BWWT itzulia 2012/2013: Probarik irabazi gabe, baina txapeldun atera da Greg Long
Munduko olatu handien itzulia amaitu da. Bost probetatik hiru baino ezin izan dira egin, eta beraz, puntu gehien bildu duen lehiakidea suertatu da garaile, Greg Long. Hastear den itzulian berriz, euskaldun bat izango da, inoiz parte hartu duen gazteena, Natxo Gonzalez.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Olatu handien munduko itzulia amaitu da, eta Greg Long kaliforniarrak irabazi du 2012/2013 sasoiko txapela. Aurtengoan, Big Wave World Tour (BWWT) itzulia osatzen duten bost txapelketetatik hiru baino ez dira egin, eta irabazleak lehiaketa bat bera irabazi ez badu ere, puntu gehien biltzea lortu du.
Zirkuituko lehen txapelketa, iazko udaberrian Txilen egitekoa zena, bertan behera geratu zen gutxieneko itsaski faltagatik. Bigarrena, abuztuaren 14an izan zen Perun, Pico Alto eskuin olatuan eta Carlos Burle brasildarra izan zen irabazlea. Hirugarrena, pasa den urtarrilaren 20an egin zuten Kaliforniako Maverick's eskuin olatu famatuan, eta Peter Mel, bertako surflaria izan zen garaile.
Jarraian, handik ez oso urrun, Kalifornian bertan izan zen itzuliko laugarren geldialdia, Oregonen dagoen eskuin olatu batean, Nelscott Reef. Irabazlea Jamie Sterling hawaiiarra izan zen.
Horren ostean, itzulia amaitzeko txapelketa bakarra falta zen. Kalifornia Beherean dagoen Todos los Santos olatu beldurgarrian egin behar zena. Txapelketa honen itxaronaldi epea martxoa hastearekin amaitu zen, eta gutxieneko itsaskirik izan ez zenez, berriz ere, hirugarren urtez jarraian, bertan behera utzi zuten txapelketa.
Gauzak horrela, lehiakideen artean puntu gehien bildu dituenari zegokion txapela, eta lehiakide hori Greg Long izan da.
Itzulian txapelketarik irabazi ez arren, emaitza orokorrak oso onak egin ditu kaliforniarrak. Perun bigarren postua eskuratu zuen, Maverick'sen hirugarrena, eta Nelscott Reefeko txapelketan bigarren postua eskuratu zuen.
Itzulia amaituta, guztira, 2.155,5 puntu biltzea lortu zuen Longek; beraz, bigarren lehiakideari ia mila puntuko aldea atera zion. Bere atzetik, aurtengo itzulian bigarren postua eskuratu duen lehiakidea Jamie Sterlin izan da, 1.160,75 punturekin. Hirugarren, Carlos Burle 1.150 punturekin. Eta laugarren, Peter Mel, iazko itzuliko irabazlea, 1.148,75 punturekin.
San Clementeko (Kalifornia) surflaria da. Oso ezaguna eta errespetatua da olatu handien eremuan. Izan ere, 28 urterekin itzelezko emaitzak bilduak ditu, eta iaz «munduko olatu handietako surflari gazte onena» izendatu zuten.
Olatu handietan ateratako irudi esanguratsu askotako protagonista ere bada Greg Long. Itsasgizonaren Saria eskaini zioten iaz, uretatik kanpo egiten duen lanagatik. Hain zuzen ere, itsasoaren eta ingurumenaren babesarekin zerikusia duten Surfrider, Save the Waves, Wildcoast eta The San Onofre Foundation elkarteetan egiten duen lana saritu zuten.
Greg Long munduko olatu handietako txapelketa garrantzitsu guztietara gonbidatu duten surflari bakanetakoa da, eta emaitza esanguratsu asko bildu ditu gainera.
2003an Red Bullek antolatzen duen olatu handien txapelketa ezaguna irabazi zuen Afrikan. 2008an Maverick´sen irabazi zuen txapela. 2009an, Eddie Aikauren omenez Waimean egiten den txapelketa irabazi zuen, olatu handien zale den edozeinen ametsetako koroa.
Aurten berak hitz egin zuen Eddie Aikau Txapelketako irekiera zeremonian: «Nire begietara, ez da txapelketa bat», esan zuen, «Eddie Aikauk utzitako ondarea ospatzen dugu. Munduko pertsona zorionekoenak gara, egiten duguna egin ahal dugulako, eta olatu handietako surflarien familia handi honetako parte garelako».
Baina aurtengoa urte berezia izan da Longentzat. Lehenik eta behin Puerto Escondidon hartu zuen olatu bati esker «Surfline's Wave of The Summer» titulua eskuratu zuen, gero Jawsen (Maui) surfaren historian egin den tuborik handienetako bat egin zuen eta urtea amaitzeko ia bizia galdu zuen istripua izan zuen Cortes Banken.
Iazko abenduaren 21ean izan zen istripua. Zainketa Intentsiboetako Unitatean izan zen egun batez. Ordutik San Clementeko bere etxetik gehiegi urrundu gabe aritu da surfean.
Sari banaketan aurtengo urteak beretzat izan duen garrantzia azpimarratu zuen: «Nire bizitzako urterik esanguratsuena izan da. Zorionekoa naiz munduan zehar eta lagun artean itzelezko surf saioak egin ahal izan ditudalako. Nire eskerrik beroena eskaini nahi diot esperientzia hau nirekin partekatu duen orori».
Aurtengoan gainera, lehen aldiz euskaldun batek partu hartu ahal izan du olatu handien munduko txapelketa batean. Adur Letamendia zarauztarrak bigarren postua eskuratu zuen pasa den urtarrilean Galean egin zen txapelketan, eta horri esker Nelscott Reef txapelketan parte hartzeko gonbidapena eskuratu zuen.
Txapelketa hartan irabazi zuen Natxo Gonzalez hamazazpi urteko gazteak ere datorren urteko itzuliko txapelketa batean parte hartzeko postua irabazi zuen; beraz, datorren urtean ere euskaldun batek parte hartuko du, eta orain artean parte hartu duen lehiakide gazteena izango da gainera.
2013/2014 sasoiko olatu handien munduko itzulia datorren hilean bertan has daiteke, Txilen. Apirilaren 15ean irekiko da itxaronaldi epea eta behar adinako itsaski bat sartzen bada, han izango da sopelar gaztea, Greg Long bezalako surflariekin lehian.