bakea eskatzeko.

Izugarrizko txalo zaparrada artean Periko Solabarria agertu zen gero. Gorputza zaharkituta baina arima inoiz baino gazteago. «Periko, gudari, herria zurekin!» oihu egiten zuten 8.000 eztarri baino gehiagok. Barakaldarrak, bere estilo umoretsu eta alaian, denak hunkitu zituen borrokatzera deitzen zuen diskurtso ederrarekin.

Han bildutako guztiei oilo-ipurdia jartzeraino hunkitu ere, eta segidan, Gotzon Elizburu bozeramailearen txanda heldu zen. Diskurtso sutsu eta energikoan, PP, EAJ, UPN, PSN eta orokorrean, sistema kapitalistaren balio guztiak gogor astindu zituen, publikoaren txalo zaparrada artean. Hemen da Ernai, eta haiek ongi esan bezala: «Gurekin jai duzue!».

nazioarteko bultzada

Urduñan bildu diren nazioarteko elkarte guztien ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Alondigan. Herri zapalduen arteko elkartasunaren beharra nabarmendu zuten, «datorkigun eraso neoliberal basati honi aurre egiteko».

Antolakuntza eta koordinazioa, eraginkortasunaren eredu argia

Gazte Danbadatik pasatu diren guztien ahotan zebilen. Aurtengo edizioko antolakuntza, koordinazioa eta «sukaldeko lana» eredugarria izan da arlo gehienetan. Planifikaziotik hasita, Urduñako kanpoaldean azken txanda burutu duen laguntzaileraino, antolakuntza ederki moldatu da arlo guztietan.

Hasieratik igarri da aurtengo edizioa guztiz prestatuta zegoela, eta prestaketa lana izugarria izan dela. Aurreneko egunean, ordu gutxitan milaka gazte heldu ziren Urduñara, bertan kanpatu nahian. Bi filtro edo kontrolen bitartez, boluntarioek ordena batean bideratu zituzten dendak jarri behar zituztenak, toki arazorik ez sortzeko. Kanpalekuan bertan hainbat esparru zeuden zinten bidez banatuak, bakoitza bere izenarekin (halako topaketak izan diren herrien izenak emanez: Kanbo, Markina, Elorrio, Sara...). Horri esker, han bildutako milaka lagunek kanpatzeko tokirik ez da falta izan, nahiz eta espazioa txiki geratzetik gertu geratu den.

Boluntarioen koordinazioa ere eraginkorra izan da hasiera-hasieratik. Txanda egin behar zuten lagunak Irauli! guneko informazio gunean batu, eta hortik herriko toki guztietara bideratu dituzte, arloko arduradunen bitartez. Txanden aldaketak ere puntualtasunez egin dira, eta hirirako pasabide guztiak kontrolatu izan dituzte momentu oro.

Tiketen bidezko funtzionamenduak, bestalde, nahiko arindu du barretan eta bokaten guneetan ibili direnen lana, ordaintzeko orduan agertu daitezkeen arazoak saihestuz.

Sukaldeko lan hori pentsatu baino gogorragoa izan daiteke askotan. Horren erakuslerik argiena, Danbadan buru-belarri dabiltzan ehun boluntario bereziak dira. Hauen kasuan, txandak ez dira zazpi edo zortzi ordura mugatzen. Lehendabiziko egunean 24 orduak eman behar izan zituzten jo eta su lanean, eta hurrengo egunetan 16 ordu eman dituzte egunero, horrek dakarren gose, logura eta neke guztiari aurre eginez. Bikaina merezi dute guztiek.

Komunikazio taldeak ere ondo baino hobeto bete du bere eginbeharra. Alondigako eraikinean gotortuta, prentsa-oharrak idatzi, sare sozialak eguneratu, antolakuntza lanak koordinatu eta behar zen tokian lagundu dute, denbora errekorrean. Hori gutxi ez eta, komunikabideei izugarri erraztu digute lana.

Gazte Danbadaren ezkutuko aurpegia dira guztiak, erlojuaren barne mekanismoak, dena ondo eta bereziki bere garaian atera dadin. Eskerrik beroenak guztiei.

M.P

Atzoko eta gaurko ahotsak, 25 urteko ibilbidearen omenean

Ikasle Abertzaleak (IA) bere 25. urteurrena ospatzeko ekimena burutu zuen, antolakundetik pasa diren belaunaldi ezberdinetako testigantzekin. Azaitz Garcia, Garbiñe Urra, Aitzol Gandiaga eta Marian Beitialarrangoitiak urte hauetan bizitako esperientziak plazaratu zituzten. Momentu gazi eta goxoa ekitaldi hunkigarria borobiltzeko. M.P

AKEITA GUNEA

Danbadaren txoko berri honek harrera ona izan du. Frontoian kokatua, hitzaldietan parte hartzeko, hitz egiteko edota hain beharrezkoak diren atseden uneak hartzeko egokia izan da. Mobilak kargatzeko gune berria ere bertan kokatu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo