GARA > Idatzia > Kultura

Gure haurtzaroko txotxongiloak, oraingo umeek goza ditzaten

Oroitzen dut eskolan txotxongilo saio bat ikusi genuela. Ipuinaren nondik norakoak ez ditut gogoan, baina bai pertsonaia nagusia nor zen: Erreka Mari, ile urdineko panpina irribarretsua. Ni baino zaharragoek ere ezagutuko dute, baita gaur egungo haurrek ere.

p047_f03.jpg

Nagore BELASTEGI

Manolo Gomezek eta Enkarni Genuak duela 42 urte jarri zuten martxan Txotxongillo Taldea, eta denbora horretan guztiok oroimenean gordetzen ditugun hainbat eta hainbat pertsonaia sortu dituzte. Gehienak ikus ditzakegu Tolosako Topic nazioarteko txotxongilo zentroan jarri duten erakusketan. «Erakusketa antologikoa egitea eskaini ziguten eta guri okurritu zitzaigun txotxongiloen erakusketa baino, txotxongiloak eta euren giroa erakutsiko genituela. Oso desberdina da apal batean jartzea edo beraien testuinguruan, lagunez inguratuta», kontatu zigun Enkarni Genuak, panpinez bere bizitzaren parte balira bezala hitz egiten. Txotxongillo Taldeak egiten zuen Euskal Herrian haurrentzat euskaraz zegoen ikuskizun bakarra. Ez zegoen ez telebistarik, ez pailazorik (ondoren etorri ziren Kixki, Mixki eta Kaxkamelon) eta txikiek ezin zuten halako aisialdi eskaintzarik euskaraz gozatu. Lehenengo ikuskizuna kasualitatez egin zuten, talde bat sortzeko inolako intentziorik gabe, baina ahoz aho ibili zen, eta jada lau hamarkada baino gehiago darama bikoteak panpinei ahotsa eta bizia ematen. «Guri betidanik gustatu izan zaigu antzerkia egitea. Bestalde, gu geu gurasoak gara, eta gure haurrak ikastolara zihoazen; orduan, emanalditxo bat egin genuen Jakintza ikastolan, Grosen, gure auzoan. Emanaldi sinplea izan zen, egun horretarako prestatua, euskaraz. Berehala zabaldu zen berria eta propagandarik gabe jendea enteratu egin zen. Pixkanaka hainbat herritan emanaldiak egiten hasi ginen, jendeak emandako bultzadari esker», azaldu zuen Genuak.

Topic zentroak urtero hiruzpalau behin-behineko erakusketa prestatzen ditu, baina krisia dela-eta, aurten bi egingo dituzte. Horietako bat da Txotxongillo Taldearen inguruan prestatutakoa. Luzaroan zabalik izango denez eta uda tartean harrapatzen duenez, jendeari ahalik eta hoberen gerturatzen saiatuko dira. Horretarako, Enkarni Genua bera izango da bisita gidatuak egingo dituena hilabete bakoitzeko lehenengo ostiral eta larunbatetan 18.30ean. Txotxongilogileak berak zehaztu bezala, «talde bat osatuz gero museoarekin kontsultatu dezala, eta ahal badut joango naiz. Ekainaren 8an, ordea, ez naiz izango, Erreka Mariren emanaldia egingo dugulako Topicen».

Erreka Mari da Enkarni eta Manoloren txotxongilorik kuttunena, baita euren emanaldiak ikusi dituztenena ere. 35 urte daramate emanaldi hori eskaintzen eta haurren jarrera berdina omen da. «Haurtzaroa murriztu egin da, lehen haurrek 12 urtera arte gustura ikusten zituzten txotxongiloak eta gure pertsonaiekin identifikatzen ziren. Orain 10 urterekin edo lehenago ez zaie hainbeste interesatzen. Txikienen erantzuna, berriz, berdin-berdina da», baieztatu zuen Genuak. Oraingoz erretiratzeko asmorik ez duela ere azaldu zuen: «Ez dut egun bat jarri, bizitzak aginduko du non, nola eta zergatik utzi. Bitartean ni oso eroso sentitzen naiz». Hala ere, badaki egunen batean lana utzi beharko duela eta pena ematen dio Erreka Mariren bizitza bertan etetea. Horregatik, badago beste txotxongilogile bat, Rosa Maria Martinez, Txotxongillo Taldearen hainbat ipuin taularatzen dituena, batez ere Bizkaian. «Ni hilko naiz, baina Erreka Mari ez!», bota zuen alai.

Erreka Marirekin batera beste hamaika ipuinek osatzen dute Tolosan ikusgai den erakusketa, bakoitza bere eszenografia eta laguntxo guztiekin. «Guk sortu ditugun ipuin guztiak daude; Ipurtargi, Itsasminez, El retablo de Maese Pedro, Elurrezko panpina, Printze txikia... lagunak harritu egiten dira denak gordetzen ditugula ikustean». Baina gehien harritzen direnak euren txotxongiloekin hazi zirenak dira, egun aiton-amona edo guraso bihurtuta. «Eskutitz bat jaso nuen, ama batena, esanez desiratzen zegoela bere alabak Erreka Mari ezagutzeko eta Tolosara joango direla ikustera», esan zuen. Guztion bihotzetan txoko bat egin duten panpinen egileek merezi dute, beraz, Donostiak eman zien Hiritartasun Domina edo Topiceko Ohorezko Lagunen izendapena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo