GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Ardura politikoa

 

Gudari bat hil da. Pausatu dela erran dute. Frantses prentsak poliziak leporatzen ziona eta gehiago aipatu du. Egia eta gezurra dena nahasirik, propaganda eta pozoia hedatzea da helburua, Euskal Herriaren aurka gerlan dagoen Estatuarentzat. Poliziak leporatzen diona aipatzen dute, ez dute erraten bere familiari gertatutakoa gorde diotela. Prentsak Barne Ministerioaren araudiak errespetatzen baititu soilik, hau da informazio iturri nagusia euskal gatazkari doakionez. Jende gutxik ezagutzen zuen bizi osoa gure herriaren alde jarria zuen militantea. Batzuk gogoratzen dira nola gazte-gazte zelarik jadanik gure herriaren askatasuna zuen gogoan. Gehienok 2008an ezagutu genuen telebistaren bitartez, frantses poliziak gustura eramaten dituen sarekada horietako baten bitartez. Geroztik frantses ziegetan atxiki zuten, familiatik urrun. Hamar egunetan hil da.

Frantses presondegi batean egindako osasun ebaluazio baten ondotik egindako urratsen emaitza euskal militantearen heriotza! Frantses gobernuaren politika zapaltzaileak du horren ardura. Ukapena da frantses errepublikako alderdi zentralisten jarrera. Ukapena da egoera hau ekarri diguna!

Alderdi sozialistako tokiko hautetsiek agiririk aterako al dute errateko Parisek presoen bizi baldintzetan hobetzeak ekarri behar lituzkeela? Zergatik ez? Borondate onaren seinalea litzateke, alderdiarekiko kontraesan gehiegirik sortu gabe eta hauteskundeen bezperan horrelako keinua zitekeen! Zinismo hutsa litzateke, harrigarria izan gabe alderdi sozialistaren aldetik. Ondoko egunek horren berri emanen digute. Logika horretan, «Front de gauche»-eko hautetsi batek erraten zigun, ahoan bilorik gabe, eta bere buruaz oso segur, Estatu frantsesean gatazkarik ez dagoela, hau ETA eta Espai- niako Estatuaren arteko gatazka dela. Alegia hemen gatazkarik ez dagoela errepikatu behar da, dena Hegoaldeko problematika dela sinetsarazi! Burujabetzaren aldeko aldarrikapena ezabatzeko, horren alde militante askok beren bizia jarri dutela inongo onura pertsonalik lortu gabe gutxiesteko nahia ikusten zaie.

Frantses alderdientzat, abertzaleen artean, askapen mugimendua, burujabetza eta independentzia goraipa dezakegu. Haatik, politika egiteko unean hemen, politikaz dakitenen artean kolektibitatea, hizkuntzen Europako karta landuko dituzte, Parisekin hitz eginen dute, gai seriosak alegia. Haientzat Parisekiko haustura ezin pentsatua da! Alta, hau da gertatuko dena!

Une bortitzak dira, presoentzat, presoak dauzkaten familiar guztientzat, militante guztientzat, asko eskaini eta gutxi bildu. Gauza asko zalantzan emateko tentazioa. Bereziki gazte jendearentzat, odol beroa den garaian. Haatik, sekula baino pina tinkoagoa behar dugu, gure kontra baliabide guztiak erabiltzen dituen Estatuaren aurrean, independentziaren gure aldarrikapena ozenagoa izanen da.

Hollande, Valls, Taubirak euskal militante baten heriotza ekarri digute bake bidean, ardura politiko osoarekin. Baina, ba al dakite ardura politikoa zer den, estatu arrazoia delarik edozein bortizkeria justifikatzen dutenean, preso politiko bat heriotzaraino eramaten dutelarik?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo