GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Urteurrena

Baskonia Mendi Taldea, mende luze bat mendizaletasuna goxatzen

Pasa den martxoaren 14an, Basauriko mendi taldeak ehun urte bete zituen. Bere ibilbide luzean, besteak beste, azpimarratzekoa da Elgetako batzar historikoan hartu zuela parte. Ekitaldi ugari ospatzen ari da.

p041_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

100 urte, horiexek dira Basauriko Baskonia Mendi Taldeak bete dituenak. Erraza da mende bat aipatzea; askoz zailagoa, ordea, ibilbide luze hori egitea. Eta, kontuan hartzen badugu mendi talde bat dela, bada, askoz ere gehiago. Beraz, inolako zalantzarik gabe, Basauriko mendizaletasuna bultzatu eta goxatu dutenen lana nabarmentzekoa eta txalotzekoa da.

Ibilbide luze eta oparoa izan du Baskoniak, eta, jakina, denetarik bizi izan du. Lehen data historikoa: 1913. urteko martxoaren 14a da. Egun horretan mendi taldeak lehen urratsa egin zuen. Ricardo Ibarrondok gidatutako talde batek kirol kolore ezberdineko ekimen bati hasiera eman zion. Ekimen horrek bere baitan, besteak beste, futbola, mendia, atletismoa eta igeriketa jaso zituen.

Azpimarratzeko beste pasarte bat 1924. urtekoa dugu. Maiatzaren 18an, Elgetan, Euskal Herriko Federazioa sortu zuen batzar historikoa egin zen, eta bultzatzailetariko bat Baskonia bera izan zen. Gainera, sortzaileetarikoen artean gaur egun lanean jarraitzen duten bost mendi taldeetariko bat da.

Ondoren, garai ilunak bizi izan zituen, batez ere, gerra zibilak eragindakoak. Baina argia ere iritsi zen, eta 1953. urtean, Malmasineko gailurrean, beteranoek zein belaunaldi berriek osatutako talde batek norabide berri batean jarri zuten Baskonia.

Mendi talde guztiei gertatu zaien bezala, gorabehera batzuk pasa behar izan baditu ere, basauriarren mendi taldeak 100 urte betetzea lortu du. Euskal Herriko mendiak izan ditu ardatz, baina mundu zabalera ere eraman ditu bere bazkideak eta lagunak: Alpeak, Andeak, Himalaia...

Ospakizunak

Mende bat mendiari lotuta jardun du Baskonia Mendi Taldeak. Arestian aipatu legez, denetarik bizitzea tokatu zaio, baina ehungarren urteurren honekin ospakizunek erabateko protagonismoa hartu dute.

Jakina, asko dute ospatzeko, eta data historikoa iritsi baino lehen hasi dira ekitaldiak egiten. Joan den otsailaren 8an, adibidez, egitarau ofiziala aurkeztu zuten. Argazki erakusketarekin batera, mendi taldeak izan dituen lehendakariak (bizirik daudenak) omendu ditu.

Ezin ahaztu ere, otsailaren 15ean, Basaurin bertan, mendi talde honek Euskal Mendizale Federazioaren Gala antolatu zuela. Beste gala bat ere egin berri du. Martxoaren 16an izan zen, Baskoniako Futbol Taldearekin batera.

Ospakizunen zerrenda luzea denez, urtean zehar beste ekitaldi batzuk egingo ditu. Egiten ari denen artean, besteak beste, Euskal Herriko mendi guztiak igotzea. Ibilbide luzeen martxak ere ez ditu albora utziko, eta bai nagusientzat bai gazteentzat hainbat antolatu ditu.

Horixe da era labur batean Baskonia Mendi Taldearen ospakizunen zerrenda. Ehun urte. Mende bat, historia eginez. Zorionak eta urte askotarako!

mendeurrena

Baskonia Mendi Taldeak lehen urratsa egin zuenetik mende bat pasa da. Urteurren hau ospatzeko urtean zehar makina bat ekitaldi egiten ari da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo